Guztiok ulertzeko moduan: Espainiako Konstituzioa, hizkera argian berridatzita

Guztiok ulertzeko moduan: Espainiako Konstituzioa, hizkera argian berridatzita

egilea: Administrazio Hizkeraren Arloa, 

Herritar gehienentzat testu juridikoak abstraktuak izateaz gain, konplexuak ere badira. Badago testu-legeetatik edo agiri judizialetatik urruntzen gaituen amildegi bat. Zenbat jendek irakurri ote du Espainiako Konstituzioa? Beno, eman diezaiogun buelta galderari: zenbat jende ez da saiatu ere egin Konstituzioa irakurtzen, bertan ageri den hizkera konplexuegia eta teknikoegia delako?  

Oztopo hori gainditzeko, PLAIN (Plain Language Association International) nazioarteko elkarteak Espainiako Konstituzioaren bertsio berria aurkeztu du (leiho berri batean irekitzen da), hizkera argiaren irizpideetara egokitua. Berrargitalpen honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, Konstituzioan aurki dezakegun informazioa aise bilatzea eta erabiltzea; eta, bestetik, ulermena erraztea. Testu berria La Constitución clara izenarekin bataiatu dute (Konstituzio argia), eta argi utzi nahi izan dute asmoa ez dela Konstituzioaren eduki juridikoa aldatzea, ezta berriz interpretatzea ere.

Izan ere, hizkera argiak ez du esan nahi gai bati zehaztasuna kendu behar zaionik. Lelo hori argi nabarmendu nahi izan dute testu berriaren hitzaurrean: "Argi dezagun: hizkera  argiak ez du esan nahi testuari garrantzia kendu behar zaionik edo testua infantilizatu egin behar denik; hizkera argian idatzi behar da mezua garbi iristeko, gure herrialdean bizi den pertsona orok uler dezan, bere ezagutza-maila edozein delarik ere. Herritarrei lagundu egin behar diegu Konstituzioak zer dioen ulertzen, nahiz eta prestakuntza juridikorik ez izan. Jakin behar dute eguneroko bizitzan nola eragiten dien".

Dokumentua idazteko, teknika zehatzak erabili dira: esaldi laburragoak idatzi dira, ordena logikoa (lehendabizi gauza orokorrak, ondoren bereziak) mantendu da, aukera izan denean aditza orain aldian jarri da, dokumentu osoan termino koherenteak erabili dira, erredundantziak ezabatu dira eta kohesioa hobetu da. Kalitatea bermatzeko, hizkera argiaren nazioarteko irizpideak hartu dira oinarritzat (ISO 24495 arauaren printzipioak), bai eta RAEren eta ASALEren la Guía Panhispánica de lenguaje claro y accesible (Hizkera argi eta eskuragarriaren gida Panhispanikoa).

Honen erakusgarri da ondorengo testuaren moldaketa, jatorrizko bertsioan (gaztelaniaz):

Testu juridikoetan oso ohikoa da paragrafo trinkoak idaztea, eta, ondorioz, esaldien arteko loturak adierazteko lokailu asko erabiltzen dira. Hala ere, eduki bera zerrenda bidez eskainiz gero, argiago ulertzen da.

Beste adibide argi bat da Espainiako arau gorenaren 32. artikulua: gaur egungo errealitatea modu egokian islatzen duen formula berria bilatu dute, araua aldatu gabe.

La Constitución clara-k modu honetan arrazoitu du aldaketa, hurrengo irudian ikus dezakegun bezala: "32. artikuluak beste kasu esanguratsu bat eskaintzen digu. Bai gizonak eta bai emakumeak berdintasun juridiko osoz ezkontzeko eskubidea dute. 1978an beharrezkoa zen berdintasun hori zehaztea, diktadura garaian emakumeak gizonaren estatus juridikoaren menpe zeudelako. Gainera, 2005etik aurrera, sexu bereko pertsonak elkarrekin ezkondu daitezke Espainiako Estatuan. Horrela, gizona eta emakumea soilik aipatuta, artikulua ez zegoen osatuta".

Konstituzioa are ulergarriagoa egiteko, idazketaz arduratu den lan-taldeak glosario praktiko bat osatu du, dokumentuaren amaieran. Bertan, Espainiako Konstituzioan erabilitako termino espezifikoak (juridikoak, instituzionalak nahiz teknikoak) hitz soilez definitu dituzte.

Beraz, jada ez duzu aitzakiarik: Konstituzioa irakurtzea eta ulertzea ez zaizu horrenbeste kostatuko. Konprobatu zuk zeuk: sartu estekan (leiho berri batean irekitzen da) eta begiratu berridatzitako testuari. Hizkuntza argia beti zaigu lagungarri.