Bat eta bat bi ez direnean
egilea: Edurne Romano Igartua,
Zeinen alde egingo zenuke?
- Aldez aurretik eskertzen dizut arreta eta laguntza.
- Aldez aurretik eskertzen dizkizut arreta eta laguntza.
Entzuna eta ikasia dugu, Jainkoaren hitza balitz bezalaxe, eta hitzaren bidez sortzen diren emendiozko juntadurek pluralean egiten dutela komunztadura.. Amen! Edonork zuzenduko dizu, esaldia amaitu orduko, –dizkizut– zure ezpainetatik autozuzenketarako astirik eman gabe. Zergatik egiten zaio, bada, gure belarriari naturala Aldez aurretik eskertzen dizut arreta eta laguntza?
Gai honen inguruan, honako hau dio Euskaltzaindiak: “Emendiozko juntadurak —eta juntagailuaren bidez eginikoak, alegia— aditza pluraleko komunztadura hartzera behartzen du, oro har: Frantsesa eta ingelesa ikasi nahi ditu. Liburu bat eta aldizkari bat erosi nituen.”
Baina badira, ordea, tradizioan jasotako zenbait salbuespen, aberastasunaren seinale. Halakoetan, bi moldeak zilegi dira –singularra zein plurala–. Hementxe jasoko ditugu horietako batzuk:
- Batzen direnak, juntagaiak, sinonimoak edo hurbileko izenak direnean.
Hemen ikusi den arreta eta zehaztasuna.
Hemen ikusi diren arreta eta zehaztasuna.
- Juntagaiak erreferente berekoak direnean, alegia, multzoa adierazten dutenean.
Bazkaria geuk egingo dugu, zuek ogia eta ardoa ekarri behar duzue, besterik ez.
Bazkaria geuk egingo dugu, zuek ogia eta ardoa ekarri behar dituzue, besterik ez.
- Elkartzen direnak izen abstraktuak direnean.
Euskal literaturaren ospe eta entzutea ez da behar adinakoa.
Euskal literaturaren ospe eta entzutea ez dira behar adinakoak.
- Deskribapenetan eta gisakoetan, elipsi-jokoa tarteko.
16 cm inguru luzeko gorputza [duena] eta 20 cm-ko isats oratzailea duena.
16 cm inguru luzeko gorputza [duena] eta 20 cm-ko isats oratzailea dituena.
Pluralak bat omen du batuketatik, bat eta bat bi izatetik; ez antza, horrenbeste, abstrakzioak elkartzetik, multzoak sortzetik ala deskribapenetatik. Izan ere, halakoetan bik bat osatzen dute, eta emaitzak badira ala ez dira, singularrean zein pluralean.


