Joan edukira

Bost baliabide tartekiak atzeratzeko

Alt

egilea: Begoña Ayerdi, 

Askotan esaten dugu tartekiek ulermena oztopatzen dutela. Arazoa ez dira tartekiak berez; izan ere, neurriz erabiltzen badira eta esaldi bakoitzean leku egokian jartzen badira, esaldiari informazioa gehitzen diote, ulermenari inolako kalterik eragin gabe.

Tarteki batek ulermena oztopatzen du subjektua eta subjektuaren ekintza (aditzak adierazita) elkarrengandik urruntzen dituenean. Horregatik, batzuetan, tartekia atzeratu daiteke elementu horiek (subjektua eta ekintza) hurbiltzeko.

Testu luzeetan hobeto ikusten da tartekiek zenbateraino oztopa dezaketen ulermena. Eskuineko zutabean, tartekiak esaldien atzeko aldera eraman ditugu testuen arteko aldea ikusteko. Tartekiak lodiz nabarmendu ditugu.

Espainian bizitzen hamar urte eman duten atzerritarrek jokabide zibiko egokia eta gizartean integrazio-maila nahikoa izatea (lanaren bitartez, elkarteetan parte hartuz, elkarbizitza bidez eta abar) ziurtatu beharko dute.

Izapide hori, adina eta gaitasuna kontuan hartuta, modu batera ala bestera egin beharko da:

Hamalau urtetik gorakoek, legezko ordezkariaren laguntzarekin, haiek egin beharko dute. Desgaituek ere, desgaitasun-epaiak finkatzen duenaren arabera, beraiek egin beharko dute. Hamalu urtetik beherakoen izapidea, berriz, legezko ordezkariak berak egin beharko du.

Espainian bizitzen hamar urte eman duten atzerritarrek jokabide zibiko egokia eta gizartean integrazio-maila nahikoa izatea ziurtatu beharko dute (lanaren bitartez, elkarteetan parte hartuz, elkarbizitza bidez eta abar).

Izapide hori modu batera ala bestera egin beharko da adina eta gaitasuna kontuan hartuta:

Hamalau urtetik gorakoek eta desgaituek haiek egin beharko dute, legezko ordezkariaren laguntzarekin, eta, desgaituen kasuan, betiere desgaitasun-epaiak finkatzen duenaren arabera. Hamalau urtetik beherakoen izapidea, berriz, legezko ordezkariak berak egin beharko du.

Bost baliabide hauek eraginkorrak dira tartekiak atzeratzeko:

1. Bi puntuen ondoren ematea

Elurra dela eta, hainbat errepide −NA-137a Burgi eta Izaba artean, NA-2012a Otsagabia eta Irati artean eta Done Mikel Aralarkorako igoeraitxi behar izan zituzten.

adibide egokiaElurra dela eta, hainbat errepide itxi behar izan zituzten: NA-137a Burgi eta Izaba artean, NA-2012a Otsagabia eta Irati artean eta Done Mikel Aralarkorako igoera.

2. Parentesi edo marra luzeekin mugatzea

Gobernuak iragarri du dirulaguntza gehiago emango dizkiela bidaia agentziei, uste baitu, herritar askok Internet bidez egiten dituztelako erreserbak, zuzenean edo webgune berezien bidez, arlo horrek egiturazko arazoak dituela.

adibide egokiaGobernuak iragarri du dirulaguntza gehiago emango dizkiela bidaia agentziei, uste baitu arlo horrek egiturazko arazoak dituela (herritar askok Internet bidez egiten dituztelako erreserbak, zuzenean edo webgune berezien bidez).

adibide egokiaGobernuak iragarri du dirulaguntza gehiago emango dizkiela bidaia agentziei, uste baitu arlo horrek egiturazko arazoak dituelaherritar askok Internet bidez egiten dituztelako erreserbak, zuzenean edo webgune berezien bidez.

3. Testu-antolatzaile batez baliaturik, beste perpaus bat eratzea, aditza isilduta

Bost urterako elkarlanerako akordioa izenpetu dute zenbait ikerketa −bikaintasuna, ikastetxe eraginkorrak eta bizikidetasuna eta abar abian jartzeko.

adibide egokiaBost urterako elkarlanerako akordioa izenpetu dute zenbait ikerketa abian jartzeko; besteak beste, bikaintasuna, ikastetxe eraginkorrak eta bizikidetasuna.

[Aditza isilduta: besteak beste, bikaintasuna, ikastetxe eraginkorrak eta bizikidetasuna (ikerketak abian jartzeko)]

4. Aparteko beste esaldi oso bat sortzea

Araban, aurretiko hitzordua eskatu behar da eskabideak herritarrentzako arreta bulegoan (Ramiro de Maeztu kalea 10) entregatzeko.

adibide egokiaAraban, aurretiko hitzordua eskatu behar da eskabideak herritarrentzako arreta bulegoan entregatzeko. Hauxe da helbidea: Ramiro de Maeztu kalea 10. 

5. Oin-ohar baten bidez eskaintzea

Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak 21.2 artikuluan dioena −Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen legearena− hartuko da aintzakotzat.

adibide egokia
Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak1 21.2 artikuluan dioena hartuko da aintzakotzat.

________

1 Maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen du.

Informazio gehiago:

Euskadi, auzolana