Joan edukira

Kode etikoa eta jardunbide onak

Kode etikoa eta jardunbide egokiak

RVAPren etika editorialaren eta jardunbide egokien adierazpena

Adierazpen honen helburua da jasotzea zer konpromiso hartzen dituen Administrazio Publikoaren Euskal Aldizkariak argitalpen-prozesuko gardentasuna eta integritatea ziurtatzeko.
Konpromiso horiek Argitalpen Batzorde Etikoaren kode etikoan inspiratzen dira (ABE), zeina hala editoreei nola berrikusle eta egileei zuzentzen baitzaie (Commitée on Publication Ethics): http://publicationethics.org/resources/code-conduct

Egileen konpromisoak
• Originaltasuna eta plagioa: eskuizkribuak RVAPera bidaltzen dituzten egileek ziurtatuko dute lanak originalak direla eta ez dutela beste egile batzuek argitaratutako beste lan batzuen zati handirik, eta jaso ditzaketenek, berriz, ondo adierazten dutela zein den aurreko argitalpenaren data eta tokia. Gainera, ziurtatuko dute datuak egiazkoak direla; hau da, ez dela aldatu datu enpirikorik. Alderdi horiek detektatzeko, horretarako prestatutako programa informatikoak ere erabili ahal izango dira, baina Aldizkariko Zuzendaritzak gainbegiratu beharko du beti, gida honetan jasotako jarraibideei jarraikiz: COPE Gida, Argitalpen Editoreen Jardunbide Egokiak. Ezer plagiatu dela frogatuz gero, Zuzendaritzak edo Erredakzio Kontseiluak ez dute baimenduko ezer argitaratzea.
• Argitalpen anitzak eta/edo errepikakorrak: egileak ez du artikulurik argitaratu behar aldizkari zientifiko baten baino gehiagotan, baldin eta artikulu desberdinetan emaitza berak errepikatzen badira. Desegokitzat eta gaitzesgarritzat jotzen da ekarpen bera egitea aldi berean aldizkari zientifiko askori.
• Argitaratzeko arauak: egileak errespetatu beharko ditu originalak aurkezteko arauak, aldizkariaren web-orrian egongo baitira. Era berean, web-orrian zehaztuko da zein diren Aldizkariaren estilo-arauen inguruko zehaztapen formalak, egileek errespeta ditzaten argitaratzeko bidaltzen dituzten originaletan. Lanak euskarri informatikoan bidali behar dira, posta elektronikoz, Aldizkariko Idazkaritzara: argitalpenak-ivap@ivap.eus. Lanak jaso, eta gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, adieraziko da jaso direla.
• Iturri-zerrenda: egileak zuzen adierazi behar du beti zein diren iturriak eta zer ekarpen aipatzen diren artikuluan.
• Egiletza: lanaren egiletzari dagokionez, bermatu beharko da jasotzen dela nork egin dion ekarpen zientifiko edo intelektualen bat lanari.
• Interes- eta dibulgazio-gatazkak: lanaren hasieran, egileak espresuki adierazi behar du zer lotura profesional edo pertsonal izan daitekeen garrantzitsu. Orobat adierazi behar du zer finantzaketa-iturri jaso den argitalpenarekin lotutako ikerketa-jarduerarako.
• Erantzukizuna: egile guztiek bere gain hartuko dute norberak idatzitakoaren erantzukizuna, eta kontuan izan beharko dute zein den aztertutako gaiaren inguruko literatura zientifikorik berriena eta zein diren ezagutzaren korronte desberdinak.
• Argitaratutako artikuluetako erroreak: egileak ikusten badu errore handiren bat edo zehaztasun faltaren bat azaltzen dela bere lanean, berehala jakinarazi beharko die aldizkariko editoreei, eta informazio guztia eman beharko die artikuluaren behealdean zuzen dezaten.

Lan-berrikusleen konpromisoak
• Pareka zuzentzea: gutxienez, Administrazio Publikoaren Euskal Aldizkariko Aholku Batzordeko bi espezialistek (kanpokoak) ebaluatuko dituzte lanak, anonimatu bikoitzeko sistemaren bidez. Artikulua ebaluatzen duten bien artean desadostasun handirik badago, hirugarren ebaluatzaile baten iritzia ere eskatu ahal izango da. Lanak ebaluatzeko aukeratzen diren adituei ez zaie esango nor diren egileak.
• Argitaratzeari buruzko azken erabakia: txosten horiek aztertuta, Erredakzio Kontseiluak hartuko du behin betiko erabakia lana argitaratzeari buruz.
• Eskubideak lagatzea: lanak argitaratzeko bidaliz gero, horrek berekin dakar soilik Administrazio Publikoaren Euskal Aldizkariari lagatzea argitaratuko diren artikuluen erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko eskubideak, euskarri informatikoan argitaratzekoak barne.
• Denborak: ebaluatzaileek konpromisoa hartuko dute ahalik eta lasterren ebaluatzeko lanak, entrega-epeak errespeta daitezen.
• Konfidentzialtasuna: konfidentzialtzat joko dira berrikustera bidaltzen diren lan guztiak. Beraz, testu horiek ezingo dira inorekin eztabaidatu.
• Objektibotasuna: lanak berrikustean, batez ere alderdi hauek aztertuko dira objektiboki: xedearen garrantzia, argumentuaren egitura eta garapena, erredakzioa eta estiloa; kalitatea eta metodologia (erabilitako erreferentzien egokitasuna barne); zer ekarpen zientifiko egiten duten eta zer eragin izan dezaketen, eta ea errespetatzen diren Aldizkariaren irizpide formalak. Txosten guztietan, berrikusleak adierazi beharko du zein diren aztertutako lanen alderdi positiboak eta negatiboak, eta ea gomendatzen duen ala ez lana argitaratzea; argitaratzea gomendatzen badu, aipatu beharko du zer ataletan gomendatzen duen argitara dadila.
• Testua bistaratzea: testu-berrikusleek konpromisoa hartuko dute zehatz-mehatz adierazteko zein diren oinarrizko beste lan batzuen erreferentzia bibliografikoak, beharbada egileak ahaztu dituenak. Era berean, editoreei aditzera eman beharko diete ea eskuizkribuak antzik duen argitaratutako beste lan batzuekin, edo halako lanik duen ezkutuan.
• Interes-eta konfidentzialtasun-gatazkak: ebaluatzaileak izendatzean, ahaleginak egingo dira interes-gatazkarik egon ez dadin, bereziki egilearekin harreman pertsonal edo laneko zuzenak daudenean. Konfidentzialtzat jo beharko da binaka zuzentzeko prozesuan lortutako informazioa, eta ezingo da erabili asmo pertsonaletarako.
 
Erredakzio-Kontseilua eta Aholku-Kontseiluaren konpromisoak
Jarduteko printzipioak: RVAPeko Erredakzio Kontseiluak jardutean, inpartzialtasun-, zintzotasun-, konfidentzialtasun-, independentzia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatuko ditu. Horretarako, kontuan izango ditu alderdi hauek:
• Inpartzialtasuna: RVAPeko Erredakzio Kontseiluak bermatuko du berrikuslerik kualifikatuenak aukeratuko dituela lanaren iritzirik kritikoena eta adituena emateko. Erredakzio Kontseiluko kidek ez dute kanpo-ebaluatzaile modura jardungo, Aholku Batzordekoak ez badira.
• Argitaratzeko erabakia: ebaluazio-prozesua aurrera eraman eta Erredakzio Kontseiluak erabaki ostean, RVAPek ofizialki, eta hala badagokio arrazoituta, helaraziko die egileei zer erabaki duen argitaratzeari buruz: argitaratzea —zein ataletan argitaratu, kontuan hartu beharreko aldaketekin, halakorik balego—  edo ez argitaratzea. Ebaluazio- eta berrikuspen-prozesuan aldaketarik proposatzen bada, egileari emango zaio horren berri, argitaratu baino lehen alda dezan lana.
• Zintzotasuna: artikuluak argitaratzeko, Erredakzio Kontseiluak soilik hartuko du kontuan edukien merezimendu zientifikoa, bereizketarik egin gabe arraza, generoa, jatorri etnikoa, nazionalitatea edo iritzi ideologikoa dela eta.  Ikerketa-, adierazpen- eta sormen-askatasunaren erabateko errespetuaren barruan, RVAPek arretaz begiratuko du ea lanek formulazio mespretxuzkorik edo diskriminatzailerik duten pertsona edo taldeei buruz. Era berean, bere eremuan, genero-berdintasuna sustatuko du.
• Konfidentzialtasuna: Zuzendaritza eta Erredakzio Kontseiluak konpromisoa hartuko dute argitaratzeko bidaltzen diren artikuluei buruzko informazioa soilik bidaltzeko egile, berrikusle eta editoreei: ez beste inori. Horrela, anonimotasunak gordeko du prozesu guztiaren integritate intelektuala.
• Interes- eta zabalkunde-gatazka: Erredakzio Kontseiluko kideek konpromisoa hartuko dute beren ikerketetan ez erabiltzeko argitaratzeko bidaltzen dizkieten artikuluen edukirik, ez badute egilearen idatzizko baimena.
• Epeak errespetatzea: Aldizkariko Zuzendaritza arduratuko da epe-mugak bete daitezen onartutako lanen berrikuspen- eta argitaratze-lanetan, bermatzeko emaitzak azkar hedatzen direla. Behin argitaratzea erabaki eta gero, Zuzendaritzak bizkor-bizkor adieraziko die egileei ea lanak berrikusi behar diren ala ez, eta konpromisoa hartuko du behar diren denbora erabilgarriak betetzeko, kontuan hartuz Aldizkaria lau hilabeterik behin ematen dela argitara.
• Doakotasuna: RVAPen doan argitaratuko da; beraz, egileei ez zaie kobratuko, ez jatorrizko testuak igortzeagatik, ez prozesu editorialean parte hartzeagatik. Erredakzio Kontseiluko kideek –aldizkariaren Idazkaritzakoak barne– eta Aholku Batzordeko kideek ez dute inongo ordainsaririk jasoko beren jardueragatik. Argitalpenak finantzaketa publikorik jasotzen badu, lanaren hasieran adierazi beharko da, ohar batean.
• Sarbide irekia edukietara: RVAP arduratuko da lanak zerbitzari egokietan biltegiratzeaz, eta zainduko du beti iritsi ahal izan edukietara. Sarbidea irekia izango da, berehalakoa, eta testu osora.
• Argitalpenek ondare-eskubideak: IVAPek dauzka argitaratutako lanen ondare-eskubideak (copyright), eta aukera eta baimena ematen du lana berrerabiltzeko Creative Commons BY-NC-ND lizentziapean; beraz, kopiatu, erabili, hedatu, transmititu eta jendaurrean erakuts daiteke, baldin eta: 1) aipatzen bada nor den egilea eta zein argitalpenaren jatorrizko iturria; 2) ez bada erabiltzen helburu komertzialetarako; 3) ez bada sortzen lan eratorririk, eta 4) aipatzen bada zein lizentzia erabiltzen den eta zer zehaztapen dituen lizentzia horrek erabiltzeko.
• Plagioari eta beste irregulartasun batzuei aurre egiteko mekanismoak: plagiorik edo bestelako irregulartasunik susmatuz gero, Erredakzio Kontseiluak diligentziaz jokatuko du. Egon daitezkeen irregulartasunei aurre egiteko neurririk hartu aurretik –artikulu bat erretiratzea edo kentzea barne–, interesdunei entzunaldia emango zaie. Aldizkarian, ez da argitara emango eduki plagiaturik dituen lanik, eta, halakorik argitaratzen bada, ezabatu egingo da. Zuzendaritzak eta Erredakzio Kontseiluak erabakiko du noiz ezabatu plagiorik edota iruzurrezko bestelako praktikarik duten lanak.

Euskadi, auzolana