Joan edukira

DUDANET: "Bait-, zenbait?" nola zatitu hitzak lerroaren amaieran?

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Hitz bat ezin badugu osorik idatzi lerro amaieran toki faltagatik, nola zatitu behar dugu? Zein irizpide aplikatu horrelakoetan?

Sarri izaten dugun zalantza horietako bat izanik, erantzun hau eman genion  Dudanet (leiho berri batean irekitzen da) zerbitzuaren bidez galdetu zigun erabiltzaileari..

Galdera

Zelan banatu behar dira baitzen, baitzara eta kidekoak lerro berean hitz osoa sartzen ez denean? Eta zenbaitentzat, zerbaitengatik eta kidekoak? Adibideetan dagoen bezala ala bai-tzen/zenbai-tentzat? Zein da silaba? Mila esker”.

Gu, Ligira, zeren aita, Joanes Peillen, hangoa bait-

zen, Dordorraga etxekoa eta, ama, Maddalen...

Bestalde, erraten ere zuen bi aldiz hiltzea dela literatura onik eman gabe desagertzea eta gramatikalari zenbait-

entzat tesi egiteko gai izatea.

 
Erantzuna

Bi irizpide nagusi daude, lerroz aldatzean, hitza ezinbestean zatitu eta, hortaz, marratxoa jarri behar denean: morfemak kontuan harturik edo silabaka bereiziz.

Euskaltzaindiak hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du. Ondorioz, aipatutako gomendioak kontuan hartuta, zure adibideko hitzak silabaka honela moztuko genituzke: bai-tzen / zen-bai-ten-tzat

EIMAren estilo-liburuko Ortotipografia liburua ere Euskaltzaindiarekin bat dator, baina ohar bat gaineratzen du:

“Lerro bukaeran, hitzak silabaka zatitu behar dira; baina silaba bakarreko zatirik utzi gabe inongo lerrotan. Hitzaren lehen zatiari marratxoa eransten zaio.

Oharrak:

Lerrokada bat orrialde bitan zatitu beharra egokitzen denean, gutxienez bi lerro beteko zatia utzi behar da orrialde bakoitzean. Horrez gainera, orrialdea hasteko ez da onartu behar hitz zatirik, neurri-izenen sinbolorik, laburdurarik eta gisakorik. Zutabeak salbuespen dira.”.

Hortaz, kontuan hartu bai-tzen bi silabako hitza denez, ez dela gomendatzen moztea, era horretan, gomendioen kontra silaba bakarra geratuko bailitzateke lerroetako bakoitzean.

Gu, Ligira, zeren aita, Joanes Peillen, hangoa

baitzen, Dordorraga etxekoa eta, ama, Maddalen…

Gu, Ligira, zeren aita, Joanes Peillen, hangoa baitzen,

Dordorraga etxekoa eta, ama, Maddalen…

Zenbaitentzat, aldiz, gomendioei kasu eginez gero, honela moztuko genuke silaba bat baino gehiago egon dadin lerroetako bakoitzean:

Bestalde, erraten ere zuen bi aldiz hiltzea dela literatura onik eman gabe desagertzea eta gramatikalari zenbai-

tentzat tesi egiteko gai izatea.

 

Informazio gehiago:

ZUBIMENDI, Joxe Ramon. Ortotipografia (leiho berri batean irekitzen da). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, (2004) 20 or. (PDF, 531 KB).

Euskaltzaindia, “Lerroz aldatzean marratxoak nola jarri (leiho berri batean irekitzen da), (13. araua). Bilbon, 1994ko azaroaren 25ean onartua.”

 

 
Mota horretako zalantzaren bat sortu zaizu esku artean duzun testuan? Bidali egiguzu Dudanet (leiho berri batean irekitzen da) zerbitzura, 24 orduko epean erantzungo dizugu.

Euskadi, auzolana