Bereizten al dituzu "bezala" eta "bezalakoa"?

#

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Oro har, NOLA galderari erantzuten dio bezalak eta NOLAKOri bezalakoak.

  • Egizu orain arte bezala. (NOLA?)
  • Aspertuta dago, zu bezala. (NOLA?)
  • Zuk ekarri duzun bezala ekarri du. (NOLA ekarri du?)
  • Zuk ekarri duzun (jertse)a bezalakoa ekarri du. (NOLAKOA ekarri du?)



Baina beti ez dira hain garbi bereizten. Ikus ditzagun zalantzazko adibide batzuk:

  • Bi hauen artean, zein da zuzena “Zu ni bezala zara” ala “Zu ni bezalakoa zara”? Biak dira zuzenak, nahiz eta, batzuetan (batez ere, IZAN aditzarekin), ilundu egiten den bereizketa. Batzuen ustez, NOLA galderari erantzuten dio esaldiak; beste batzuen iritzian, berriz, NOLAKOri.

    Ikus ditzagun adibide gehiago:
    Gurasoak bezalaxe dira seme-alabak. / Gurasoak bezalakoxeak dira seme-alabak.
    Izan zaitez zaren bezala. / Izan zaitez zaren bezalakoa.
    Horrela da bizitza, askotan bidegabea. / Horrelakoa da bizitza, askotan bidegabea.

  • Eta, bi hauen artean zein da zuzena “Ez esatea ez jakitea bezala da” ala “Ez esatea ez jakitea bezalakoa da”? Bakarra da zuzena, hauxe: “Ez esatea ez jakitea bezala da”. Aditz-izenez osatutako predikatuetan (-t(z)ea-rekin eratutakoak), bezala da aukera bakarra, NOLA/ZER adierazi nahi baita, ez NOLAKOA.

    Hona hemen adibide gehiago:
    Hori bakarrik hitz egitea bezala / *Hori bakarrik hitz egitea bezalakoa da.
    Isilik egotea ez etortzea bezala / *Isilik egotea ez etortzea bezalakoa da.
    Musika entzutea gustuko zerbait jatea bezala / *Musika entzutea gustuko zerbait jatea bezalakoa da.
    Niretzat hemen egotea mendian egotea bezala / *Niretzat hemen egotea mendian egotea bezalakoa da.

 

Perpaus horietan ez zaio erantzuten Hori nolakoa da? galderari, Hori zer da? galderari baizik. Jarraian, adibide bakoitzari dagokion azalpena jarri dugu, esaldien esanahia hobeto uler dadin:

Adibidea

Azalpena

Hori bakarrik hitz egitea bezala da.

‘hori eta bakarrik hitz egitea gauza bera dira’

Isilik egotea ez etortzea bezala da.

‘isilik egotea eta ez etortzea gauza bera dira’

Musika entzutea gustuko zerbait jatea bezala da.

‘musika entzutea eta gustuko zerbait jatea gauza bera dira’

Niretzat hemen egotea mendian egotea bezala da.

‘hemen egotea eta mendian egotea gauza bera dira’

 

Informazio gehiago:

EUSKALTZAINDIA (1999). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak V (EGLU V). Bilbo: Euskaltzaindia (383.-385.).

— “Berdintasuna adieraztea: bezala/bezalakoa (zaren bezala maite zaitut)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Berdintasuna adieraztea: bezala (hori gezurra esatea bezala da / *gezurra esatea bezalakoa da)”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (55.).