Joan edukira

Termino ulergaitzen erabilera

Ilustración del post

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Testu komunikagarriak osatzeko kontuan hartu behar ditugun faktoreen artean, lexikoarena ezinbestekoa da. Esan daiteke ezen, blog honetan aldarrikatzen ditugun hobekuntza-neurriak aplikatzeko lana (zeina neketsua izan baitaiteke zenbaitetan) hankamotz geratuko dela ez badiegu jaramonik egiten testuan erabilitako hitzei.

Oro har, irakurlea irudikatzea litzateke testu baterako lexiko egokia zehazteko lehen gomendioa. Egia da Interneten bidez edonor ailega daitekeela idatzi dugun web-orrira, baina eduki gehienek hartzaile mota jakina dute. Horrela bada, irakurriko gaituenen irudia egitea lagungarria da testu oro osatzeko. Behin balizko hartzaile hori irudikatuta, hauxe litzateke hitzak aukeratzeko gomendio orokorra: erabili hitz zehatz eta ezagunak.

Irizpide horri jaramon gutxi egiten diogu administrazioko testuetan, eta, gehienetan, ez diegu arreta berezirik eskaintzen darabilgun lexikoak sortutako ondorioei. Esan daiteke termino teknikoak edo arloko esamoldeak neurriz kanpo erabiltzeko joera izaten dugula. Horrelakoetan, ustezko zehaztasunez idazten badugu ere, ez gara konturatzen komunikazioari egiten diogun kalteaz. Ez dugu ikusten ezen administrazioaren lan-esparru zehatzetan dihardutenentzako hizkera arrunta dena erabat ulergaitza izan daitekeela irakurle gehienentzako. Esaterako, “Interesdunaren eskabidean jasotako baieztapenaren arabera” bezalako adierazpideak darabiltzagu, “Eskabidean adierazi duzunez” jarri ordez.

Hitz ezagunak erabili beharraren ideiarekin ez dugu esan nahi hitz tekniko oro ezabatu behar denik gure testuetatik. Zentzu horretan, kontuan hartu behar dugu hizkera administratiboaren berezkotasuna; izan ere, ez dugu ahaztu behar gure testuek oinarri juridiko nabarmena dutela, eta jakintza-arlo horren eragina saihetsezina dela adierazpideetan. Horrela izanik, testu administratiboetan ohikoak dira kontzeptu teknikoak aipatzeko zenbait modu zehatz eta labur; alegia, terminologia bat.

Terminologiak alde positibo nabarmena du: esanahi adierabakarra hitz batean (edo gutxitan) adierazteko gaitasuna. Hortaz, termino jakinen alde egin beharko genuke gure testuetan, testuen zehaztasuna hobetzeaz gain, segurtasun juridikoa bermatzeko.

Gauzak horrela, esan daiteke testu baterako lexiko egokia aukeratzeak nolabaiteko paradoxa batera garamatzala. Labur esanda: hitz tekniko jakinak erabili behar ditugu, testuen edukiak hala eskatzen digulako eta testu laburragoak osatzeko aukera ematen dutelako, baina hartzaile askorentzat termino horiek ezezagunak dira prozedura administratiboaz duten ezagutza-mailagatik. Hortaz, nola osatu testu komunikatiboak termino teknikoak gomendagarriak ez ezik elementu ordezkaezinak ere badira?

Hitz teknikoren baten presentzia ezinbestekoa ikusiz gero haren zehaztasun semantikoagatik, testuaren ulergarritasunean eragin dezakegu hiru teknika erabiliz. Denek dute helburu bera; alegia, testuari behar besteko zehaztasuna ematea, eta, era berean, hartzaileei ulertzeko lana erraztea.

 

Sinonimia

Termino jakinaren ondoren, hartzaileentzat ulergarriagoa izango den hizkera komuneko ordain bat eskain daiteke, parentesi artean aurkeztuta.

Gune horretatik izapidetzen ari diren espedienteak zein amaitutako espedienteak kontsulta ditzakezu.

Gune horretatik izapidetzen (tramitatzen) ari diren espedienteak zein amaitutako espedienteak kontsulta ditzakezu.

  

Parafrasiak

Kontzeptu teknikoaren esanahia esaldi ulerterrazagoak erabiliz azal daiteke.

Eskabidearen hutsuneak zuzentzeko 10 eguneko epea duzu. Hala egiten ez baduzu, Administrazioak atzera egitetzat ulertuko du.

Eskabidearen hutsuneak zuzentzeko 10 eguneko epea duzu. Hala egiten ez baduzu, Administrazioak atzera egitetzat ulertuko du; alegia, ez duzula eskabide horrekin jarraitu nahi.

 

Definizioa

Kontzeptu konplexuak argitzeko, ohar bidezko azalpenak erabil daitezke.

Isuna hogei egun naturaleko epean ordainduz gero, iragarki hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, zenbatekoa ehuneko 50ean murriztuko dizugu eta ondorio hauek izango ditu: […]

Isuna hogei egun naturaleko epean ordainduz gero, iragarki hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, zenbatekoa ehuneko 50ean murriztuko dizugu eta ondorio hauek izango ditu: […]

Egun naturalak dira....

 

Beraz, sumatuz gero hartzaileak zailtasunak izango dituela ezinbestean erabili beharreko hitz edo terminoren bat ulertzeko, saiatu ahalik eta lasterren argitzen hitz horren esanahia. Egokiena da hitzaren beraren jarraian ordain ezagunagoa edo azalpen laburra jartzea.

Euskadi, auzolana