Kontuz esaldi puztuak idazteko ohiturarekin

#

egilea: Administrazio Hizkeraren Arloa, 

Esaldi bat ulertzea lan konplexua izan daiteke bere baitan elementu asko biltzen baditu; izan ere, osagaien artean dauden lotura guztiak ezartzea eta argitzea eskatzen baitio irakurleari. Askotan ariketa gogaikarria izan daiteke, eta sarritan irakurketaren haria galtzea eragin dezake, are gehiago testua ingurune digital batean irakurtzen ari bagara.

Esaldiak labur eta sinple taxutzea komunikaziorako egokiena dela esanez gero, itxura batean idazketa-prozesua errazten dugula dirudi. Ziurrenean, ondo hasiko zara, esaldiaren ideia nagusia argi izanik, baina, ohikoa denez, pixkanaka, ilunduz joango zaizu lana, bestelako elementuak ere sartu nahi dituzulako informazioa osatzeko. Azkenean, dena nahaspilatzen bukatuko duzu, eta, ezinbestez, esaldi luze eta konplexuak idazten amaituko duzu.

Hain zuzen ere, esan daiteke testu ilunak idaztearen arrazoi nagusienetakoaren oinarrian esaldi berean ideia ugari pilatzeko dugun joera hori dagoela.


Ideien pilaketa esaldi berean

Saihestu ezazu nahi duzun guztia esaldi bakarrean jartzeko tentaldia. Mendeko perpausez eta salbuespenez beteriko esaldi batek nahastu eta nekatu egiten ditu irakurleak, esaldiko ideia guztien arteko loturak ezarri eta argitu behar dituzte eta.

Horrelako esaldien aurrean, hobe da ideia ataletan zatitzea, eta horietariko bakoitza esaldi bateko subjektu bihurtzea.

Beraz, esaldiak eratzekoan zehaztasuna bilatzera jo behar dugu. Azken finean, luzera baino, garrantzitsuagoa da esaldietako edukien pisua aztertzea; alegia, gure idazketa ohiturei erreparatu behar diegu eta antzeman ezen, sarritan, alferrikako elementuak pilatzen ditugu esamoldeetan.

Ohikoa da baita mendeko perpaus bat baino gehiago jartzea esaldi berean; zenbaitetan baita mendeko perpausen mendekoekin ere. Horrelako esaldiak arintzeko, bi pausotako metodologia gomendatzen dizugu: