Joan edukira

Paragrafoen garrantzia (2)

egilea: Urtzi Barrenetxea, Maiatza 16, 2017

Ideia bakarreko paragrafoak

Ongi eratutako paragrafo gehienak laburrak dira, ideia edo gai bakarra biltzen dute, eta ez dira hiru esalditik gorakoak izaten. Idazteko orduan, paragrafo bakoitza objektu bereizitzat hartu beharko genuke; testuaren komunikazio-funtzioaren baitan helburu jakina daukan unitate legez, ideia nagusi bakarraren eta haren osagarrien bidez eratua.

Paragrafo bakoitzak informazio-eduki ezberdina eman behar dio irakurleari. Gomendio honi jarraitzeko, aztertu zure testuko paragrafoak galdera hauen bidez:

  • Zein da paragrafo bakoitzaren gaia?
  • Zein da bakoitzaren helburua?
  • Zergatik idatzi duzu?

Erantzun bera duten paragrafo bi badituzu, esan daiteke berrikusi beharreko edota ezaba dezakezun edukia daukazula testuan.

Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez, Laguntza Programa bat eratu da Euskadiko enpresa txiki eta ertainei, banako enpresariei eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko. Programaren gehienezko zuzkidura 600 milioikoa da, eta haren helburua da, batetik, kapitalaren zirkulazio-beharrizanei erantzutea, eta, bestetik, zorra berregituratzeko –zorra berritzea epe laburrean edo zorra egokitzea epe ertain zein luzerako.
  • Gaia: programaren onarpena, zuzkidura eta helburua.
  • Helburua: dekretuaren onarpenaren berri ematea eta programaren helburua azaltzea.
  • Idatzi dut, sarrera gisa, gaiari buruzko informazio nagusia azaltzen duelako.
Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko martxoaren 28ko Agindu bidez (EHAA, 2016/04/14), lehen deialdia argitaratu da, enpresak kredituak lortu eta haien finantzen egoera hobetu ahal izateko, baita haien zorra berregituratzeko ere. Gehienezko zuzkidura 300 milioi eurokoa da (300.000.000€), horietariko 280 milioi euro enpresa txiki eta ertainetara bideratuko dira, eta 20 milioi euro banako enpresari eta profesional autonomoetara.
  • Gaia: lehen deialdiaren xehetasunak.
  • Helburua: Programaren helburuak azaltzea eta deialdiaren zuzkiduraren berri ematea.
  • Idatzi dut deialdiaren datu nagusiak azaltzeko interesdunei.
Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15ean hasiko da, Agindua indarrean sartu ondoren, eta 2016ko abenduaren 31ra artekoa da. Lehenago bukatuko da baldin eta programaren gehienezko zuzkidura agortzen bada.
  • Gaia: Eskabideak aurkezteko epea.
  • Helburua: epeari buruzko datuak argi azaltzea, irakurleak argi eduki dezan nola har dezakeen parte prozesuan.
  • Idatzi dut duen balio praktikoagatik.

Hortaz, antolatu paragrafo bakoitza ideia zehatz baten inguruan, zure irakurleek espero duten bezala. Horrez gain, lodiz marka ezazu elementu esanguratsuena, horrela errazago aurkituko baitu informazioa.

Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez, Laguntza Programa bat eratu da Euskadiko enpresa txiki eta ertainei, banako enpresariei eta profesional autonomoei finantza-laguntza emateko. Programaren gehienezko zuzkidura 600 milioikoa da, eta haren helburua da, batetik, kapitalaren zirkulazio-beharrizanei erantzutea, eta, bestetik, zorra berregituratzeko –zorra berritzea epe laburrean edo zorra egokitzea epe ertain zein luzerako.
Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko martxoaren 28ko Agindu bidez (EHAA, 2016/04/14), lehen deialdia argitaratu da. Gehienezko zuzkidura 300 milioi eurokoa da (300.000.000€), horietariko 280 milioi euro enpresa txiki eta ertainetara bideratuko dira, eta 20 milioi euro banako enpresari eta profesional autonomoetara.
Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 15ean hasiko da, Agindua indarrean sartu ondoren, eta 2016ko abenduaren 31ra artekoa da. Lehenago bukatuko da baldin eta programaren gehienezko zuzkidura agortzen bada.

Paragrafoak egoki idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan.

 

Euskadi, auzolana