Joan edukira

Paragrafoen garrantzia (eta 3)

egilea: Urtzi Barrenetxea, 

Paragrafoen egitura

Paragrafoek zentzu-unitate bat osatu behar dute, egitura sendo, koherente eta bateratua; ez lotu gabeko ideien batuketa huts bat. Paragrafoen egituraketan bi elementuren eragina nabarmentzen da: lehenengo esaldia eta testu antolatzaileak.

Lehenengo esaldiaren garrantzia

Paragrafo bateko lehen esaldiak (leiho berri batean irekitzen da)testu-unitate horren irudi orokorra eskaini behar du. Ongi egituratutako esaldi nagusi batekin argi adierazten diozu zure asmoa irakurleari; nolabait, paragrafoan barneratu eta hurrengo esaldiak irakurtzera gonbidatzen duzu.

Testu-antolatzaileen baliagarritasuna

Paragrafo bat errazago irakurtzen da egitura argia badu (leiho berri batean irekitzen da); alegia, garbi badaude esaldien arteko loturak, bai ideia nagusiaren eta menpekoen artean, bai bigarren mailako esaldi horien artean ere. Horrelakoetan, irakurleak modu naturalean jasotzen ditu ideiak, eta ez du irakurketan jauzika ibili behar mezua behar bezala ulertzeko. Lotura horiek adierazteko testu-antolatzaileak erabiltzen ditugu. 

Analogiaz, esan dezakegu trafiko-seinale bezala funtzionatzen duten konektoreak direla eta testuan zehar bideratzen dutela irakurlea. Hauek dira erabilienetako batzuk:

  • Ideia bat aurkezteko: -ri dagokionez, … dela eta, komeni da esatea…
  • Ordena nabarmentzeko: batetik, bestetik, azkenik.
  • Kontrastatzeko: dena dela, edonola ere, hala (eta guztiz) ere…
  • Gaiarekin jarraitzeko: era berean, horrez gain, horren haritik…
  • Ñabardurak adierazteko: adibidez, esate baterako, kasu bat aipatzeko…
  • Arrazoitzeko: horregatik, izan ere, hori dela eta…
  • Esandakoa indartzeko: aipatu dugunez, zehatzago esanda, are gehiago…
  • Ondorioen berri emateko: amaitzeko, horrenbestez, beraz…

Oso idazketa-tresna baliagarriak dira. Testuaren leku egokietan (paragrafoen zein esaldien hasieran) jarrita, irakurgarritasuna hobetzen dute: irakurleak segituan antzemango ditu eta berehala osatuko du testu-unitatearen ideia orokorra.

Diru-laguntzak kudeatzeko prozedurak urrats berak izango ditu kasu guztietan. Lehenik, erakundeak berrikusiko du eskabideko datuak zuzenak direla; bigarrenik, ziurtatuko du eskatzaileak onuradun izateko baldintzak betetzen dituela; hirugarrenik, egiaztatuko du diru-laguntzaren xedea araudian zehaztutakoa dela; eta, azkenik, gerta daitezkeen herri-intereseko edo ekonomia- zein gizarte-inguruabar bereziak aztertuko ditu.

Esan dugun bezala, garrantzitsua da testu-antolatzaileak zuzen eta egoki erabiltzea. Izan ere, zenbaitetan, ez ditugu jartzen, ez ditugulako ezinbestekotzat jotzen, guretzako testuko materiala ezaguna, hurbilekoa, delako. Kasu horietan kontuan hartu behar dugu irakurleentzat baliagarriak izan daitezkeela antolatzaile horiek, paragrafoaren garapena modu egokian ulertzeko.

Diru-laguntzak kudeatzeko prozedurak urrats berak izango ditu kasu guztietan. Ø Erakundeak berrikusiko du eskabideko datuak zuzenak direla; Ø ziurtatuko du eskatzaileak onuradun izateko baldintzak betetzen dituela; Ø egiaztatuko du diru-laguntzaren xedea araudian zehaztutakoa dela, Ø eta gerta daitezkeen herri-intereseko edo ekonomia- zein gizarte-inguruabar bereziak aztertuko ditu.

Beste kasu batzuetan, aldiz, beharrizanik ez dagoenean ere erabiltzen ditugu, sarritan –estilo jasoagoaren ustetan–, eta testuak beharrizanik gabe luzatzen ditugu (leiho berri batean irekitzen da).

Diru-laguntzak kudeatzeko prozedurak urrats berak izango ditu kasu guztietan. Lehenik, erakundeak berrikusiko du, zernahi gisaz, eskabideko datuak zuzenak direla; bigarrenik, ziurtatuko du eskatzaileak, bien bitartean, onuradun izateko baldintzak, agi denean, betetzen dituela; hirugarrenik, horrenbestez, egiaztatuko du diru-laguntzaren xedea araudian zehaztutakoa dela; eta, azkenik, gerta daitezkeen herri-intereseko edo, orobat, ekonomia- zein gizarte-inguruabar bereziak aztertuko ditu.

 

Laburbilduz, ondo egituratutako paragrafoak osatzeko kontuan hartu bi gomendio hauek:

  • Hasieran jarritako esaldi nagusi on batekin argi uzten diozu irakurleari zer aurkituko duen.
  • Erabili testu-antolatzaileak elementuen arteko loturak argi adierazteko.

Paragrafoak egoki idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan (PDF, 6,7 MB).

 

Euskadi, auzolana