Testu-antolatzaileak lagun, testua txukun-txukun
egilea: Ander Gartzia Badiola,
Demagun automobila gidatzen goazela hiriko etorbide nagusitik. Semaforo eta zebra-bide ugari gurutzatu beharko ditugu erdialdera iritsi aurretik. Halere, zortea lagun dugula, gaurkoan semaforo guztiak berdean igarotzen ari gara eta bidaia xamurra izaten ari da. Gorputza erlaxatuta doa eta irratitik entzuten dugun abestiak irribarre bat margotu digu ezpainetan. Trafikorik gabe, azkar egin dugu aurrera, bidaiaz disfrutatuz.
Irakurketa prozesuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Testuak egitura argia daukanean, gure ulermenak oztoporik gabe egiten du lan. Esaldiak irakurri ahala jasotako informazioa ordenatu egiten dugu kaxoietan, ia ahaleginik gabe, eta modu naturalean barneratzen ditugu testuaren ideiak. Irakurketa bera ere azkarragoa da, noski.
Testuari egitura argi bat emateko, oso lagungarriak dira testu-antolatzaileak. Batik bat, baliagarriak dira ideiak, esaldiak, eta esaldi multzoak lotzeko, baina baita testuari koherentzia emateko ere. Testu-antolatzaileak esamolde edo hizkuntza-unitateen bidez eratzen dira; diskurtso baten zati ezberdinak lotzen dituzte, eta haien artean dagoen erlazio semantikoa adierazten dute. Gehienetan, lokailuek betetzen dute funtzio hori.
“Ni ez naiz arrazista; hala ere, …”
Kasu honetan, hala ere lokailuak aurreko perpausean esandakoarekiko aurkaritza adierazten du, eta irakurleak ja antzeman dezake testua idatzi duen autorearen asmoa zein izan daitekeen.
Antzeko zerbait gertatzen da testu-antolatzaileek esaldi edo testu zati baten ondotik zer datorren iragartzen digutenean. Horretarako, pista lagungarriak erabili ohi dira, errazago jakiteko hurrengo esaldia nola ulertu beharko genukeen. Beheko adibidean ikus dezakegu hobeto:
|
Xabierrek atariko proban oso nota ona lortu zuen eta entzumenezko ariketan ia galdera guztiak zuzen erantzun zituen. Hala ere, ahozkoa gaizki egin zuen eta azkenean ez du gainditu C1 azterketa. |
Xabierrek, nahiz eta atariko proban oso nota ona lortu eta entzumenezko ariketan ia galdera guztiak zuzen erantzun, ahozkoa gaizki egin zuen eta azkenean ez du gainditu C1eko azterketa. |
Kasu honetan, nahiz eta egiturak adierazten diguna da perpaus nagusiaren ideia orokorra ez dela menpeko perpausaren norabide berean joango. Alegia, esaldia irakurtzen hasi bezain pronto, badakigu ideia orokorrak itzulinguru bat eman dezakeela amaieran.
Modu berean, testu-antolatzaileak oso baliagarriak dira mezua igorri nahi duenarentzat; modu egokian erabiliz gero, hartzailea nahi duen bidetik eramango du, komunikazioa erraztuz. Izan ere, testu-antolatzaileek informazio ugari eman dezakete: esaldiaren egitura, esaldien arteko konexioak, egilearen komunikazio-asmoa... Horregatik, lerroaldearen edo esaldiaren hasieran joan ohi dira, irakurleak lehen begiratuan esaldiaren forma uler dezan.
Irakurleari “seinaleak” eskaini ezean, paragrafo luzeetan galdu daiteke. Lokailuen bidez, “aztarnak” eman behar dizkiogu arreta aktibatzeko eta informazioa egoki barneratzeko:
|
Jatorrizkoa |
Egokitua |
|
Dirulaguntzak kudeatzeko prozedurak urrats berak izango ditu kasu guztietan. Ø Erakundeak berrikusiko du eskabideko datuak zuzenak direla; Ø ziurtatuko du eskatzaileak onuradun izateko baldintzak betetzen dituela; Ø egiaztatuko du dirulaguntzaren xedea araudian zehaztutakoa dela, Ø eta gerta daitezkeen herri-intereseko edo ekonomia- zein gizarte-inguruabar bereziak aztertuko ditu. |
Dirulaguntzak kudeatzeko prozedurak urrats berak izango ditu kasu guztietan: lehenik, erakundeak berrikusiko du eskabideko datuak zuzenak direla; bigarrenik, ziurtatuko du eskatzaileak onuradun izateko baldintzak betetzen dituela; hirugarrenik egiaztatuko du dirulaguntzaren xedea araudian zehaztutakoa dela; eta, azkenik, gerta daitezkeen herri-intereseko edo ekonomia- zein gizarte-inguruabar bereziak aztertuko ditu. |
Baina kontuz! Gauza guztiak bezala, testu antolatzaileak ere neurrian erabili behar dira. Larregi erabiliz gero, testuak astunak egingo zaizkigu.
Testu-antolatzaile motak
Oro har, testu-antolatzaileak bi multzo nagusitan sailka daitezke: alde batetik, testu-antolatzaile egituratzaileak daude, testuaren antolaketa eta egitura markatzen dutenak. Hau da, ideien azalpena diskurtso batean ordenatzen dute eta horren zatiak zein diren adierazten dute.
- Hasierakoak: Diskurtso bat edo diskurtsoaren zati bat hasteko balio dute.
Testua ordenatzeko: lehenik eta behin, hasteko, alde batetik / bestetik, ezer baino lehen, ezerekin ekin baino lehen, jarraian ikusiko dugunez, sarrera gisa, etab.
Gai edo iritzi bat aurkezteko: -ri dagokionez, nire ustez, nire iritziz, -(r)en arabera, -(r)en ustez, -(r)en esanetan, antza denez, dirudienez, badirudi… -(e)la, dudarik gabe, zalantzarik gabe, argi dago… -(e)la, bistan da… -(e)la, etab.
- Segidakoak: Ideiei jarraipena emateko balio dute, informazioa testu batean ordenatuz: lehenik/bigarrenik, jarraian, ondoren, azkenik, hasteko/amaitzeko, alde batetik/bestetik, aldi berean, aurrerago, gaur egun/antzina, etab.
- Itxierakoak: Testu baten edo haren zati baten amaiera adierazteko balio dute. Laburbiltzeko ere balio dute: laburbilduz, labur esanda, hitz gutxitan esanda, amaitzeko, bukatzeko, ondorio gisa, honenbestez, horrenbestez, hainbestez, etab.
Bestetik, testu-antolatzaile semantikoak daude. Hauen helburua da diskurtso batean aurki daitezkeen zatien arteko erlazioak osatzea.
Testu_antolatzaileak.pdf (PDF, 10 MB)
Egia da aipatutakoak baino askoz testu-antolatzaile gehiago daudela. Gainera, baliteke horietatik zenbait kategoria ezberdinetan errepikatzea. Hala ere, horrek ez du esan nahi kasu guztietan trukagarriak direnik. Zenbait testu-antolatzailek esaldiaren interpretazioari eragiten dioten ñabardura batzuk iradoki ditzakete; beraz, beharrezkoa izango da testuinguru bakoitzean duten egokitasuna eta esanahia ebaluatzea.



