"Inor" ala "norbait"?

#

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Inor/norbait, ezer/zerbait eta antzeko bikoteak nahasteko joera dago; baina, antzekoak izan arren, ez dira guztiz baliokide.

Oro har,
norbait, zerbait eta kidekoak zehatzagoak dira. Aldiz, inor eta ezer bezalakoek balio zehaztugabeagoa daukate. Bien arteko aldea galdetzen duenak espero duen erantzunean dago. Esate baterako:

          Ezerk beldurtzen al zaitu? (galdetzen duenak ezezko erantzuna espero du, ez baitu uste bestea ezerk beldurtzen duenik).
          Zerbaitek beldurtzen al zaitu? (galdetzen duenak baiezko erantzuna espero du, susmoa du bestea zerbaiten beldur izango dela).

 Hona hemen beste adibide batzuk:
         
          Izan zara inoiz Berlinen? (Galdetzen duenak uste du bestea inoiz ez dela egon Berlinen eta erantzuna ezezkoa izango dela, nahiz eta baiezkoa ere izan daitekeen.)
          Izan zara noizbait Berlinen? (Bestea Berlinen egon delako susmoa dauka, baiezko erantzuna espero du.)
          Inor etorri al da? (Jenderik etorri den galdetzen ari da, baina ez dago inoren zain.)
          Norbait etorri al da? (Etortzekoak zirenetatik, ea norbait etorri den galdetzen ari da.)

Inor, ezer, inoiz eta antzeko formak ez dira beti ezezko (nahiz eta uste hori oso zabalduta dagoen). Halakoek ezezko balioa izan dezaten, ezinbestez behar dute ez partikula aldamenean.

Inguruko hizkuntzen eraginez edo, sarritan, ez partikularik gabe erabiltzen ditugu. Beraz, kontuz, halakoak gaizki daude eta:
          Zer esan du? *Ezer (Ezer ez)
          Nork egin du hori? *Inork (Inork ez)
          Norekin etorri zara? *Inorekin (Inorekin ez)

     Ez partikula birritan jartzea ere izaten da beste akatsetako bat. Beraz, kontuz halakoekin ere:

           *Ez dut ezer ez ulertzen. / Ez dut ezer ulertzen.
           *Ez dugu ezer ez egin. / Ez dugu ezer egin.
           *Ez da inor ez etorri. / Ez da inor etorri.

Baieztapen-perpaus batzuetan ere erabiltzen dira ezer, inor eta kidekoak; batez ere, baldintzazkoetan.

         
Inork lagunik badu, hark ditu leku guztietan.
          Ezer egitekorik baduzu, egizu behingoz, eta goazen!

Honako hauek ere egokiak dira, baina ez dute partitiboaren marka (-(r)ik) hartzen:

          Norbaitek lagunak baditu, hark ditu leku guztietan.
          Zerbait egiteko baduzu, egizu behingoz, eta goazen!

Inoiz adberbioa baieztapen-perpausetan ere erabiltzen da. Honela:

          Inoiz joan izan gara gurasoekin oporretan.
          Inoiz eman izan dugu eskola kalean.

Mendebaldeko euskalkietan, inor izenordainak erabilera berezia dauka: “inoren” esanda, ‘besteren’, ‘norberarena ez den’ adierazten da.

          Lanean hasi nintzenean autoa erosi nuen, eta inoren pentzudan egoteari utzi nion.
          Apopilo da, norberaren etxean barik, inoren etxean bizi dena alokairu bat ordainduta.

Norbait, zerbait eta kideko izenordainen esanahi berekoak ditugu nor edo nor (mendebaldean, nonor), zer edo zer (mendebaldean, zeozer) eta abar.

          Ez zaitez joan zerbait jan barik. Ez zaitez joan zer edo zer jan barik. Ez zaitez joan zeozer jan barik.
          Norbait etorriko da bihar goizean. Nor edo nor etorriko da bihar goizean. Nonor etorriko da bihar goizean.

Halakoak deklinatzean, azken elementuak baino ez du hartzen deklinabide-atzizkia:

          Zer edo zerk entretenituko al du!
          Zer edo zertan ematen du eguna.
          Zer edo zerekin konponduko du atea.

Kasu-atzizkia bukaeran behar dutela argiago erakusten dute aldaera laburtuek:

          Zeozerk entretenituko al du!
          Zeozertan ematen du eguna.
          Zeozerekin konponduko du atea.