Joan edukira

Webguneetako diseinu egokiak lortzeko zaindu beharreko bost elementu

Aspektu bisualaren garrantzia

egilea: Begoña Ayerdi, 

Zenbait ikerketen arabera, webguneetan testuak aurkezteko moduak erabiltzaileen portaeran eragiten du. Ikuspegi bisuala ez da soilik estetikari lotutako gai bat; izan ere, zerikusia du erabiltzaileek irakurtzeko aukeratzen duten edukiarekin, baita informazio hori irakurtzen jarraitzearekin ere. Adituek diotenez (Nielsen, Pernice, 2009), irakurleek nahiago dituzte “eskaneatzeko” moduko diseinuak: zuzenak, motzak eta antolaera argia dutenak.

Dakigunez, oso gutxitan irakurtzen dugu webeko testu bat hitzez hitz; areago, irakurri baino, “eskaneatu” egiten dugu testua, batez ere luzea denean. Ikerketen ondorioek erakusten digutenez, testuek diotena arin batean jasotzeko, zenbait elementuri ematen diegu lehentasuna:

  • Efektu tipografikoen bidez nabarmendutako elementuetara joaten da irakurlearen begia: bereziki letra handiagoa edo lodia, koloreak edo zerrendak dituen elementuetara.
  • Web-orriaren toki zehatzak irakurtzen dira lehenbizi: edukien analisiak erdi-ezker-eskuin norabidea dauka (eta ez ezker-eskuin, paperean bezala). Horrez gain, elementuen multzokatzea ere garrantzitsua da.
  • Elementu keinukari eta mugikorrak ez dira garrantzitsutzat hartzen, arreta erakartzeko mekanismo esplizituegiak baitira. Kasu horietan, kontuan izan behar dugu ikusgarritasuna eta sinesgarritasuna ez direla gauza bera.

Hortaz, honelakoa izan behar da web-orriaren zein testuen diseinua:

  • Atsegina eta irakurleok lehenesten ditugun elementuak kontuan hartzen dituena: irakurleen begirada erakarriko dugu.
  • Ulergarria: irakurleei informazioa aurkitzeko lana errazteaz gain, ahalik eta hoberen ulertzen lagunduko diegu.

Horretarako, komeni da bost elementu hauek arretaz zaintzea:

1. Espazio zuriak

Espazio zuriak informazioa multzokatzeko baliatu daitezke, hau da, erlazionatutakoak taldeka banatzeko. Horrela, edukien hierarkia eta banaketa era argian erakusten dugu.

Adibide honetan, bistan da bigarren zutabeko testuan lehenengo zutabekoan baino hobeto bereizten dela edukien antolaera:

espazio zuriak

2. Marjinak

Marjinek webgunea erakargarriago egiten dute, eta espazio positiboaren (testua eta grafikoak) eta espazio negatiboaren (zuriuneak) arteko kontrastea indartzen. Irakurketa gunea definitzen dute testua bera nabigazio elementuetatik eta interfazeko elementu grafikoetatik bereiziz.

Marjinak webgune osoan uniformeki erabiltzea komeni da, nolabaiteko batasun bisuala ematen baitiote webguneari. Erabiltzaileak webguneko orri batetik bestera pasatzean, webgune berean dagoela hauteman behar du.

Marjinez gain, orri guztietan errepikatzen diren elementuak erabil daitezke horretarako: logotipoak, errotuluak, ikurrak edo koloreak, esaterako.

marjinak2

3. Irudiak eta multimedia elementuak

irudiak

Erabiltzaileek arreta handiagoa eskaintzen diete irudiak eta multimedia elementuak dituzten argitalpenei, testu hutsak dituztenei baino. Irudiak informazio azkarra helarazteko gai dira, baita lotura emozionalak ezartzeko ere. Neurrian erabiliz gero, erabiltzaileentzako “amu” egokiak izan daitezke. Gehiegi baliatuz gero, ordea, nekagarri suerta daitezke edo atentzioa edukiaren mamitik desbidera dezakete.

 4. Letra-tipoa eta letra-tamaina

Orain arte aipatu ditugun elementuak eraginkorrak izanik ere, informaziorik garrantzitsuena testuan bertan dago. Horregatik, ezinbestekoa da testuetan letra-tipoa eta letra-tamaina egokiak erabiltzea.

letra-mota

Letra-tamainari dagokionez, oro har, 12 puntukoa da egokiena, baina izan daiteke erabiltzailearen arabera egokitu behar izatea.

5. Lerrokatzea

Webguneetan, komeni da testuak ezkerretara lerrokatzea. Izan ere, testua justifikatzean hitzen artean hutsuneak sortzen dira sarritan, eta horrek irakurketa zailtzen du.

Adibide honetan, lerrokatze bien arteko aldea ikus dezakezu:

Laburbilduz:

Webguneetan eta testuetan erabiltzen ditugun diseinuko elementu batzuk sinpleak dira: espazio zuriak, marjinak, irudi eta multimedia baliabideak, letra-tipoa eta letra-tamaina eta lerrokatzea, adibidez.

Hala ere, elementu horiek era egokian erabiltzeak:

  • Irakurleak erakar ditzake gure webguneetako testuetara.
  • Irakurleak anima ditzake irakurtzen jarraitzera.
  • Edukiak hobeto ulertzen lagundu dezake.

Euskadi, auzolana