Joan edukira

Testu digitalen irakurketa mailak

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Jakina da testu digitalen irakurketa-patroi nagusiaren arabera, hartzaileak dinamikoak eta egonarri gutxikoak (leiho berri batean irekitzen da) direla. Tipo nagusia hori izanik ere, gure web-orrietara denetariko portaerak dituzten hartzaileak ailegatzen dira. Gradazio bat osa daiteke: beste zerbaiten bila dabilelako segundo eskas batzuetan bisitatzen gaituen irakurletik hasi eta gai zehatz bati buruz idatzi dugun azken loturako azken hitza ere irakurri nahi dueneraino.

Eduki digital bat idatzi eta diseinatzean zenbait faktore kontuan izanez gero, irakurle perfil ezberdin horien guztien interesak ase ditzakegu.

 

Lehenik, irakurle motak ezagutu beharko genituzke. Gaiari buruzko hainbat ikerketa daude, baina post honetarako, Patricia Wallace idazlearen The Psychology of the Internet (2015) liburuan zehaztutako sailkapenean oinarrituko gara. Lan horren arabera, 8 kategoriatan sailka daitezke testu digitalen irakurleak.

Ikus dezagun zein diren irakurle-tipoak eta nola molda dezakegun testua bakoitzaren beharrizanei erantzuteko.

  1. Ez zaio gure edukia interesatzen

Sarean informazioa bilatzen dabilen jende askori ez zaio interesatzen gure web-orriko informazioa. Erabiltzaile horiei lagun diezaiekegu bai bilatzaileetatik web-orrira, bai webguneko ataritik orri zehatzetara alferrik ez sartzen. Honelaxe lagundu ere:

  • Webgunea eta estekak zure arloarekin lotutako lekuetan soilik promozionatu.
  • Eskaini bilaketa gailuentzako deskripzio eta gako-hitz esanguratsuak.
  • Idatzi izenburu argi eta informatiboak, estekak argiak izan daitezen.

 

  1. Izenburua soilik irakurtzen du

Web-orriaren izenburua da erabiltzaileari helarazten diozun lehen eduki informatiboa. Neurri handi batean, Internet izenburuetan oinarritzen da, erabiltzailea web-orrira gonbidatzeko informazio-lagin bakarra izaten baita sarritan.

Hortaz,izenburu argi eta esanguratsuek (leiho berri batean irekitzen da) filtro-funtzioa dute; izan ere, horien bidez testua irakurtzen hasi aurretik bereiz ditzakegu eskaintzen diegun informazioa jaso nahi duten irakurleak eta gaian interesik ez dutenak.

 

  1. Lehen lerroa irakurtzen du

Web-orriaren lehen esaldian eduki guztiaren ideia nagusia zehaztuz gero, irakurle mota honen beharrizanari erantzuten diogu. Azaleko interesarekin edukia eskaneatzen edo gainetik irakurtzen dutenei aukera ematen die testuaren gai nagusiaz jabetzeko segundo pare batean.

Halaber, kontuan izan gailu bilatzaile askok, izenburuaz gain, esaldi bat erakusten dutela beren emaitzetan. Esaldi hori edukiaren sintesia bada, gaiari buruzko interesik ez duen jendearentzako azken filtroa bilakatzen da; izan ere, web-orrira sartu baino lehenago irakurriko du.

 

  1. Lehen paragrafoa irakurtzen du

Web-orriko lehen paragrafoak testu osoaren edukia laburbiltzen badu, aukera ematen dizu segundo batzuez zurean geratzeko prest dauden irakurleengan eragiteko. Prestatu duzun informazio-edukirako sarbide laburra litzateke, bizpahiru esaldiz osatutakoa. Berebiziko aukera, hortaz, gaiarekiko interes-maila txikia dutenengana ailegatzeko.

Egokiena litzateke paragrafoak aurreko puntuan zehaztutako esaldi bakarreko laburpenarekin hastea.

 

  1. Web-orriaren puntu nagusiak irakurtzen ditu

Horrelako irakurleak ase nahi badituzu, erabili tarteko izenburuak testuko puntu nagusiak nabarmentzeko. Sarrera-paragrafoek legez, tarteko izenburuek ere informatiboak izan behar dute. Erabiltzaile askok segundo gutxi batzuk baino ez dituzte emango idatzi duzun orrian; beraz, ez iezaiezu denbora galarazi azaleko esaldiekin edota bigarren zentzua duten izenburu ustez originalekin.

Aurkibide baten antzera, tarteko izenburuek aukera eman beharko liokete irakurleari orriaren eduki nagusiaz jabetzeko, bai eta erraz aurkitzeko interesatzen zaion web-orriko atala.

 

  1. Bigarren mailako puntuak irakurtzen ditu

Bigarren mailako puntuek edukiaren gai nagusiak zehazten dituzte. Horiek nabarmentzeak eskaneatze-lana errazten duenez, onura argiak ditu komunikagarritasunari dagokionez:

  • Azaleko irakurleek erraz lor dezakete edukiaren irudi orokorra.
  • Puntu zehatz baten bila dihardutenek azkar aurkitzen dute nahi dutena.

Hauek dira bigarren mailako puntuak nabarmentzeko teknika nagusiak:

 Eraginkorrena teknika horiek konbinatzea da. Letra lodiak eragin nabaria du arretan; hala ere, komeni da neurriz erabiltzea eta hitz zehatzak nabarmentzea ezen ez esaldi osoak. Bestalde, esaldi nagusia paragrafo guztien hasieran jartzeak monotono bihur dezake bai irakurketa, bai idazketa bera. Amaitzeko, aintzat hartu paragrafo ororen edukia ezin dela buletadun zerrenda gisa egituratu.

 

  1. Xehetasunetan interesatuta dago

Interes-maila altua daukaten irakurleak asetzeko, idazkeraren estiloa landu behar da. Aurkeztutako informazioa beste webgune batzuetan ere aurki badaiteke, gakoa da zure perspektiba eta aurkezpena interesgarri bilakatzea.

Erabili idazteko modu ulergarri eta atsegina; monotonia saihestu eta ukitu pertsonala landu. Bukatzeko, alderantzizko piramidearen (leiho berri batean irekitzen da)irizpidean oinarritu edukiak egituratzean.

 

  1. Informazio sakonagoaren egarri da

Badaude egon gai jakin bati buruz emango diezun informazio guztia irakurtzeko prest daudenak ere. Esan daiteke halako pertsonek paper formatuaren irakurketa-moldeak mantentzen dituztela. Portaera hori asetzeko, gailu egokia eskaintzen digu webaren egiturak: hipertestua.

Eduki bati buruzko xehetasun guztiak oso irakurle gutxiri interesatzen zaizkie. Hala izanik, ez gainkargatu orria informazioarekin, irakurle asko nahasi egingo baitira eta interesa galduko baitute. Egokiena da web-orrian gai bati buruzko arloak modu orokorrean aurkeztea eta arlo horietako bakoitzari buruzko informazio zehatzago eta sakonagoa beste web-orri batzuetara eramatea, loturen bidez, irakurtzen segi nahi dutenek bertara jo dezaten.

Loturok dokumentuaren toki nabarmenetan jarri behar dira. Amaitzeko, kontuan izan kanpoko loturak eskaintzeak erabateko sinesgarritasuna ematen diola webguneari.

 

Irakurle-profil horiek guztiei erantzuteko gakoa edukiak orokorrenetik zehatzenera doan hurrenkeran hedatzea da. Horrela izanik, modu progresiboan eskaintzen dugu informazioa, eta irakurle bakoitzak erabakitzen du noiz osatu duen testuaren ideia orokor bat, eta irakurketa utz dezake, bai nahi zuena aurkitu duelako, bai argi duelako ez dagoela bertan bilatzen dabilena.

Azken finean, post honetan azaldutako irizpideak aplikatuz, zera lortzen dugu: irakurleak nahi ez duten informazioa irakurtzetik salbuestea.

 

Euskadi, auzolana