Jazarpen-protokoloa. Sexu- eta sexuan oinarritutako jazarpena.
Lan-ingurune seguru eta erosoa eduki behar dugu, pertsona guztion aniztasuna errespetatuko duena eta berdintasunezko harremanak bultzatuko dituena. Hortaz, sexu-jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpen kasu baten aurrean, zer egin dezakegu? Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hau eskaintzen digu.
Lan-eremuko jazarpena arazo larria da, ez bakarrik jazarpena jasaten duten pertsonentzat, baita erakunde osoarentzat ere. Ondorio larriak eragiten dizkie biktimei, bai osasun fisikoan bai psikologikoan (estresa, antsietatea…); eta kasu askotan, lan aukerak ere gal ditzakete. Ondorio larriagoak ere baditu.
Jazarpen-kasuak ez dira gertaera isolatuak, baizik eta egiturazko arazo bat, prebentzioa eta erantzun irmoa eskatzen duena. Horregatik, erakundeek jazarpenik eta diskriminaziorik gabeko ingurune seguruak sortzeko araudiak eta protokoloak behar dituzte.
Jazarpena hainbat modutan ager daiteke: laneko jazarpena, jazarpen morala edo psikologikoa, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena. Guztiek botere-harremanak dituzte oinarrian.
Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena lan-ingurunean ager daitezkeen indarkeria-motak dira, eta garrantzitsua da bereizten jakitea.
Sexuan oinarritutako jazarpena
Pertsona baten sexuaren arabera izandako portaera oro -edozein dela ere haren iraupena edo aldizkotasuna-, zeinaren asmoa edo ondorioa baita pertsonaren duintasunari erasotzea eta larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzea.
- Tratu kaltegarria ematea norbaiti haurdunaldiarengatik, amatasunarengatik, aitatasunarengatik edo senideen beste zaintza batzuk egiteagatik.
- Deskalifikazio publiko zein pribatuak egitea norbaiti buruz edo haren lanari, gaitasunei, konpetentzia teknikoei, trebetasunei edo abileziei buruz, haren sexual dela eta.
- Esamolde sexistak edo apalgarriak erabiltzea norbaiten gaitasunak, konpetentziak, trebetasunak edo abileziak gutxiesteko, haren sexua dela eta (adibidez «emakumea izan behar!», «zererako bakarrik balio duzu», eta abar).
- Ekarpenak, iradokizunak edo ekintzak kontuan ez hartzea, egilearen sexuaren arabera.
- Hierarkian gorago dauden emakumeen aginduei edo jarraibideei kasurik ez egitea, haien sexua dela eta.
- Norbaiten lana zapuztea edo lan egiteko behar dituen baliabideetarako irispidea apropos galaraztea (informazioa, dokumentazioa, ekipamendua...), haren sexua dela eta.
- Agindu laidogarriak ematea, pertsonen sexuan oinarrituta.
- Gaitasunen arabera dagozkionak baino ardura txikiagoak ematea norbaiti, haren sexua dela eta.
- Muturreko eta etengabeko zaintza egitea norbaiti, haren sexua dela eta.
- Jarrera etorkor edo paternalista hartzea norbaitekin, haren sexua dela eta.
- Tradizioz beste sexuari esleitzen zaizkion zereginak egiten dituzten pertsonak barregarri uztea.
- Pertsona bati dagozkion baimenak ukatzea, modu arbitrarioan eta haren sexua dela eta.
- Tratu kaltegarria ematea norbaiti, haurdunaldia, amatasuna/aitatasuna edo adingabeen harrera dela eta.
- Pertsonen sexua dela-eta lan-arloan egiten den edozein jokabide diskriminatzaile.
- Indar fisikoa erabiltzea sexu bat beste bati gailentzen zaiola erakusteko.
- Modu iraingarrian hitz egitea norbaiti, haren sexua edo sexu-orientazioa dela eta.
- Nahita, norbait ez tratatzea bera identifikatzen den generoaren arabera.
- Umore sexista erabiltzea.
Sexu-jazarpena
Izaera sexualeko portaera oro, hitzezkoa zein fisikoa -edozein dela ere haren iraupena edo aldizkotasuna-, zeinaren asmoa edo ondorioa baita pertsonaren duintasunari erasotzea, bereziki larderiazkoa, apalgarria edo iraingarria den ingurunea sortzen denean.
- Lanpostua lortzea, mantentzea edo haren baldintzei eustea sexu-mesedeak onartzearen mende jartzea, nahiz eta baldintza horren mehatxu esplizitua edo inplizitua benetan gauzatu ez (sexu-xantaia).
- Iradokizun edo eskaera sexualak onartzen ez dituenari errepresaliekin mehatxatzea.
- Sexu-jazarpena salatzen dutenei, halako kasuen ikerketetan lekuko, laguntzaile edo parte-hartzaile direnei eta jazarpeneko jokabideen aurka jartzen direnei –izan jokabidea norberaren aurkakoa edo hirugarrenen aurkakoa– errepresaliekin mehatxatzea.
- Sexu-harremanak izateko presioa egitea edo harta derrigortzea.
- Zita bat eskatzea edo gonbidapenak egitea, dagoeneko ezezkoa jaso denean.
- Beste pertsonak nahi ez duen kontaktu fisikoa egitea apropos, hala nola ukitzeak, igurtziak, besarkadak, zapladatxoak edo atximurrak.
- Gehiegi hurbiltzea, mugimendua oztopatzea, zokoratzea edo, apropos, norbaitekin bakarrik geratzen saiatzea, harekin kontaktu fisikoa izateko asmoz.
- Eduki iraingarria duten sexu-izaerako telefono-ideiak, gutunak, mezuak, argazkiak, bideoak edo bestelakoak bidaltzea.
- Iradokizun sexualak egitea edo zuzenean sexu-harremanak eskatzea, presiorik egin gabe.
- Norbaiten gorputza adi-adi edo lizunki begiratzea.
- Norbaiten itxura fisikoari, irudiari, sexu-orientazioari eta genero-identitateari edo -adierazpenari buruzko iruzkinak edo balorazioak egitea etengabe.
- Norbaiten bizitza sexualari buruzko edo konnotazio sexualeko galderak egitea edo zurrumurruak zabaltzea.
- Norberaren trebetasun edo gaitasun sexualei buruz hitz egitea.
- Pertsonak modu klandestinoan edo ezkutuan zelatatzea leku pribatuetan, hala nola komunetan edo aldageletan.
- Keinu, soinu edo mugimendu lizunak egitea.
- Izaera sexualeko txisteak kontatzea edo konplimenduak esatea.
- Zigor Kodean tipifikatuta dagoen edozein sexu-eraso egitea.
- Sexuaren ikuspuntutik apalgarriak, iradokitzaileak edo pornografikoak diren irudiak erabiltzea eta hedatzea lan-ingurunean.
AGINDUA , 2021eko uztailaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita zer prozeduraren arabera jardungo den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren organismo autonomoen eremuan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuak gertatzen direnean.
- Prebentzio Zerbitzuko teknikariak
psikosozialak@euskadi.eus
+34945018612
- IVAPeko Berdintasun teknikaria
berdintasuna@ivap.eus
+34945017695
Azken aldaketako data:

