Joan edukira

Tartekiak. Ondo baina neurrian

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Administrazioko testuetan joera nabaria dugu edukiak ahalik eta zehatzen adierazteko. Berez, ez da jarrera okerra. Arazoa adierazteko moduan dago; izan ere, zehaztasun-nahiaren ondorioz informazio osagarriz betetzen ditugu testuak. Gainera, txertatzen ditugun elementuak mira handirik gabe kokatzen ditugu esaldietan, bata bestearen ondoren, beharrizana ikusi ahala.

Hortaz, irakurleek zail izaten dute esaldi bateko elementu nagusiak elkarrekin lotzea, tartean dituzten osagai andanagatik. Post honetan, tartean txertatutako elementu horiez arituko gara; alegia, tartekiez.

Gaur egun dopina ez da, besterik gabe, nahiz eta, era batera zein bestera, dopatzea beti izango den kirol etikaren oinarrizko printzipioak urratzeko modua, kirolaren arloko engainu larria, gainera, praktika arriskutsuen multzo antolatua, oso arriskutsua osasun publikoarentzat, eta, bereziki, kirolarien bizitzarentzat, ere bada.

Gaur egun dopina ez da, besterik gabe, kirolaren arloko engainu larria, nahiz eta dopatzea beti izan den kirol etikaren oinarrizko printzipioak urratzeko modua. Horrez gain, praktika arriskutsuen multzo antolatua ere bada (oso arriskutsua osasun publikoarentzat, eta, bereziki, kirolarien bizitzarentzat).


Sarritan, pentsatzen dugu testua aberastu egiten dugula tartekiak erabiliz; behar besteko informazioa opatzen diogula hartzaileari. Baina, egiatan, tarteki eta lotura bitxiz eratutako esaldiak irakurtzeak berrirakurketa astun bat baino gehiago eska dezake.

Tartekiak neurriz eta egoki erabiltzea da kontua. Horretarako, komeni da aintzat hartzea zenbait nozio:

Kopurua: Saia zaitez esaldi bakoitzeko tarteki bat idazten gehienez. Tartekiak pilatu zaizkizula ikusiz gero, jar itzazu aparteko esaldietan.

Lanaldi bakoitzak ezaugarri bereziak izango ditu, langileek askatasunez aukeratu ahal izango dutelarik, baldin eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira, eguneroko lanaldiari, atsedenaldiei, ordutegiei eta baimen errekuperatuen iraupenari dagokienez.

Lanaldi bakoitzak ezaugarri bereziak izango ditu eguneroko lanaldiari, atsedenaldiei, ordutegiei eta baimen errekuperatuen iraupenari dagokienez. Oro har, langileek askatasunez aukeratu ahal izango dute lanaldia, baldin eta zerbitzuaren beharrizanak beteta geratzen badira.

 

Luzera: saiatu ahalik eta tarteki laburrenak idazten. Ahal dela, ekidin tartekien barruko tartekiak dauzkaten esaldiak (kasu honetan bezala –ikusten duzunez–, aukera mugagabea izan daiteke.

Kokapena: jarri tartekiak erreferentearen aldamenean. Hala ere, luzeak izanez gero, egokiena da elementu esanguratsuenak (izena eta aditza) atzeratzea, elkarren ondoan irakur daitezen.

Adierazpidea: erabili ortografia-zeinu egokiak tartekiaren hasiera eta amaiera markatzeko. Laburrak eta sinpleak badira, koma erabiliko dugu; luzeak eta konplexuak, parentesi zein marra.

 

Tartekien idazketaz gehiago jakin nahi izanez gero, kontsultatu Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko argitalpena (PDF, 6 MB).

Euskadi, auzolana