Joan edukira

Idatzi duzun testua luzeegia da pantailaratzeko

Zer egin dezakezu?

egilea: Begoña Ayerdi, 

Esku artean duzun testua luzea iruditzen bazaizu dagoen moduan webera igotzeko, bide ezberdinak har ditzakezu pantailarako egokia izan dadin.

Ikerketa batzuek diotenez (Redshaw, 2003; Franco, 2008), pantailan irakurtzeko testu erosoenak 500 bat hitz (leiho berri batean irekitzen da) ditu eta idatzitako folio baten herena edo erdia hartzen du.

Testua pantailaratzeko modua aukeratu

Lehenik eta behin, kontuan izan irakurleek bi modutara irakur dezaketela webeko testu bat: orrian bertan ala deskargatuta. Ondorioz, lehenik eta behin, galdetu egiozu zeure buruari nola nahi duzun jendeak zure testua irakurtzea. Erantzunaren arabera, aukeratu egin beharko duzu testua pantailaratzeko modua.

Webak gailu aproposa eskaintzen digu testu motzen bitartez informazio asko emateko: hipertestua. Horren bitartez, web-orri nagusian funtsezko gaiak aurkez ditzakegu, eta haiei buruzko informazio zehatzagoa lotutako beste orri batzuetara atera.

Web-orritan bereiztea eraginkorra izan dadin, testua ondo zatitu behar da.

Nola bereizi testua web-orritan

Zenbait kasutan, ordea, ez da egokia edukia web-orritan bereiztea. Esaterako, landutako gaiek lotura estua badaukate, testua luzea izanda ere, osorik eta jarraian irakurtzea interesatuko zaigu; eta, ondorioz, hobe izango dugu testu osoa pantaila bakarrean argitaratzea.

Zure testua horrelakoa bada, aurkezpenean moldaketa batzuk eginda haren irakurketa erraztuko duzu:

- Utzi bi espazio paragrafoen artean.

- Ez erabili sangriarik paragrafo hasieran.

- Erabili zerrendak (leiho berri batean irekitzen da).

- Nabarmendu letra lodiz eduki garrantzitsua.

- Txertatu tarteko tituluak edukiaren egitura argitzeko.

Aipatutako moldaketak edozein testutan aplikatzeko modukoak dira.

Azkenik, irakurleak testua deskargatu dezan, testua eranskin moduan eskaintzea erabaki dezakezu. Kasu horretan, ez ahaztu web-orrian sarrera bat gehitzea edukiaren nondik norakoak deskribatzeko. Izan ere, ohiko akatsa da izenburua eta deskargatzeko artxiboa besterik ez dauzkaten orriak aurkitzea webean.

Testua laburtu

Pantailan irakurtzeko zein deskargatzeko testua idatzi duzula, ahalik eta testu argi, erabilgarri eta laburrena aurkeztu beharko duzu.

Zenbat eta luzeagoa izan testua, orduan eta garrantzitsuagoa izaten da hura laburtzea.

Hiru eginkizun nagusi nabarmendu nahi ditugu puntu honetan:

1. Ezabatu informazio hutsala

Testua irakurri, eta erantzun galdera honi: Beharrezkoa al da idatzi duzun guztia?

Testu guztietan izaten dira ken daitezkeen elementuak. Honako hauek esate baterako:

- Gaiarekin zerikusia ez daukaten aipamen, pasarte edo paragrafo “ahulak”.

- Errepikapenak.

- Aurrekariak azaltzeko trantsizioak (hala ere, batzuetan, testuingurua deskribatzeko testu labur bat eskaintzea lagungarria izan daiteke).

- Ebidentzietan oinarritzen ez diren baieztapenak.

- Premiagabeko diskurtsoak, adibidez, ongi etorrirako mezuak, loturak identifikatzeko mezuak edo interfazea argia bada ezabatu daitezkeen jarraibideak.

2. Zaindu paragrafoen (leiho berri batean irekitzen da) luzera

3. Laburtu esaldiak, ahal den guztietan

- Bilatu puntuazio konplexua eta lokailu ugaridun esaldiak, eta aztertu nondik zati ditzakezun egiturok sekzio laburragoak osatzeko. Hori ezinezkoa bada, planteatu esaldiak berregin eta sinplifikatzeko aukerak:

Weberako testuak idazteko orduan, idazketa-lanaren arau orokorra are garrantzitsuago bilakatzen da, eta horrek esan nahi du irakurleentzat idatzi behar duzula eta ez zuretzat, argi izan behar dugulako idazle legez gure lana irakurleak informatzea dela, eta ez gure jakituriaz inor inpresionatzea edo ariketa literarioak egitea.

adibide egokiaWeberako testuak idazteko orduan, idazketa-lanaren arau orokorra are garrantzitsuago bilakatzen da; alegia, idatzi irakurleentzat, ez zuretzat. Argi izan behar dugu idazle legez gure lana irakurleak informatzea dela; ez gure jakituriaz inor inpresionatzea; ez ariketa literarioak egitea.

- Erabili aditz-estiloa estilo nominalaren ordez; alegia, aditz ahul bat eta substantibo batez osatutako perifrasiak eraiki beharrean, substantibo horren atzean ezkutatzen den akzioa adierazten duen aditz esanguratsuaz baliatu. Esaldiak laburtzeaz gain, aberastu egingo dituzu:

Organo kolegiatu horrek ezin dio onarpena eman arautegiari baldin eta haren funtzionamenduari buruzko baldintzak jartzen badizkio.

adibide egokiaOrgano kolegiatu horrek ezin du onartu arautegia baldin eta haren funtzionamendua baldintzatzen badu.

- Aukeratu beti termino zehatzena; orokortasunetan ibiltzea baino eraginkorragoa da, testua laburtzeko zein haren ulergarritasuna errazteko:

Udalbatzaren arduradunaren kanpoaldiaren kasuan, haren ardurak izendapen-hurrenkeraren arabera haren eginkizunak betetzen dituen zinegotziak hartuko ditu.

adibide egokiaAlkatea kanpoan badago, haren ardurak alkateordeak hartuko ditu.

- Baztertu zintzotasuna azpimarratzeko hitz eta egiturak: erabat, benetan, zinez, eta abar. Ez dira beharrezkoak.

- Adjektibo eta adberbio gehiegi erabiliz gero, komeni da batzuk kentzea.

 
 
 
 
Faseka egin behar dira testuetatik elementuak mozteko eta ezabatzeko saiakerak. Saio bakoitzaren ondoren, komeni da informazio hutsuneren bat sortu den aztertzea.
 
 
 
Post honetan azaldutako gai batzuk sakonago landuko ditugu aurrerago blogean.
Gaiari buruzko eduki gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan (PDF, 6,07 MB)

Euskadi, auzolana