IVAPen argitalpena: "Zalantza-dantza 2022. Ohiko zalantzak A-tik Z-ra"

egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Baliokideak dira duela eta orain dela? Esanahi bera dute pauso eta pausu, teknikari eta tekniko hitzek? Jatorra da fokua jarri esamoldea erabiltzea honelakoetan?: “Ikerketa orokor gehienek fokua jarri dute estatistiketan”; “Ontzi arinen bilketan fokua jarri du udalak”. Zuzena da derrigorrez forma? Zein hitz gomendatzen du Euskaltzaindiak, pneumatiko ala neumatiko, pneumonia ala neumonia, puntu ala punto? Nola idatzi behar dugu, gutxi gorabehera, gutxigorabehera ala gutxi gora-behera? Noiz erabili behar ditugu komatxoak?
Idazten ari garela, maiz egiten dizkiogu halako galderak geure buruari, eta horiei erantzuteko idatzi dugu liburu hau.
Liburua osatzen duten sarreren informazio-iturriak askotarikoak izan dira: batzuk IVAPeko Dudanet zerbitzuak erantzundakoak dira; beste batzuk gure jardunean —dokumentuak estandarizatzen, argitalpenak atontzen eta ikastaroen edukiak prestatzen— sorturiko zalantzei emandako erantzunetatik ateratakoak. Eta, azkenik, 2001eko Zalantza-dantza liburuan agertutako hainbat sarrera berriztatu ditugu baita beste batzuk bere hartan utzi ere.
Bilaketa errazteko, sarrerak A-tik Z-ra ordenatu ditugu, eta aurkibide bat ere jarri dugu hasieran. Sarrerak egitura aldetik antzekoak dira: lehenengo, azalpen labur eta ulerterraza; eta, ondoren, azaldutakoa ulertzen laguntzen duten adibideak. Liburuak ez dauka izaera arauemailerik; ez dator hizkuntzaren inguruan arauak ematea helburu duten argitalpenak ordezkatzera, baizik eta lehendik zegoen zalantzen bilduma berritu, osatu eta eguneratzera.
Sinboloei dagokienez, sinplifikatzera jo dugu, eta geziak baino ez ditugu erabili: goranzko gezia (↑), hobesten dugun formaren edo adieraren aurretik; eta beheranzkoa (↓), desegokitzat hartzen duguna adierazteko. Beheranzko gezia duten formak desegokitzat jotzeko arrazoi ezberdinak izan ditugu: batzuetan gramatikaren aldetik dira okerrak, beste batzuetan beste aukera bat hobesten da, zalantzazkoa da edo kalko baztergarria.
Espero dugu argitalpen xume hau erabilgarri izatea zure eguneroko jardunean, euskaraz komunikatzean sortzen zaizkizun oztopo eta zalantzak argitzeko. Eta gogoratu, hori nahikoa ez bada, edozein hizkuntza-zalantza argitzeko eskura daukazula DUDANET zerbitzua .
Liburua IVAPen Argitalpenen katalogoa n eskura dezakezu.