Joan edukira

Aurkezpena

“Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkaria” (ISSN paperezko bertsioan: 2173-6405; ISSN online bertsioan: 2531-2103) 2011n hasi zen argitaratzen giza baliabideak kudeatzeko arloan, antolakuntzakoan eta etengabeko hobekuntzakoan zegoen argitaratze-hutsunea betetzeko asmoz. Eta aldizkari berri hau horretan laguntzera dator; bertan, lekua egin nahi diegu, gure erakunde publikoen eta erakunde horietan lan egiten duten pertsonen lana hobetze aldera, ideiak eman ditzaketen azterketa, ikerketa, proposamen, esperientzia eta lan guztiei, gizarte-zientzien esparruko diziplinen (psikologia, zuzenbidea, politika-zientzia, ekonomia eta soziologia) gaien inguruan. Aldizkaria sei hilabetean behin argitaratuko da (ekainean eta abenduan), baina zenbaki berezi edo monografikoak gaineratu daitezke.

Argitalpen honen Erredakzio Kontseiluak ez du loturarik IVAPen egitura organikoarekin, bere independentzia eta jarduteko askatasuna berma daitezen. Kontseilu hori Valentziako Unibertsitateko José María Peiró Silla katedradun ospetsuak, besteak beste, President of the International Association of Applied Psychology (IAAP) kargua ere izan duenak, zuzentzen du. Arlo publikotik zein pribatutik datozen hainbat lagun ere Kontseiluko kide dira; pertsona horiek eskarmentu handia dute irakaskuntzan eta lan-arloan, argitalpeneko gaiei dagokienez.

Nazioarteko kalitatezko kolaborazio guztietara zabalduta dago, eta 2014tik hona kanpoko Aholku-Kontseilu bikaina du. Bere kideak ikertzaileak eta izen handiko profesionalak dira pertsonen eta erakundeen kudeaketaren esparruarekin zerikusia duten diziplinetan. Euren jakinduria intelektualari esker aldizkariaren kalitate akademiko eta zientifikoa bermatzen dute.

Artikuluak jasotzen ditugu urte osoan zehar. Artikuluak jaso bezain pronto ebaluatzen dira, honako prozedura hau jarraituta: a) artikulua jaso bezain laster, jaso izanaren adierazpena bidaltzen zaio bidaltzaileari, e-postaren bidez; b) aldizkariaren erredakzioak erabakitzen du atzera botatzea (aldizkariak landutako gaietatik haratago doazen lanen kasuan) ala kanpo ebaluazioaren prozesua hastea, eta horren berri ematen dio egileari; c) gaian adituak diren pertsonen ebaluazio anonimoa aplikatzen dio, “itsu-bikoitza” prozedura jarraituta (ebaluazio desegokien kasuan, Erredakzio Kontseiluak testua ebaluatzaile berri bati bidaltzea du); d) eta, azkenik, ebaluatzaileen txostenen arabera, Erredakzio Kontseiluak ondorengo erabakietako bat hartuko du, egileei jakinaraziko zaiena: artikulua onartzeko edo atzera botatzeko behin betiko erabakia. Prozesu guztia batez beste 16 astez luzatzen da, artikulua Idazkaritza Teknikoan (rvgpop@ivap.eus ) jasotzen denetik argitaratzen den arte. Epe hori dirauen bitartean, autoreei eskatzen zaie euren artikulua beste aldizkarietara ez bidaltzea.

Prozesu honek dirauen bitartean idazkaritza teknikoak artikuluaren bertsioen eta euren lanaren egoeraren berri emango dizkie autoreei. Argitalpen-prozesu aren inguruan autoreek informazioa behar badute, idazkaritza teknikoarekin (rvgpop@ivap.eus)) harremanetan jar daitezke.

IVAPen aldizkako argitalpen guztiak biltzen dituen atari hau sortuta, bilaketa-sistema erraz baten bidez, argitaratutako zenbaki eta artikulu guztien kontsulta eta deskarga erraztu nahi da, inolako murrizketarik gabe, “Aldizkarien aurkibidea” eta “Aldizkarien eta edukien kontsulta” fitxetan.

IVAPeko Zuzendaritzak eta Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkariaren Erredakzio Kontseiluak pentsatzen dute tresna horrek argitalpenaren edukiak eskuratzen lagunduko duela eta sarbidea ere bultzatuko dela, eta horrela argitalpena finkatu, aberastu eta erabilgarriagoa bihurtuko den konfiantza osoa dute.

IRIZPIDE IREKIKO POLITIKA ETA EGILE-ESKUBIDEAK

Aldizkari honek berehalako irispide irekian eta testu osoarekin eskaintzen ditu bere edukiak, ikerketaren emaitzetarako irispide librearen politikak ezagutza-trukea maila globalean areagotzen duelako printzipioan oinarrituta. Erabiltzaileek aldizkari honetako artikuluen testu osoak irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu, inprimatu, bilatu edo lotu ditzakete, aurretik editorearen edo egilearen baimenik eskatu gabe. Hori bat dator “Budapest Open Access Initiative” (BOAI) delakoak irispide irekiaz egindako definizioarekin.

IVAPek kontserbatu egiten ditu argitaraturiko lanen ondare-eskubideak (copyright), eta lan horien berrerabilpena baimentzen eta sustatzen du, BY-NC-ND erabilera-lizentziaren pean.

Lanak aldizkariaren edizio elektronikoan argitaratzen dira, Creative Commons-en BY-NC-ND lizentziaren pean. Lanak kopiatu, erabili, zabaldu, transmititu eta erakutsi daitezke, honako baldintza hauek beteta: 1) egiletza eta argitalpenaren jatorrizko iturria aipatzea (aldizkaria, argitaletxea eta lanaren URLa); 2) helburu komertzialetarako ez erabiltzea; 3) erabilera-lizentzia eta berorren espezifikazioak aipatzea.

 

Euskadi, auzolana