Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskara
  4.  
  5. Berariazko hizkuntza prestakuntza
 

Berariazko hizkuntza prestakuntza

ELEBI. Mintegi berezituak

 

2008. urtean  Eusko Jaurlaritzako Trebakuntza Programa ezarri zen. Lau ikasturtez ( 2008-2012) trebatzaile baten gidaritzapean bakarka emandako saioetan gauzatu zen programa; hots, bakarkako prestakuntza izan zen. Horrela bada, tutoretzaren esperientzia bi liburuotan eman genuen argitara: Trebakuntzako eskuliburua eta Trebakuntzako ariketa-liburua.

 

2012ko abenduan  beste urrats bat eman  genuen  eta,  trebakuntzaren ordez, ELEBI jarri genuen abian: Eusko Jaurlaritzako langileen taldekako trebakuntza mintegien bidez, hau da, langileen lanpostuko jardun elebidunerako mintegiak. Programa horren bitartez, antzeko behar komunikatiboak dituzten langileek mintegiak osatu, eta beren funtzioei dagozkien dokumentuak landu dituzte launakako taldeetan.

 

2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak V. Plangintzaldiko Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia ( 2013-2017) onartu zuen. Plangintzaldi horren helburu nagusia da euskara lan hizkuntza bihurtzea. Bestalde, V. Plangintzaldi honetan aplikatu beharreko  derrigortasun indizea aurreko plangintzaldikoa baino handiagoa denez, jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte orokorreko ataletan, euskarazko administrazio atalak eta atal elebidunak izendatu behar izan dira. Atal horietan euskara zerbitzu edota lan hizkuntza dela kontuan hartuta, herri langileek lana euskaraz egiteko behar duten prestakuntza eskura izan behar dute. Horren ondorioz, atal horietako langileei eskatuko zaie zenbait lan-eginkizun euskaraz egiteko eta horretarako ELEBIk laguntza emango die.

 

Horren ildotik, 2014-2015 ikasturtean ELEBIn honako egokitzapen hauek egin dira:

  • Erabilera Planaren eraginpean dauden atal euskaldun eta elebidunetako langileek izango dute lehentasuna, idatzizko dokumentu edo ahozko jarduna euskaraz egiteko benetako beharra baitute.
  • Langile hauek ELEBI mintegietan lau hilabeteko prestakuntza jasoko dute.
  • Behin prestakuntza amaituta, ELEBI mintegiko ikaste prozesuaren eraginkortasuna neurtuko da ikasle bakoitzeko.

Hau guztia kontuan izanda, azken urteotako esperientziaren berri ELEBI Programaren eskuliburuan eman zen.

2015-2016 ikasturtean 13 mintegi sortu dira. Mintegi hauetan  atal euskaldun eta elebidunetako langileek ELEBIren bidez prestakuntza jasoko  dute, helburu hauek dituztela: telefono bidezko harrera landu, lan-bileretan euskara erabiltzeko prestakuntza jaso, prebentzio teknikariek erabiltzen dituzten dokumentuak euskaraz sortu, goi mailako teknikarien proiektuak eta espedienteak euskaraz landu, aniztasunaren gaineko terminologia berria landu etab.

2017ko otsailean beste mintegialdi bati hasiera eman diogu. Mintegialdi hau, besteak bezala, aurreikusitako ekintzetako bat da sailaren erabilera planetan partaide direnei normalizazio prozesuan laguntzeko. Ekintza honi esker, partaideak txosten bateratuak, ebazpenak, gutunak, bilera-deiak, webguneko argitalpenak, telefono-deiak eta aurkezpenak euskaraz sortzen arituko dira lauhileko honetan.

Uda pasatutakoan, irailean 6 mintegi ezberdinek lanerako behar dituzten ebazpen, aurkezpen, eskutitz eredu, zirkular, gutun, mezu elektroniko eta bilera-deiak lantzeari ekin diote.

2018ko otsailean 37 ikaslek hartuko  dute parte ekainera arte iraungo duen mintegialdian. Lau hilabete eta erdi horietan ahozko lan-jardun bera duten langileek telefono bidezko elkarrizketak landuko dituzte administrarien eta herritarren artean informazioa eskatzeko, argibideak emateko, kexak adierazteko edo informazio orokorra trukatzeko eta, horrekin batera, gai bati buruzko lexikoa eta terminologia erabiltzeko estrategiak ere bai. Bestalde, gainontzeko mintegietan prestakuntza jasoko dute dokumentuak itzultzetik euskaraz sortzera pasatzeko.

Irailaren bigarren hamabostaldian 2018-2019ko mintegialdia hasi da, hau da, irailean hasi eta otsailaren erdian  bukatuko dena. Mintegialdi honetan 27 partaidek jasoko dute prestakuntza 6 mintegitan banatuta. Prestakuntza hori berdintasunaren inguruko gaiak lantzera, ebazpen jakin batzuk lantzera, hezkuntzako txostenak lantzera bideratuko da. Horrez gain, beste mintegi batzuetan bestelako ahozko zein idatzizko dokumentuak landuko dituzte, besteak beste, bisiten harrera, telefonozko arreta, e-mailak, bilera-deiak, gutunak ...

 

 

Azken aldaketako data:

Lege oharra © 2009 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi, auzolana