Joan edukira

Administrazioa Euskaraz aldizkaria

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Dagoeneko ikusgai dago IVAPeko webgunean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 104. zenbakia.

Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

Erreportajean, greba feminista

Kaleak bete egin dira, berriro, 2019ko martxoaren 8an. Greba Feministak eragina izan nahi du borrokarako gune bezala identifikatu dituen bizitzako hainbat esparrutan: soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Bizitzak sostengatzeko ardura kolektiboa da Mugimendu Feministak eskatzen duena; martxoaren 8an kalean egindako aldarrikapenak ez dezala indarrik galdu. Horretarako, aurrera begira, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatu du; hau da, pertsonen zaintza ez dadila geratu heteropatriarkatuak zapaltzen dituen emakumeen bizkarrean. Mugimendu feministak uste duenez, egoerari buelta emateko, beste itun sozial bat zehaztu beharko litzateke.   

Osasunean, bularreko minbizia

70eko hamarkadan, bularreko minbizia diagnostikatu zitzaien emakumeen % 40k bakarrik espero zezaketen beste 10 urtean bizitzea. Gaur egun, emakumeen ia % 80k lortzen dute mugarri esanguratsu hori herrialde garatu gehienetan. Aurrerapen nabarmen horrek bizi-itxaropen handiagoa eman die bularreko minbizia duten pazienteei.

Bularreko minbizia oso gaixotasun heterogeneoa da. Konplexutasun hori ez da mugatzen pazienteen arteko desberdintasunetara; aitzitik, tumore bakoitzari ere lotu dakioke, eta hori berebiziko erronka da minbiziaren tratamendu klinikorako. Nahiz eta bularreko minbiziaren aurkako hainbat terapia eraginkor egon, paziente askoren kasuan tratamendu horiek ez dute funtzionatzen, edo, denborarekin, eraginkortasuna galtzen dute, eta berriro agertzen da tumorea edo errezidiba. Horregatik, funtsezkoa da ulertzea zergatik agertzen diren berriro tumore batzuk denbora pasa ondoren, eta zer alde dagoen tratamenduei ondo erantzuten dieten eta betiko desagertzen diren tumoreen artean.

Eta Solasaldiak gehigarrian…

Teresa del Valle: Feminismoa aldatu egingo da, garaian garaiko kutsua hartuko du”

Miel. A. Elustondo

Orain, bai, erretiratua zaitugu.

Bai, unibertsitateko lanetik guztiz erretiratua, zeren eta, lehenago, erretiratzeko adina heldu zitzaidanean, segitzeko aukera izan bainuen, katedratiko emeritu. Ezer ez da betiko, ordea, eta, azkenean, zeharo utzi behar izan nuen fakultatea. Hala ere, hitzaldi, biltzar eta jardunaldietan parte har dezadan deitzen naute batzuek eta besteek, eta nik ez dut esaten ez naizela joango. Alderantziz, joango naizela esaten diet! Dena dela, ez naiz unibertsitatean segitzen tematu. Lehen eginak nituen harremanetatik datozen dei eta gonbiteak ohi dira. Batean, Mexikoko unibertsitatetik deituko naute; bestean, espainiar estatuko unibertsitateren batetik. Horrelaxe. Bestalde, beti ari naiz hau edo hura idazten. Askotan, bestelako asmorik gabe, baina idazten. Eta hor ditut bi alabak eta hiru bilobak ere. Esku bete lan, beraz!

Liburuz josiak ageri dira gela honetako lau hormak. Kasik, atea da zirrikitu bakar.

Askoz liburu gehiago nituen Asteasuko etxean! EHUri, berriz, liburu mordoa eman nion dohaintzan. Unibertsitateko bulegoan ere banituen liburuak, jakina, baina oinarrizko irakurgaiak Tximelanen nituen, Asteasuko baserrian.

Bulegoan nahiz etxean, beti lanean?

Hein batean, bai. Horixe izan dut pizgarri, lana. Eta horrekin batera, nire espazioa, lan egiteko lekua. Hain zuzen, gogotik landu dudan gaia duzu espazioa. Ezinbestekoa iruditzen zait emakumeak espazioa izatea. Denok behar dugu espazioa, eta emakumeok, berriz, tradizioak agindu dizkigun espazioak ez beste batzuk behar ditugu.

Horiek eta beste hainbat gai interesgarri Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 104. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da)eta Solasaldiak (leiho berri batean irekitzen da)gehigarrian.

Euskadi, auzolana