Praktika: Izenburu egokiak nola idatzi

egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Izenburu egokiak idazteko aholkuak
Izenburuek jarraian datorren testuak eskaintzen duen edukia iragartzen dute hitz gutxitan laburbilduta. Irakurleari aparteko laguntza ematen diote, ez baitu zertan dokumentu osoa irakurri edukiaren ideia nagusiaz jabetzeko: izenburu egokia aukeratu badugu, irakurleak denbora asko aurreztuko du.
Izenburu bat egokia izan dadin, esanguratsua, zehatza eta sinplea izan behar du. Hitzetako bakoitzak ezinbestekoa izan behar du izenburuan. Hitz batez edo biz osatutako izenburuek nekez balio dezakete dokumentu baten gaia eta helburua identifikatzeko; baina, gehienez, 10-12 hitz izan behar dituzte.
Nola zatitu eta lerrokatu izenburua?
- Dokumentuetako izenburuak, ahal dela, bi lerrotan eta erdira lerrokatuta aurkeztuko ditugu. Honela:
Izenburua: dokumentu mota (lehen lerroan)
Azpititulua: GAIA (bigarren lerroan)
- Web-orrietakoak, berriz, ezkerretara lerrokatuko ditugu, eta izenburuaren arabera erabakiko dugu zatitu ala ez.
Garrantzitsuak direla nabarmentzeko, ortotipografia-elementuak, letra-tamaina, letra lodia edo larria erabiliko ditugu. Horrez gain, honako irizpide hauek ere kontuan hartuko ditugu:
- Ez dugu inoiz punturik idatziko izenburuaren amaieran (galdera-markak bai, erabil ditzakegu).
- Ez ditugu letra etzanez idatziko.
- Ez ditugu azpimarratuko (esteketatik bereizteko).
- Ez dugu laburtzapenik erabiliko (are gutxiago ezohikoak badira).
Jatorrizko izenburua |
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA HAREN ORGANISMO AUTONOMOETAKO HAINBAT KIDEGO ETA ESKALETAN ENPLEGUA FINKATZEKO SALBUESPENEZKO PROZESUETAN ETA PROZESU BEREZIETAN AZKEN KALIFIKAZIOEN BEHIN BETIKO ZERRENDAK ETA ESKAINITAKO LANPOSTUEN ARGITALPENA EGIN DA. |
Zein akats ditu izenburu horrek?
- Bukaeran puntua dauka.
- Luzeegia da. Laburtu dezakegu, eta kentzen duguna testura eraman.
- Esaldi bakarrean ematen da dena.
- Informazio garrantzitsuena atze-atzean dago (argitalpena egin da). Horrez gain, estilo nominala erabili da.
- Larriz idatzita dago. Hobe da letra xehez eta lodiz idaztea, batez ere hain luzea denean.
Nola jarriko genuke?
A aukera (web orrietarako) |
Enplegua finkatzeko hainbat prozesutan, argitaratu dira azken kalifikazioen behin betiko zerrendak eta eskaintzen diren lanpostuak |
B aukera (dokumentuetarako) |
Enplegua finkatzeko prozesuak Argitaratu dira hainbat prozesutako azken kalifikazioen behin betiko zerrendak eta eskaintzen diren lanpostuak |
Jatorrizko izenburua |
Karrerako funtzionario izendatzeko eta lanpostuaz jabetzeko behar diren agiriak Funtzio Publikoko Zuzendaritzan aurkezteko 20 egun balioduneko epea irekitzen da, Administrarien Eskalan eta Administrari Laguntzaileen Eskalan enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuetan eta prozesu berezietan |
Zein akats ditu izenburu horrek?
- Luzeegia da. Laburtu dezakegu, eta kentzen duguna testura eraman.
- Esaldi bakarrean ematen da dena.
- Erdira lerrokatuta dago, baina pantailako testuetan dena ezkerretara lerrokatzea gomendatzen da.
Nola jarriko genuke?
A aukera (web-orrietarako) |
Agiriak aurkezteko epea ireki da enplegua finkatzeko hainbat prozesutan |
B aukera (dokumentuetarako) |
Enplegua finkatzeko prozesuak Agiriak aurkezteko epea // Agiriak aurkeztea |