Joan edukira

IVAPeko Liburutegia eta Dokumentazio-gunea. Arautegia

Informazio orokorra

IVAPeko Liburutegia/Dokumentazio-gunea ikerketa eta kontsultarako zentro espezializatua da eta informazioa kudeatzen eta hedatzen du, bereziki IVAPek eskumenekin zerikusia duten ondoko gaiei buruzkoa:

  • Herri-Administrazioa
  • Hirigintza eta Ingurumena
  • Giza Baliabideak
  • Hizkuntza-Normalizazioa eta Itzulpengintza

Bere helburua Erakundearen berezko jardueretan laguntza ematea da. Helburu horrekin osatzen du bere funtsa eta IVAPeko langileen beharrak asetzea lehenesten du, dena den, Eusko Jaurlaritzako langile guztiei zuzentzen dizkie bere zerbitzuak, baita administrazioaz kanpoko pertsona interesatu orori ere.

Liburutegi honek bi egoitza ditu: bata, Bilbon, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolan kokatzen da eta, bereziki, hirigintza eta ingurumen-gaietan espezializatuta dago; bestea, Gasteizen, Lakua barruan, eta gainerako gaiak lantzen ditu.

Liburutegia/Dokumentazio-gunea osatzen duten funtsak online katalogoan kontsultagarri daude.

Erabiltzaileak

IVAPeko Liburutegi/Dokumentazio-guneak bi erabiltzaile mota ditu:

  • IVAPeko eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileak
  • Kanpoko erabiltzaileak

Bilduma

IVAPeko Liburutegi/Dokumentazio-guneko bilduma bi egoitzetako material ezberdinek osatzen dute, formatu ezberdinetan: monografiak, aldizkako argitalpenak, erreferentzia-bilduma eta datu-baseak.

Bildumaren informazioa online katalogoan jasotzen da, IVAPeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko web-orrietan kontsulta daitekeena.

Zerbitzuak

Liburutegian bertan kontsultatzea

Irakurgelan IVAPeko Liburutegi/Dokumentazio-guneko material guztia kontsulta daiteke, bai Gasteizko egoitzakoa bai Bilbokoa. Erreferentzia-bilduma zuzenean kontsulta daiteke; gainerako materiala kontsultatzeko, berriz, aurretiaz langile arduradunari eskaera egin behar zaio.

Mailegua

IVAPeko Liburutegi/Dokumentazio-guneko egoitzek, haien premien arabera, ale bakoitzerako mailegu-mota zehazten dute.

Mailegu-politika ezberdinak daude, eta haien arabera zehazten da zein material, zenbat ale eta zenbat egunetarako mailegatzen den, erabiltzaile mota desberdinak, obren ezaugarriak eta bestelako gorabehera bereziak kontuan harturik.

Material horien ezaugarri bereziek erabilera mugatua izatea gomendatzen badute, baldintza bereziak izango dituzte kontsultarako.

IVAPeko Liburutegi/Dokumentazio-guneak liburutegien arteko mailegua ere egiten du. IVAPeko eta, orohar, Eusko Jaurlaritzako langileek beste erakunde batzuetako liburutegietako materialak eskura ditzakete.

Gure egoitzen artean ere mailegu-zerbitzua dago. Hortaz, erabiltzaileek bi egoitzetako bildumak dituzte eskura.

Erreserba

Erabiltzaileek materiala erreserbatzeko aukera dute. Horrek esan nahi du, katalogoko dokumenturen bat kontsultaren unean mailegu egoeran baldin badago, aukera dutela material hori bueltatzen denean norbere izenean gordetzea eskatzeko.

Mailegua berritzea

Erabiltzaileek dokumentuen mailegua berritzeko aukera ere badute. Mailegua berritzeak esan nahi du hartuta daukaten dokumentuaren mailegu-epea luzatzea, beti ere, beste inork ez badu material hori erreserbatu.

Erreprografia

Maileguan utzi ezin diren dokumentuen kasuan, erreprografia-zerbitzua dago, eskaneatuta edo fotokopiatuta eraman ahal izateko.

Informazioa eta erreferentzia

Erabiltzaileari behar duen laguntza eskainiko zaio, eskura dituen zerbitzuen berri emanez. Eskatutako errekurtsoak Liburutegi/Dokumentazio-gunean ez badaude, ahal den neurrian, beste liburutegi batean aurkitu eta eskuratzeko informazioa emango zaio.

Liburutegiak duen katalogoa erabiltzeko argibideak ere ematen dira, funtsak online bilatzea errazteko.

Informazio eta erreferentzia zerbitzu hau emateko, eskura dauden baliabide guztiak erabiltzen dira, Liburutegi/Dokumentazio-gunearenak edo beste liburutegienak.

Arautegi honetan jaso ez den kasu berezirik baldin badago edo ustekaberik gertatzen bada, Liburutegi/Dokumentazio-guneko arduradunek ebatziko dituzte.

Azken aldaketako data:

Euskadi, auzolana