Administrazio hizkera argia

Administrazioa Euskaraz aldizkaria

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Dagoeneko ikusgai dago IVAPeko webgunean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 103. zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

 

Edurne Ormazabal Azpiroz (Tolosa, 1963) elkarrizketatu dugu, EiTB taldeko komertzial zuzendaria zena 2018ko urtarrilaren 12an Tabakalerako zuzendari nagusi hautatu zutenean. Lehenago, Euskadi Gaztea irrati katea abiaraztea egokitu zitzaion, baita ere eitb.eus kanal digitala berritzea, EiTBren Nahieran zerbitzua martxan jartzea, eta abar. Bestalde, pertsona ezaguna zen Donostia Zinemaldian urte askoan egindako lanarengatik. Tabakaleran hainbat diziplinatako lantaldeak biltzen dituen zuzendaritzaren buru da, lantaldean sineste osoa duen Edurne Ormazabal. Haren esanetan, “Gauza guztien gainetik, aukera bat da Tabakalera. Garai ezberdinetan zenbait erakundek hartutako erabakiek sorrarazi duten aukera paregabea. Egoitza honetan gauden erakunde guztiok helburu edo xede komun bat dugu, gizarte kritikoago bat, sortzaileago bat egitea, edo bide horretan laguntzea. Tabakaleran gauden erakunde guztiok partekatzen dugu xede hori. Eta uste dut gure gizarteari zor diogula. Gizarte parte-hartzaileagoa nahi dugu, erabakietan esku hartzeko prest egongo dena, zernahi gauza irentsiko ez duena, mundua interpretatzeko ikuspegi kritikoa baliatuko duena, kolaboratzaileagoa izango dena… Gure ahaideek auzolanean jarduten zuten, eta, beharbada, guk ere badugu ikastekorik haien lan egiteko modutik”.

Euskalduntzea atalean Desgaitasunetik gaitasunetara” artikulua dugu. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) bost lanpostu betetzeko berariazko deialdia egin zuen desgaitasun intelektuala duten pertsonek enplegu publikoa lortzeko aukera izan zezaten, eta hautagaiei euskara-maila egiaztatzeko aukera eman zitzaien deialdiaren barruan. IVAPek 1. Hizkuntza Eskakizuneko azterketa egokitu zuen aipatu deialdi horretarako, eta izandako esperientzia kontatu digute egokitzapen hori egiten ibili ziren teknikariek.

Gramatikaren atala errotuluen idazkerari eskaini diogu, idazkera-hautu ezberdinen arabera eratu baitaiteke. Gai honi erreparatuz gero, ohartuko gara zenbait erakundetako sail, atal, zerbitzu, bulego, lanpostu eta abarren errotuluak hainbat modutan idatzita daudela. Horietako gehienak zuzen idatzita daude, sintaxi- eta ortografia-arauak kontuan hartuta, baina idazkera-hautu ezberdinen arabera atondu dira. Artikuluan, aukera horietako batzuk azaltzen zaizkigu.

Horiek eta beste hainbat gai interesgarri Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 103. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da).

 

 


 

Lege oharra © 2009 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi, auzolana