Joan edukira

Dagoeneko kalean "Administrazioa Euskaraz" aldizkariaren 108. zenbakia

.

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

IVAPeko webgunean ikus dezakezu Administrazioa Euskaraz aldizkariaren azken zenbakia. Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Hona hemen ale honetan jorratutako gai batzuk:

Jon Maya Sein (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) dantzaria elkarrizketatu dugu. Diote dantza tradizionala duela harroin; tradizioa eta dantza garaikidea bat eginik ari dela dantzan Jon Maya Sein (Errenteria, Gipuzkoa, 1977). Herriko Ereintza dantza taldean hasi zen, sei urte zituela. Aurreskua egin zuen, zazpi txapelketa irabazi, lehiakide zituenekin batera bide berriak urratu, ikasle zituenekin bestelako proiektuak saiatu, Kukai sortu 2001ean, hainbat merezimendu, sari eta aitortza jaso… Zuzendari, dantzari eta koreografo da Kukain, eta dantza irakasle (eszedentzian duela bi urtez gero) Errenteriako Musika eta Dantza Kontserbatorioan. Ahal duenean, bestalde, hor da beti, Ereintzari laguntzen. Ikuskizun berriarekin dabil herririk herri Xabi Bandini eta Arkaitz Miner musikariekin, Gauekoak izeneko lana erakusten.

Erreportajean, Klima aldaketaren gainean jardun dugu. Klima aldatuz doa. Gure planeta aldatuz doa, eta Euskal Herrian ere eragina du eta izango du horrek. Hala ere, ondorioak ez dira berdinak izango geografia osoan. Euskal Autonomia Erkidegoan, zona klimatiko bi eta trantsizioko bat daude, eta inpaktuak ezberdinak izango dira eremu bakoitzean. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere ekinbidean funtsezkotzat jo du horri aurrea hartzea, lurraldea eta herritarrak etor daitezkeen aldaketetara egokitzeko.

Klima eta ingurumenarekin zerikusia duten gaiek lehen lerroa hartu dute politikaren agendan. Eta Eusko Jaurlaritzak ere erronka horrekin bat egin du. Larrialdi Klimatikoari Buruzko Adierazpen Instituzionala onartu zuen iazko uztailaren 30ean, eta horren berri eman zuen Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Horiek eta beste asko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 108. zenbakian (leiho berri batean irekitzen da).

 

Eta Solasaldiak gehigarrian…

Andres Urrutia: «Euskara ez da politika, euskara da hizkuntza»

Miel. A. Elustondo

«Euskara ez da politika, euskara da hizkuntza»

“Behin eta berriz eta askotan jo behar izan dugu kax-kax Andres Urrutiaren atean, solasaldi honi tartea egin diezaion. Baina lehenbizikoan emanagatik ere, gure euskaltzainburu, unibertsitateko irakasle eta notarioak ezin tarterik egin. Halakoren batean, horratik, zehaztu dugu hitzordua. Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian hitz egingo dugu. Gure atzetik sartu da Plaza Barriko etxera, estu eta larri. Lanez gainezka bizi den itxura osoa du, erabatekoa.

“Gizon okupatua gauza ederra da”, Xabier Leteren bertsoan.

Entretenituta, behintzat, bizi naiz. Gustatzen zait entretenimendua.

Unibertsitatea lantegi…

Oraingoz, bai.

Euskaltzaindia lantegi...

Oraingoz, bai.

Notariotza lantegi…

Erretiratu arte, seguru!

Entretenimendu bete lan.

Baldin eta bokazioa baduzu, ondo. Eta niri beti interesatu zait euskalgintza. Baita irakaskuntza ere, uste baitut gure konpromisoa dela belaunaldi berriei transmititzea guk besterengandik ikasi duguna. Dakidan apurra besteei transmititzen saiatuko naiz beti, ez alferrik nator irakasle familia batetik. Amaren aldeko guztiak irakasle ziren, eta neuk ere bokazio horixe dut. Bokazioa batetik, ofizioa bestetik. Notario naizen aldetik, jendearen arazoak konpontzen, edo konpontzen laguntzeko aukera izatea pozgarri zait, eta pozgarri ez ezik, aberasgarri ere bai, asko ikasten baita jendearekiko harremanetan. Iruditzen zait, hala ere, sarritan ahaztu egiten zaigula hori. Esate baterako, oso interesgarria da ikustea irakaslearen mundu teorikoa praktikan nola kizkurtzen den irtenbide egoki bila hasten garenean. Legearen hitz eta letra lehorretik abiatuta gizabidezko soluzioak asmatzea ere gustukoa dut.” [Elkarrizketa osorik aldizkariaren 108. zenbakiarekin argitaratutako Solasaldiak gehigarrian]

Euskadi, auzolana