IVAPek liburu berri bat argitaratu du

"20 consejos para mejorar la calidad de los textos jurídicos"

egilea: Xabier Amatria, 

“Zuzenbidea esanezina litzateke hizkuntzarik gabe; halaber, ulertezina eta ez-demokratikoa, hizkuntza on bat gabe”. Jesús Prieto de Pedro

liburuaren azala

IVAPek 20 consejos para mejorar la calidad de los textos jurídicos (leiho berri batean irekitzen da) liburua argitaratu berri du. Argitalpen honen jatorria lankidetza proiektu bat da, hain zuzen 2006an Eusko Jaurlaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak eta IVAPeko Administrazio Hizkera Atalak burutu zutena.

Eusko Jaurlaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak idazketa-jarraibide batzuk eskatu zizkion IVAPi, zuzendaritzako arlo juridikoko langileei testu argi eta kalitatezkoak idazten laguntzeko. Eskaerari erantzunez, proiektu bat jarri genuen abian, zeinari Jaurlaritzako perfil bereko beste langile batzuk gehitu zitzaizkion, guztira, 240 pertsona.

Egitasmoa aurrera eramateko, 20 unitate didaktiko paratu genituen eta parte hartzaileen posta elektronikora bidali ziren, asteko bana. Denbora-tarte horretan, emaileen eta igorleen arteko komunikazio-kanalak ere eratu ziren.

Behin proiektua amaituta, eta balorazioa oso positiboa izan zela ikusita, IVAPek erabilitako materiala argitaratzea erabaki zuen, zuzenbidearen eta, oro har, administrazio publikoko beste profesional batzuetarako balekoa izan zitekeelakoan. Horretarako, ozta-ozta 100 orrialde dituen argitalpen hau atondu dugu. Ez da hizkuntza juridikoari buruzko eskuliburu bat, ezta teoria eta ariketak tartekatzen dituen ohiko ikastaro bat ere. Proiektuaren parte-hartzaileek jasotako hogei unitate hauekin, batez ere, testu juridiko argiagoen idazketan gehien eragiten duten elementuak azaldu nahi izan ditugu.

Hortaz, liburuak diskurtsoaren irakurgarritasuna hobetu eta gure testuak arintzeko irtenbideak proposatzen ditu, hala nola tartekiak ezabatu, zerrendak erabili edo testu-antolatzaileez baliatzea. Era berean, soluziobideak eskaintzen dira hizkera juridikoa ilun eta ulergaitza egiten duten zenbait erabilera saihesteko: besteak beste, lexiko teknikoegia, gehiegizko perifrasiak, formula eta esapidea ihartuak, luzamenduak, nominalizazioa, errepikapenak edo esaldi pasiboak. Azkenik, liburuak hizkuntzaren alde formalarekin eta zuzentasun gramatikalarekin zerikusia duten zenbait aspertu jorratu ditu; esaterako, azentua, gerundio okerrak, letra xehea edo zenbait aditzen erabilera ez zuzena.

Proiektuan barrena erakutsi nahi izan dugu, diskurtso juridikoko zenbait ezaugarritan arreta jarriz gero, askoz testu argiagoak idatz ditzakegula genero honetako idatzien berezko zehaztasunean eragin gabe. Hori guztia testu juridikoen sorkutzan eta idazkuntzan parte hartzen duten eragile guztiei zuzendutako etengabeko prestakuntza marko baten barruan.

Dohainik jaitsi ahal duzu liburua (leiho berri batean irekitzen da).

Guztiarekin ere, paper formatuan (leiho berri batean irekitzen da) erosteko aukera duzu. Horretarako, IVAPeko argitalpen zerbitzuan eskatu beharko duzu.