Informazio orokorra (hizkuntza-eskakizunak)
EAEko administrazioen zerbitzuan diharduten langileen euskara-gaitasuna da hizkuntza-eskakizuna. Gaitasun hori lau mailatan banatzen da: lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak.
Administrazioko lau hizkuntza-eskakizun horiek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu ziren 297/2010 Dekretuaren bidez:
- 1. HE = B1
- 2. HE = B2
- 3. HE = C1
- 4. HE = C2
Administrazioko langileen hizkuntza-eskakizunak IVAPek kudeatzen duen hizkuntza-eskakizunen erregistroan jasotzen dira.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko hiru bide daude:
- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPek antolatzen dituen deialdiak. Izena emateko epeak dirauen tartean EAEko administrazioren batean lanean ari direnek parte hartu dezakete. Urtean bi deialdi antolatzen dira.
- Herri-administrazioko erakundeek (udalek, aldundiek...) euren lanpostuak betetzeko deitzen dituzten hautaketa-prozesuetan. Lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko egiten diren azterketetara aurkez daitezke hautaketa-prozesuko hautagaiak.
- Europako Erreferentzi Marko Bateratuak bideratutako euskara tituluen baliokidetza sistemaren bidez. Hizkuntza-eskakizunen erregistroan jasotzen dira hizkuntza-gaitasun zehatza adierazten duten euskara-titulu horiek beren baliokidetza adieraziz.