Joan edukira

Paragrafoen garrantzia (1)

egilea: Urtzi Barrenetxea, Maiatza 9, 2017

Paragrafoen egitura arretaz zaintzeak erabateko garrantzia dauka komunikagarritasunari dagokionez. Pantailan irakurtzeko testuen kasuan, are gehiago zaindu behar ditugu paragrafoen forma eta edukia.

 

 Paragrafoka idaztearen abantailak

Paragrafoak egituratzeko eta bereizteko lanak hainbat onura ditu bai testua irakurtzean, bai idazteko orduan.
Alde batetik, lana arintzen diogu irakurleari; izan ere, paragrafo egokien bidez osatutako testu baten kasuan errazagoa da:

  • Gai konplexuak erraz barneratzea.
  • Idazkiaren egitura orokorra antzematea.
  • Paragrafo bakoitzean garatutako ideia nagusia segituan jasotzea.
  • Testua irakurtzeko erritmoa aukeratzea: gainetik begiratu, informazio zehatza azkar topatu, datu jakin bat kontsultatu, etab. 

Beste alde batetik, paragrafoen idazketa zaintzen badugu:

  • Ideiak modu ordenatu eta logikoan aurkezten ditugu. Ziurtatzen dugu informazio garrantzitsu guztia kontuan hartu dugula.
  • Edozein gai garatzeko balio duen egitura antolatzaile eraginkorra dugu esku artean.
  • Testuan zehar informazioak izango duen progresioa kontrolatzen dugu uneoro, eta egokia ez bada, aldatu egin dezakegu.

Aipatutako onura horiek guztiak areagotu egiten dira lineako testuen kasuan. Izan ere, paragrafo egokiak idazteko lanaren ondorio nagusia testuen zehaztasuna da. Paragrafo egokiekin osatutako testuak, zehatzak izateaz gain, eskaneatzeko eta ulertzeko errazagoak dira.

Paragrafoen luzera

Lineako irakurketan eragiten duen elementu garrantzitsuenetarikoa da paragrafoen luzera. Auzi konplexua da horri buruzko irizpide zehatzak ematea. Azken finean, testu mota bakoitzak paragrafo-luzera desberdina eskatzen du. Hala ere, badira kontuan hartu beharreko hainbat ezaugarri:

  • Saiatu ez gainditzen 40-70 hitzetako muga paragrafoetan, hau da, bizpahiru esaldi.
  • Egokienak 3-5 lerro bitarteko paragrafoak dira.
  • Paragrafo laburrak irakurtzeko eta ulertzeko errazagoak dira; izan ere, informazioa errazago barneratzen da ongi bereizita badago.
  • Paragrafo luzeak (8 lerrotik gorakoak), gehienetan, informazio asko unitate bakarrean pilatu nahi izatearen ondorio dira. Horrelakoetan, koherentzia- eta kohesio-arazo ugari sortzen dira, eta ulertzea oztopoz beteriko lana izan daiteke.
  • Erabil ezazu aldiro testu prozesagailuetako hitz-zenbatzaileen funtzioa. Ikusiz gero joera daukazula 70 hitzetik gorako paragrafoak idazteko, arintzen edo mozten saiatu beharko zinateke.
  • Diseinuari dagokionez, paragrafo laburrekin espazio zuri gehiago duten dokumentuak sortuko dituzu; ondorioz, testuak erakargarriagoak eta irakurterrazagoak izango dira. Auzi garrantzitsua pantailarako testuetan.
  • Egokiena da testuak luzera desberdineko paragrafoekin osatzea. Neurri bereko paragrafoz osatutako testuak monotonoagoak dira.
  • Noizean behin, tartekatu esaldi bakarreko paragrafoak. Papererako testuetan gaitzesten da; baina, pantailan irakurtzeko testuen kasuan, lagungarria gerta daiteke, argi eta garbi apurtzen duelako aipatu dugun paragrafo bertsuen monotonia.

Amaitzeko, gomendatzen dizugu testu bakoitzeko hasierako paragrafoa laburra izatea eta bertan ematea testuaren edukiaren berri, modu sintetikoan. Hurrengo paragrafoetan, ez dugu zertan jarraitu horren irizpide zurrunik.

Paragrafoak egoki idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan.

 

Euskadi, auzolana