Joan edukira

Erreferentzia-tresnen garrantzia

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Testu bat irakurtzen dugunean, edukiaren irudi mental bat osatzen dugu. Nolabait esanda, eszenatoki moduko bat ezartzen dugu, non kontzeptu desberdinak kokatzen baititugu testuan agertu ahala. Kontzeptu horiek desagertu eta berriro agertzen dira testuaren joanean. Hala izanik, funtsezkoa da une oro finkatzea zein elementu zehatzi egiten zaion erreferentzia baldin testuaren edukia ondo ulertuko bada; alegia, argi utzi behar diogu irakurleari zein elementu errekuperatu behar duen momentu bakoitzean bere oroimenetik.

Jada azaldutako elementu bat, aurrekaria, berriro aipatzeari erreferentzia anaforiko deritzo. Erreferentzia horiek hainbat mekanismoren bidez zehatz daitezke: izenordainak, aditzaren aldia, erakusleak, etab. Esan daiteke ezinbesteko gailuak direla testua modu egokian garatzeko eta hari solterik ez uzteko. Testuen baitan hainbesteko garrantzia dute, ezen mekanismoen aukeraketa desegoki batek irakurketa oztopa baitezake bai eta interpretazio arazoak sortu ere.

Erreferentzia-tresnen erabilera egoki horrek erabateko garrantzia du administrazioko testuetan. Azken finean, eduki administratibo askoren oinarri juridikoaren ondorioz, zehaztasunak berebiziko garrantzia du arloko edukietan; bestela esanda, funtsezkoa da hari solterik ez uztea eta gaizki ulertuak saihestea. Alabaina, ez da beti zeregin erraza izaten, testuok kontzeptu eta izen ugari biltzen baitute, adibide honek erakusten digunez:

Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 6ko Erabakia ez dator bat, hain zuzen ere, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan jasotzen den araudi-eskakizunarekin. Izan ere, horrek ezarritakoari jarraikiz, lege-aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da, administrazio eskudunaren webgunearen bitartez, etorkizuneko arauak uki ditzakeen subjektu ordezkagarrienen iritzia ezagutzeko.

Horrek erakusleak zein elementuri egiten dio erreferentzia? Zein aipatzen du: erabakia?, legearen artikulua?, araudi-eskakizuna?

 

Erreferentzia-tresnen sailkapena

Modu askotara sailka daitezke erreferentzia tresnak. Post honetan, lau multzotan egituratu ditugu. Azalpenak argitzeko asmoarekin eratutako adibideetan testu beretik abiatu gara. Adibideotan, lehen esaldian aipatutako kontzeptu bat (zerga-datuak kontsultatzeko baimena) aipatzen da bigarrenean.

  1. Elipsia

Zenbaitetan, testuinguruak berak eta aditzaren informazioak argi uzten dute aipatutako zein elementu errekuperatu nahi dugun; horrelakoetan, elipsiak egokiak izan daitezke.

Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzetik salbuesteko eskaera ebazteko, eskatzaileak bere zerga-datuak kontsultatzeko baimena eman ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari. […] Ematen ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: PFEZren aitorpenaren kopia edo dagokion zerga-administrazioak emandako zerga-datuen ziurtagiria edo egiaztagiria.

 

  1. Erakusleak

Aurrekaria bigarren mailako erakusle baten bidez errekupera daiteke.

Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzetik salbuesteko eskaera ebazteko, eskatzaileak bere zerga-datuak kontsultatzeko baimena eman ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.. […] Hori ematen ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: PFEZren aitorpenaren kopia edo dagokion zerga-administrazioak emandako zerga-datuen ziurtagiria edo egiaztagiria.

 

  1. Izen-sintagma

Sintagma anaforiko bat erabil daiteke aurrekariaren erreferentzia egiteko. Gehienetan, izena+erakuslea formako izen-sintagmak izaten dira, baina beste zenbait egitura ere erabil daitezke: aipatu(tako) baimena, azaldutako baimena.

Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzetik salbuesteko eskaera ebazteko, eskatzaileak bere zerga-datuak kontsultatzeko baimena eman ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.. […] Baimen hori ematen ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: PFEZren aitorpenaren kopia edo dagokion zerga-administrazioak emandako zerga-datuen ziurtagiria edo egiaztagiria.

 

  1. Errepikapena

Testuan jada azaldu den elementu bat aipatzeko modu zehatzena berriro aipatzea da, hau da, errepikatzea. Modu horretara, interpretazio oker oro saihesten da.

Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzetik salbuesteko eskaera ebazteko, eskatzaileak bere zerga-datuak kontsultatzeko baimena eman ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari. […] Zerga-datuak kontsultatzeko baimenik ematen ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira: PFEZren aitorpenaren kopia edo dagokion zerga-administrazioak emandako zerga-datuen ziurtagiria edo egiaztagiria.

 

Tresna ahulegiak erabiltzeko joera dugu administrazioko testuetan

Lau erreferentzia-tresna horiek nolabaiteko gradazio baten arabera sailkatu ditugu. Sinpleenetik konplexuenera doaz, eta, era berean, duten ahalmen informatiboa handituz. Denak dira baliagarriak, noski; baina badituzte zenbait gabezia ere; bereziki, muturretako multzoetakoek (1 eta 4).

Elipsiek, esaterako, ez dute funtzionatzen urruneko aurrekari bat aipatzeko, hau da, aldameneko esalditik harago dagoen elementu bat errekuperatzeko. Era berean, ez dira eraginkorrak informazio-dentsitate handidun testuetan (bidenabar esanda, administrazioko testu gehienak). Horrelakoetan, aurrekari funtzioa bete dezakeen elementu informatiboen ugaritasunagatik, testuingurua edo aditza ez dira nahikoa izaten erreferentziak argitzeko, eta irakurleak ez du jakiten zein elementu aipatzen den. Ondorioz, behin baino gehiagotan irakurri behar du testua erreferentzia ziurtatzeko, eta, hala izanik ere, gaizki ulertuak gerta daitezke.

Bere aldetik, aurrekarien errepikapenek ere badute beren ifrentzua: irakurketa astundu eta oztopatzen dute; bereziki, elementu bera behin eta berriz errepikatzen bada testuan. Egia da errepikapenak saihesteko sinonimoak erabil daitezkeela, baina horrelakoetan, tentuz jardun behar dugu; izan ere, terminoen kasuan sinonimoak ez dira beti ordain zehatzak izaten. Esaterako, baimena eman eta oniritzia eman ekintza ezberdinak izan daitezke esparru jakin batean.

Dena dela, administrazioko testuen kasuan, erreferentzia-tresna egokien auzia bigarren eta hirugarren multzoko elementuen artean dago, erakusleak eta izen-sintagmak izaten baitira ohikoenak.

Hain zuzen ere, arloko testuen hutsune nagusia, erreferentzia-tresnei dagokienez, bi multzo horietako elementuen aukeraketa desegokia izan ohi da. Labur esanda, testu administratiboetan erreferentzia-tresna ahulegiak erabiltzeko joera dugu.  Ez dugu kontuan hartzen informazio-dentsitate handiko testuak izaten direla sarri, eta, hala izan arren, mekanismo ahulak eskaintzen dizkiegu irakurleei edukietako aurrekariak berreskuratzen laguntzeko.

Gure testuetako zenbait pasartetan, urrun dagoen elementu bat aipatzen da. Horrelakoetan, esaldi bat baino gehiago tartekatzen da aurrekariaren eta aipamenaren artean edo aurrekaria beste paragrafo batean aurkitzen da. Beste kasu batzuetan, ez dago argi zein den aurrekaria, funtzio hori bete dezakeen elementu informatiboen ugaritasunagatik; izan ere, balizko “hautagai” batek baino gehiagok bete ditzake horretarako baldintzak.

Eskaera aurkeztu ondoren laguntza kobratzeko banku-kontuaren zenbakia aldatu dela jakinarazten bada, hori kudeatzen duen organoak egingo du aldaketa; beraz, ez da berehala egingo.

Borondatezko erreserba-funtsen izaera estatutuek eta batzar orokorrean hartutako erabakietan ezarritako arauek finkatzen dute […]. Estatutuen arabera ezarriko dira horiek banatzeko arauak, eta araurik ez badago, batzarrean hartutako irizpideen arabera.

 

Egoera horiek ohikoak izanik administrazioko testuetan, erakusle hutsa erabiltzeko joera izaten dugu, aintzat hartu gabe tresna orokor eta ahulegia izan daitekeela. Halako kasuetan, erakusleak erreferentzia-tresna orokorregiak gerta daitezkeenez, eraginkorragoa da hirugarren edo laugarren motakoak erabiltzea. Eta aukeran, errepikapenak astun gerta daitezkeela jada aipatu dugunez, izen+erakusle formako sintagmak beti dira funtzionalagoak.

Eskaera aurkeztu ondoren laguntza kobratzeko banku-kontuaren zenbakia aldatu dela jakinarazten bada, laguntza hori kudeatzen duen organoak egingo du aldaketa; beraz, ez da berehala egingo.

Borondatezko erreserba-funtsen izaera estatutuek eta batzar orokorrean hartutako erabakietan ezarritako arauek finkatzen dute […]. Estatutuen arabera ezarriko dira funts horiek banatzeko arauak, eta araurik ez badago, batzarrean hartutako irizpideen arabera.

 

Oreka: zehaztasuna eta argitasuna

Laburbilduz, erreferentzia-mekanismorik egokiena aukeratzeko eta testuen interpretazio eraginkorrena sustatzeko, funtsezkoa da kontuan hartzea zein distantziatara dagoen berreskuratu nahi den aurrekaria, bai eta balizko aurrekari bat baino gehiago izateko aukerarik dagoen ere. Hortaz, testuinguruaren arabera bi aukera ditugu:

  • Aurrekaria hurbil badago (esaldi berean edo aurrekoan) eta ez badago funtzio bera bete dezakeen aurrekaririk, nahikoa izan daiteke erakusle hutsa erabiltzea edo erreferentzialtasuna argitzeko lana testuinguruaren esku uztea (1 eta 2 multzoetako erreferentzia-tresnak).
  • Aurrekaria urrun badago, egokiena erreferentzia-tresna informatiboago bat erabiltzea izango da. Gauza bera egin beharko genuke baldin eta aurrekari posible bat baino gehiago bagenu (3 eta 4 multzoetakoak).

Bi ikuspegiak bateragarriak dira; azken finean, zehaztasunaren eta argitasunaren arteko oreka bilatu behar dugu gure edukietarako erreferentzia-tresnak erabiltzeko orduan. Horri dagokionez, eta zalantzarik izanez gero, izen-sintagmak (izena+erakuslea) beti izango dira eraginkorrak.

 

 

Euskadi, auzolana