Administrazio hizkera argia

Zortzi baliabide erraz administrazioko testuak ulergarriago egiteko

egilea: Administrazio Hizkera Atala, Urria 3, 2016

Herritarraren eta Administrazioaren arteko harremanetan, komunikazio ona bermatzea ezinbestekoa da. Hala ere, jende askok dio administrazioko idazkiak ez direla behar bezala ulertzen.

Administrazioaren ardura da idazkiak erraztu ahal izateko lanari gogotsu ekitea. Egia esan, badira zenbait baliabide ­sinple eta errazak­ testuak ulergarri egiten laguntzen dutenak. Adibide baten bitartez, horietako zortzi aurkezten dizkizugu.

Eskabide baten atal bat aukeratu dugu, zelan hobetu daitekeen erakutsi ahal izateko.

Aurrena, testuaren ulermena oztopatzen duten elementuak identifikatu ditugu; behin lan hori eginda eta oztopoei erantzuteko irtenbideak bilatuta, proposamen bat sortu dugu atal horretarako.

Zer baliabide erabili ditugu edukia hobeto uler dadin?

1. Paragrafo bakoitzean ideia bat landu dugu:

- Lehenengo paragrafoan, Administrazioak datuak sartuko dituen fitxategiaren ezaugarriak.

- Bigarren paragrafoan, fitxategiaren segurtasunari buruzko informazioa.

- Hirugarren paragrafoan, herritarrak dituen eskubideak baliatzeko jakin beharrekoak. Instrukzio zuzena gehitu dugu hemen, Administrazioarekin harremanetan jartzeko bidea nabarmentzeko.

2. Esaldi labur eta sinpleak erabili ditugu ideiak azaltzeko.

3. Esaldi bakoitzean mezu nagusia aurreratu dugu.

4. Paragrafoen artean tarte zuri gehiago utzi dugu, testuak “arnasa” har dezan.

5. Lehenengo paragrafoa luzeegia denez, bi paragrafotara ekarri dugu duen edukia.

6. Legearen erreferentziak elementu konplexuak izaten dira, oro har. Horregatik, legearen izen luzea testutik atera eta oin-ohar batera eraman dugu.

7. Fitxategiari buruzko datuak era grafikoagoan eman daitezke zerrenda erabiliz gero. Esaldi argi eta deskriptibo baten bitartez aurkeztu dugu zerrenda hori.

8. Beharrezkoak ez diren esaldi zein elementuak ezabatu ditugu.

Gai honetan sakondu nahi baduzu, jo ezazu argitalpen honetara: Administrazioko idazkiak. Eskabidea PDF, 2,47 MB

 

Lege oharra © 2009 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Euskadi, auzolana