Joan edukira

Nor gara

Urria 3, 2016

IVAPeko Administrazio Hizkeraren Atalekoak gara, eta sortu dugun Administrazio hizkera argia blogean zaude. Dokumentuak prestatu edo testuak idazten badituzu, eta eraginkortasunez komunikatu nahi baduzu, gune egokian zaude.

Zertan aritzen gara?

Gure helburua da langile publikoei laguntzea testu eta idazki ulergarriak eta kalitatezkoak egiten, eta, hori lortzeko, honako lan hauek egiten ditugu: idazkiak estandarizatu, eredu sinplifikatuak eskaini, idazteko aholkuak eman (paperean zein modu elektronikoan), eraginkortasunez komunikatzeko gomendioak zehaztu, hizkuntzaren inguruko zalantzak argitu, eta langile publikoak idazten trebatzeko ikastaroak zein materiala sortu, besteak beste.

Horrez gain, gure arloan, Administrazioa Euskaraz aldizkaria argitaratzen dugu. Euskarazko doako aldizkari honek dagoeneko 15.000 harpidedun inguru ditu.

Eta azkenik, Dudanet kontsulta zerbitzua ere aipatu nahi dugu, administrazio- eta lege-arloko hizkerarekin eta terminologiarekin lotutako galderei erantzuteko eskaintzen dugun lineako zerbitzua.

Zertarako blog hau?

Batetik, herritarrei gure lan eta jardueren berri eman nahi diegu; bestetik, kalitatezko komunikazioarekin lotutako edukien biltegi izatea nahi dugu. Edukietako batzuk elebitan argitaratuko ditugu, beste batzuk euskaraz edo gaztelaniaz soilik. Hizkuntza, edukiaren arabera aukeratuko dugu, eduki batzuk hizkuntza baten ala bestearen bereizgarri baitira eta itzulpenak ez luke zentzurik izango.

Euskadi, auzolana