Joan edukira

Baiezko esaldiak beti argiago

by Administrazio Hizkera Atala, Urria 3, 2016

Ezezko esaldiak ulertzea baiezkoak ulertzea baino %48 gehiago kostatzen zaigu. Zentzu positiboan pentsatzeko ohitura daukagunez, ezezko esaldiek irakurketa oztopatzen digute, baiezkora itzultzeko lana egin behar baitugu.

Kontuan hartzeko ideia iruditzen zaigu; izan ere, irakurle askorentzat administrazioko testuak ulertzeko zailak badira, are zailagoak izan daitezke ezezko esaldiz josita badaude.

Ulermen oztopoak larriagoak dira ezezko bi dituen esaldi baten kasuan. Batak bestea ezeztatzen duenez, adimen ariketa derrigorrezkoa dugu esaldiaren esanahia ezezkotik baiezkora aldatzeko. Irakurtzean, ez zaigu gustatzen testu bateko esaldi bat berrirakurtzea ulertu dugula ziurtatzeko, erritmoa hausten digu.

Desegokia Erroldaturik ez dauden pertsonek ezin izango dute parte hartu etxebizitzak esleitzeko prozesuan.

Esaldi hori honela idatziz gero (baiezkoan, alegia), argiago, ezta?:

Egokia Erroldatutako pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute etxebizitzak esleitzeko prozesuan.

Arreta berezia merezi dute sarritan darabiltzagun hainbat egiturek; besteak beste: izan ezik, salbu, baldin eta, nahiz eta, ezin... Egitura horiek ezezko esanahia daukatenez, saihestu behar dugu ez partikularekin batera esaldi berean idaztea.

Ezezkoen erabilera egokia

Dena dela, ez gabiltza esaten ezezko esaldi guztiak berridatzi behar ditugunik. Badira zenbait egitura non ezezkoek oso ondo funtzionatzen duten; esate baterako, debekuen adierazpena.

EgokiaEbazpena epai bat betetze aldera hartu denez gero, ezingo da horren aurkako inolako administrazio-errekurtsorik jarri.

Tonu positiboan idatzi behar ditugu testuak errazago uler daitezen. Eta tonu hori ezezko esaldiak saihestetik harago doa. Ikus ezazu bertsio bi hauen arteko aldea; adieraziaren tonua askoz positiboagoa da bigarrenaren kasuan:

  • Eskola-ordu guztien %85era joan dela egiaztatu ezean, ikaslea diru-laguntzarik gabe geratuko da.
  • Eskola-ordu guztien %85era joan dela egiaztatzen badu, diru-laguntza jasoko du ikasleak.

Beraz, kontuan izan baiezko esaldiak ezezkoak baino errazago ulertzen direla. Administrazioko idazkien kalitateari begira, saiatu mugatzen ezezko esaldien erabilera ezinbesteko kasuetara, eta berridatzi itzazu ezezko bi biltzen dituzten esaldi guztiak.

Esaldi egokiak idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuko 159.-172. orrialdeetan.

 

Euskadi, auzolana