Joan edukira

IVAPeko liburutegia eta dokumentazio-gunea. Arautegia

Informazio orokorra

IVAPeko liburutegi/dokumentazio gunearen jarduera informazio bibliografikoan oinarritzen da. Honela, informazioa kudeatzen eta hedatzen espezializatuta dago, bereziki IVAPen eskumenekin zerikusia duten ondoko gai hauetan: administrazioa, zuzenbide publikoa, administrazioko langileen hautaketa eta prestakuntza, euskara, itzulpengintza, hirigintza eta ingurumena.

Liburutegia/dokumentazio gunearen helburua da erakundearen berezko jardueretan laguntza ematea. Horretarako funtsak erakundearen esku jartzen dira, hauei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Lehenik, erakundeko langileei ematen zaie liburu-agiriak kontsultatzeko aukera, baina, ahal den neurrian, aukera hori kanpoko jende interesatu orori zabaltzen zaio.

Liburutegi honek bi egoitza ditu: bata, Bilbon, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolan kokatzen da eta, bereziki, hirigintza eta ingurumen-gaietan espezializatuta dago; bestea, Gasteizen, Lakua barruan dago eta gainerako gaiak lantzen ditu.

Bilduma bibliografikoa (liburuak, argitalpen seriatuak eta bestelakoak, hau da, CDROM-ak, bideoak, zintak eta abar) automatizaturik dago, liburutegiak kudeatzeko sistema integratu batekin, eta erabiltzaileen eskura dago, zerbitzu ezberdinen bidez.

Erabiltzaileak

IVAPen liburutegiak hiru erabiltzaile mota ditu:

  • IVAPeko langileak.
  • Autonomia-erkidegoko administrazio orokorreko langileak.
  • Kanpoko erabiltzaileak.

Bilduma

IVAPen liburutegi/dokumentazio guneko bilduma bi egoitzetako material ezberdinek osatzen dute, formatu ezberdinetan: monografiak (liburuak, oro har), aldizkako argitalpenak (aldizkariak), erreferentziako bilduma (entziklopediak, hiztegiak,) bideoak, CDak eta abar.

Bildumaren erreferentziak katalogo automatizatu batean jasotzen dira. Berau Eusko Jaurlaritzako Intraneten eta web orrian kontsulta daiteke.

Zerbitzuak

Liburutegian bertan kontsultatzeko.

Irakurgelan IVAPeko liburutegiko material guztia kontsulta daiteke, bai Gasteizko egoitzakoa bai Bilbokoa. Erreferentziako bilduma zuzenean kontsulta daiteke; gainerako materiala kontsultatzeko, berriz, aurretiaz langile arduradunari eskaera egin behar zaio.

Maileguak

IVAPeko liburutegi/dokumentazio guneko egoitzek, haien premien arabera, ale bakoitzerako mailegu-mota jakin bat zehazten dute.

Mailegu-politika ezberdinak daude, eta haien arabera zehazten dugu zein material, zenbat ale eta zenbat denborarako utziko dugun maileguan, erabiltzaile eta materialaren ezaugarriak eta bestelako gorabehera bereziak kontuan harturik.

Berezia izanik, materialen bat ezin bada nolanahi erabili, baldintza bereziak izango ditu kontsultarako.

IVAPeko liburutegiak liburutegien arteko maileguak ere egiten ditu, bai hartzeko bai uzteko. Hori dela eta, IVAPeko langileek beste erakunde batzuetako liburutegietako materialak ere eska ditzakete gure liburutegian.

Gure egoitzen artean ere mailegu-zerbitzua dago. Hortaz, erabiltzaileek bi egoitzetako bildumak dituzte eskura.

Erreserba

Erabiltzaileek materiala erreserbatzeko aukera dute. Honek esan nahi du, katalogoko obraren bat maileguan utzita baldin badago, aukera dutela material hori bueltatzen denean norbere izenean gordetzea eskatzeko.

Maileguak berritzea

Mailegua berritzeak esan nahi du hartuta dagoen liburu edo materialaren mailegu-epea luzatzea. Mailegua berritzeko aukera dago, beti ere, beste inork ez badu eskatu liburu edo material hori gordetzea.

Erreprografia

Maileguan utzi ezin diren materialetarako, erreprografia-zerbitzua dago.

Informazioa eta erreferentzia

Erabiltzaileari behar duen laguntza eskainiko zaio, eskura dituen zerbitzuen berri emanez. Eskatutako zerbait IVAPeko liburutegi/dokumentazio gunean ez badago, ahal den neurrian, beste liburutegi edo zentroren batean aurkitu eta eskuratzeko informazioa emango zaio.

Katalogoak erabiltzeko argibideak ere ematen dira, liburutegiko bilduma on-line kontsulta ahal izateko.

Informazio eta erreferentzia zerbitzu hau emateko, eskura dauden baliabide guztiak erabiltzen dira, bai liburutegi berarenak bai beste inorenak ere -mailegu, internet edo beste baliabide batzuk bitarteko-.

Arautegi honetan jaso ez den kasu berezirik baldin badago edo ustekaberik gertatzen bada, liburutegiko arduradunak ebatziko ditu.

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana