Euskaltzaindiaren 2025eko urtarrileko eguneratzea

egilea: Hostaitza Zubeldia Zumarraga,
Euskaltzaindiak urtean bitan berritzen du bere hiztegia . Azken eguneratzea 2025eko urtarrilean argitaratu du, eta bertan 795 forma berri bildu ditu: 513 sarrera, 199 azpisarrera eta 83 ohiko lexia. Jarraian, berrikuntza horien nondik norakoak azalduko dizkizuegu.
Sarrera berri gehienak sukaldaritzaren ingurukoak dira; izan ere, Euskaltzaindiaren esanetan, hutsune handi samarra zegoen gai horretan. Hori dela eta, azken eguneraketarekin, azpicorpus espezifikoa sortu dute (EITB eta Berriaren lanak oinarri hartuta), hitz horiek erraz eskuratzeko modukoak izan daitezen. Honako hauek sartu dituzte, besteak beste: alioli, ajoarriero, guakamole, halal, fideua, fumet, karamelizatu, sueztitu, salmorejo, salteatu, wok…
Dena dela, horiek ez dira eguneraketa bakarrak izan, eta egungo mundua deskribatzeko beharrezko hitzak ere gehitu dituzte; adibidez, topless, bolivarista, ultraliberal, cd, reggaeton, kontserbazionista, spoiler, kalaxnikov… Medikuntzaren arloko hitz ugari ere bai: gluteo, hermafroditismo, hipergluzemia, luxazio, ortorexia, psikismo, pankreatitis, tiroideo, zerebrobaskular…
Azpisarrerei dagokienez, protagonistak sukaldaritzarekin lotutako hitzak dira: xuri eta beltx, piper txorizero, glas azukre, cherry tomate, banilla-leka… Atal honetan medikuntzako hitzak ere badira, baina baita politikagintzakoak ere; esaterako, Nafarroako Foru Komunitate. Horretaz gain, azpisarrera batzuetan adibideen moldaketak egin dituzte, eta aditz erregimena ere berrikusi dute, besteak beste, honako hitz hauetan: aitaren egin, argitaratu, asper-asper egin, enbarazu egin, kukuak jo…
Ohiko lexia gehienak ere sukaldaritza kontuak dira: curry hauts, Gernikako piper, Ezpeletako piper, foie fresko, pizza ore, Roquefort gazta…
Hortaz, Euskaltzaindiaren azken berrikuntzek euskara dinamikoa izatea eta egungo mundura egokitzea ahalbidetzen dute.
Amaitzeko, gogoratu lineako hiztegia berrituta dagoela, eta erabiltzea oso erraza dela.
Oharra: 2024ko uztailean argitaratu genuen post batean dago azalduta sarrera, azpisarrera eta ohiko lexia zer diren: Azken urtean Euskaltzaindiak onartu eta moldatu dituen hitzak
Informazio gehiago:
2025eko urtarrileko eguneratzea (Euskaltzaindiaren albistea)