Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. IVAPeko eduki orokorrak
 

Gobernua funtzionario guztiei kargu publikoen "Etika eta Gobernu Onaren Kodea"n jasotako balio eta printzipioak zabaltzearen alde

2018.eko irailak 13

  • Gaur goizean Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak aurkeztutako “Gobernuko Etika Publikoko Batzordearen 2017ko Memoria”n jasotako gomendioetako bat da eta Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu aurretik onartuko den Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan sartuko du. 
  • Memoriak, gainera, kargu publikoan jarduteko modua dela eta judizialki ikertzen ari diren pertsonen errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko garrantzia gogorarazten du: 2015etik izan diren 15 salaketa judizialetatik, 2k baino ez dute ikerketa-prozesuan jarraitzen, eta 13 artxibatu egin dira. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Maite Iruretagoiena, IVAPeko Zuzendariak, “Etika eta Gobernu Onaren Kodeari atxikitako pertsonei zuzenduta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako seigarren lan-jardunaldia inauguratu du. Jardunaldien bidez, kargu publikoak betetzen dituztenei prestakuntza emateko aintzindaria den Kode honetan jaso diren balio, printzipio eta portaerak zabaldu eta ezarri nahi dira. Eusko Jaurlaritzak, horrela, aurrera egiten du etika publikoaren arloan administrazio publikoa hobetzeko zabalkunde- eta prestakuntza-programak sustatzeko konpromisoan.

Gaur Lakuan egin den jardunaldian, Manuel Villoria Mendieta Rey Juan Carlos Unibertsitateko katedradunak parte hartu du. “La evaluación de riesgos de integridad en las organizaciones pública” izeneko hitzaldian, erakunde-indarra ebaluatzeko eta herrialde eta erakunde publikoetan integritatea eraikitzeko dauden hutsuneak zehazteko irizpideak aztertu ditu. Horretarako, sistema bat proposatu du, hiru etapatan:

  • Integritatearen ebaluazio nazionala egitea.
  • Erakunde-integritateko sistema diseinatu eta ezarpena ebaluatzea.
  • Ustelkeria-arriskuen ebaluazioa prestatzea, nazio- eta erakunde-sistemen esparruan.

Jardunaldien zikloa IVAPek antolatu du; 2014an hasi zen eta, harrezkero, 6 adituk etikaren eta jokabide onaren inguruan duten ikuspegia eta esperientzia partekatu dute: Carles Ramió Matas, Concepción Campos Acuña, Francisco Longo Martinez, Javier Goma Lanzón eta Victoria Camps Cervera.

MEMORIA 2017

Gaurko jardunaldian, gainera, “Gobernuaren Etika Publikoko Batzordearen 2017ko Memoria” aurkeztu da. 2017an, “Etika Publikoko Batzordeak” 11 akordio hartu ditu. Kasu gehienetan, 8tan, kargu publikodunek beraiek aurkeztu dute idatzia, kontsulta gisara. Beste 3 kasuetan, salaketak jarri ziren  “Etika Publikoko Batzordean” .

Garrantzitsua da nabarmentzea “Etika Publikoko Batzordeak”, oraingoan ere, kargu publikoan jarduteko modua dela eta judizialki ikertzen ari diren pertsonen errugabetasun-presuntzioa errespetatzeko eskatu duela; izan ere, 2017ko Memorian jaso duenez, 2015etik 15 salaketa judizial egon dira Eusko Jaurlaritzako kargu publikoen kontra. Horietatik, 2k baino ez dute ikerketa-prozesuan jarraitzen, eta 13 artxibatu egin dira.

GOMENDIOAK

Azkenik, 2017ko Memorian, “Etika Publikoko Batzordeak” bi gomendio egiten dizkio Eusko Jaurlaritzari:

  • Langile publiko guztiei zabaltzea “Etika eta Gobernu Onaren Kodeak kargu publikodun pertsonentzat ezartzen dituen balio eta printzipioak. Gai hori enplegu publikoaren arloko araudian sartzea proposatzen du. Hala egingo du Eusko Jaurlaritzak prestatzen ari den, eta urtea amaitu aurretik onartuko duen, Euskal Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan arau bat sartuta
  • “Etika eta Gobernu Onaren Kodean pertsonak kargua hartzen duenetik eta kodeari atxikipena sinatzen duenera arteko denboran dagoen hutsunea betetzeko aurreikuspenen bat jasotzea. Gaur egun, 15 egun dituzte atxikitzeko; epe horretan, postulatuak betetzetik salbuetsita daude.

 

 
Lege oharra © 2009 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi, auzolana