Esaldi bakarreko paragrafoak: arazoak eta konponbideak (II)

#

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Aurreko post batean (leiho berri batean irekitzen da) aipatu genuen bezala, esaldi bakarreko paragrafoak aspaldiko idazkera juridikotik datorkigun buruhauste handienetako bat dira. Paragrafo luzeak ulertzeko zailak izan ohi dira; baita adituentzat ere.

Post honetan, beste adibide praktiko bat ikusiko dugu. Aztertu, eta, urratsez urrats, dituen arazo guztiak konpontzen saiatuko gara.

Jatorrizko testua

“Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta duten pertsonen zerrendan sartuta ez dauden pertsonek ez dute betetzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez onartutako oinarri espezifikoen 3.2 atalean eskatutako baldintza (agindu horren bidez, enplegua finkatzeko prozesu berezietako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde  autonomoetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko salbuespeneko prozesuetako deialdia egiten da). Horren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta izango dute Goi-mailako Teknikarien Kidegoko edo A-2 kidegoko bitarteko funtzionarioek, Zuzenbidean lizentziatuen aukeran”.

                                                    (Gaztelaniazkoaren itzulpena da. Itzultzailea saiatu da testua irakurgarriago egiten.)

- Garrantzitsua ez den informazioa oin-oharretara (leiho berri batean irekitzen da) eramaten dugu. Horrela, testua arindu, eta errazago irakurriko dugu.

Oin-oharrak

1Oinarri espezifikoak  Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez onartu ziren. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomiadunetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko ezohiko prozesuetarako eta prozesu berezietarako deialdia egin zen.

2Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

- Testua bi paragrafotan banatzen dugu (horietako bakoitzak ideia bakarra garatu behar du), eta puntuazio egokia erabiltzen dugu ideiak hobeto uler daitezen.

Jatorrizko testua

Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta duten pertsonen zerrendan sartuta ez dauden pertsonek ez dute betetzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez onartutako oinarri espezifikoen 3.2 atalean eskatutako baldintza […]. Horren arabera, […] deialdi honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta izango dute Goi-mailako Teknikarien Kidegoko edo A-2 kidegoko bitarteko funtzionarioek, Zuzenbidean lizentziatuen aukeran.

Proposamena

Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta duten pertsonen zerrendan sartuta ez dauden pertsonek ez dute betetzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez onartutako oinarri espezifikoen 3.2 atalean eskatutako baldintza […].

Horren arabera, […] deialdi honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta izango dute goi-mailako teknikarien kidegoko edo A-2 kidegoko bitarteko funtzionarioek, Zuzenbidean lizentziatuen aukeran.

- Erreferentzia-mekanismo argiak (leiho berri batean irekitzen da) aukeratzen ditugu irakurketa ez oztopatzeko. Edozein anbiguotasun saihesteko, aurrekari gisa jarduten duen elementua zehazten dugu.

Jatorrizko testua

Horren arabera, […] deialdi honen ondorioetarako…

Proposamena

 Atal horren arabera, […] deialdi honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta izango dute goi-mailako teknikarien kidegoko edo

A-2 kidegoko bitarteko funtzionarioek, Zuzenbidean lizentziatuen aukeran.

- Subjektu nagusia eta aditza esaldiaren hasieran jartzen ditugu; garrantzizko informazioaren aurretik bestelako informaziorik jarri gabe.

- Tartekiak (leiho berri batean irekitzen da)zaintzen ditugu, diskurtsoaren hariaren ulermena oztopa ez dezaten; horretarako, ahal den gehiena laburtu eta erreferentziazko elementuaren ondoan kokatzen ditugu.

Puntuazioari dagokionez, tartekiak komen artean aurkez ditzakegu, baina parentesiak aukeratu ditugu, informazio nagusitik hobeto bereiz daitezen.

Jatorrizko testua

Horren arabera, […] deialdi honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta izango dute Goi-mailako Teknikarien Kidegoko edo A-2 kidegoko bitarteko funtzionarioek, Zuzenbidean lizentziatuen aukeran.

 

Proposamena

Atal horren arabera2, Zuzenbideko lizentziadunen zerrendan (goi-mailako teknikarien kidegoa edo A-2) dauden Eusko Jaurlaritzako bitarteko funtzionarioek egiaztatuta izango dute (deialdi honen ondorioetarako) Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea, baldin eta kidego horretan bost urtetik gorako antzinatasuna bazuten 2016ko ekainaren 8ko Legea indarrean jartzean.  

___________

Subjektua: Zuzenbideko lizentziadunen zerrendan (goi-mailako teknikarien kidegoa edo A-2) dauden Eusko Jaurlaritzako bitarteko funtzionarioek

Aditza: egiaztatuta izango dute.

- Esaldiak errazteko, beharrezkoak ez diren elementuak kentzen (leiho berri batean irekitzen da)ditugu.


Jatorrizko testua

onartutako oinarri espezifikoen 3.2 atalean eskatutako baldintza (…).

Proposamena

oinarri espezifikoen1 3.2 atalean eskatzen dena.

Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta duten pertsonen zerrendan sartuta ez dauden pertsonek ez dute betetzen […] oinarri espezifikoen 3.2 atalean eskatutako baldintza

Zerrendan ez daudenek ez dute betetzen oinarri espezifikoen1 3.2 atalean eskatzen dena.
_____________

*Zerrendaren azpian doan testu zatia denez, sobera dago hasierakoa.

Sahiestu ezezko bikoitzak(leiho berri batean irekitzen da). Zentzu positiboan pentsatu eta hitz egiten ohituta gaude; beraz, esaldi negatiboak darabiltzagunean, irakurketa oztopatzen ari gara, are gehiago esaldi berean bi ezezko jartzen ditugunean.

Jatorrizko testua

“Eusko Jaurlaritzako abokatuen espezialitatea egiaztatuta duten pertsonen zerrendan sartuta ez dauden pertsonek ez dute betetzen Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez…

Proposamena

Zerrendatik kanpo geratu direnek ez dute betetzen oinarri espezifikoen1 3.2 atalean eskatzen dena.

- Letra larriak (leiho berri batean irekitzen da) beharrezko direnean soilik erabiltzen ditugu. Elementuak nabarmentzeko hobe da beste baliabide batzuk erabiltzea.

Jatorrizko testua

Goi-mailako Teknikarien Kidegoko…

Proposamena

goi-mailako teknikarien kidegoko…

Jarraian, behin aldaketak aplikatuta, testuaren behin betiko proposamena aurkezten dugu:

Zerrendatik kanpo geratu direnek ez dute betetzen oinarri espezifikoen1 3.2 atalean eskatzen dena.

Atal horren arabera2, Zuzenbideko lizentziadunen zerrendan (goi-mailako teknikarien kidegoa edo A-2) dauden Eusko Jaurlaritzako bitarteko funtzionarioek egiaztatuta izango dute (deialdi honen ondorioetarako) Eusko Jaurlaritzako letraduen espezialitatea, baldin eta kidego horretan bost urtetik gorako antzinatasuna bazuten 2016ko ekainaren 8ko Legea indarrean jarri zenean.  

1Oinarri espezifikoak  Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2022ko irailaren 8ko Aginduaren bidez onartu ziren. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomiadunetako kidego eta eskaletan enplegua finkatzeko ezohiko prozesuetarako eta prozesu berezietarako deialdia egin zen.

2Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.