Joan edukira

Paragrafoetako lehenengo esaldiaren garrantzia

egilea: Administrazio Hizkera Atala, Urtarila 10, 2017

Paragrafoetako lehenengo esaldiek berebiziko garrantzia bereganatu dute sareko testuak irakurtzeko patroien eraginez. Hortaz, arreta berezia jarri beharko genuke baldin eta idazten dugunaren irakurgarritasuna hobetu nahi badugu.

 

Sareko irakurleak oso gutxitan hasten dira testuak hitzez hitz irakurtzen. Aitzitik, testua interesekoa zaien ala ez erabakitzeko, bestelako gakoak bilatzen dituzte. Testuak idazteko orduan paragrafoetako hasierak zaintzea teknika egokia da irakurleak testuak osorik irakurtzeko beharrizan horretatik libratzeko.

Irakurle gehienek eskertu egingo dute paragrafo bat irakurtzen hasi bezain laster zer aurkituko duten adieraztea. Lehenengo esaldiak paragrafoaren ideia nagusia (topic sentence, ingelesez) biltzen badu, bi aukera eskaintzen dizkiegu:

  • Paragrafo horretan aurkituko dutenaren laburpena. Hala, irakurketan sakondu nahi izanez gero, edukiaren marko orokor bat izango dute.
  • Hurrengo paragrafora joateko aukera, aurrekoa osorik irakurtzeko beharrizanik izan gabe ideia nagusia jasotzeko. Modu honetara, irakurleek testuaren ideia nagusia jaso dezakete paragrafo bakoitzeko lehenengo esaldia irakurriz soilik.


Irakurtzeko lehen esaldia, idazten azkena
Gehienetan, pentsatzen dugun moduan idazten ditugu paragrafoak: lehenengo, premisak adierazten ditugu, eta, gero, ondorioak. Geure pentsamendua garatzeko modu naturala da. Baina, egitura horren araberako testuak idatziz gero, arrazoitze-prozesu osoa irakurrarazten diogu jendeari ondorio nagusia erakusteko; sarritan, esaldi bat baino gehiago izan ohi dira, paragrafoko gai nagusia aurkeztu baino lehenago.

Beraz, gomendatzen dizugu paragrafoa amaitutzat jotzen duzunean –alegia, testuaren ikuspegi osoa daukazula–, esaldi nagusia identifikatzea eta hasieran itsastea.

Paradoxa dirudi, baina kontuan izanik esaldi nagusiak paragrafoaren eduki orokorra biltzen duela, ondorengo esaldiek haren inguruan hartuko dute zentzua: hasierako ideia finkatzen eta garatzen.

 Nire ordainketak tresnari esker, herritarrak ordainketa izapide bati Administrazioaren webgunean ekin diezaioke, eta hura amaitu bere finantza erakundearen webgunean. Prozesu horretan ez ditu inola ere galduko ordainketaren erreferentzia-datuak: igorlearen datuak, ordainagiriaren deskribapena, erakunde igorlea, erreferentzia, identifikazioa, zenbatekoa… Esan daiteke zerbitzu horrek aukera ematen diela herritarrei Administrazioarekin lotutako izapideen ordainketak linean burutzeko.


Nire ordainketak tresnak aukera ematen die herritarrei Administrazioarekin lotutako izapideen ordainketak linean burutzeko. Zerbitzu horri esker, herritarrak ordainketa izapide bati Administrazioaren webgunean ekin diezaioke, eta hura amaitu bere finantza erakundearen webgunean. Prozesu horretan ez ditu inola ere galduko ordainketaren erreferentzia-datuak: igorlearen datuak, ordainagiriaren deskribapena, erakunde igorlea, erreferentzia, identifikazioa, zenbatekoa…


Hala ere, ez da komeni zurrunegiak izatea (gu ere ez gara hala izan testu honetan), eta paragrafo guztien hasieran kokatzea esaldi nagusia. Izan ere, paragrafo batzuetan sarrera mezuak egokiak izan daitezke. Uste baduzu testuinguru-informazioaren beharrizana dagoela gai nagusia adierazten duen esaldia baino lehenago irakurleek paragrafoa hobeto uler dezaten, jar ezazu. Halakoetan, zaindu itzazu faktore hauek:

  • Sarrera-mezua ez dadila izan esaldi bat edo bi baino luzeagoa.
  • Azaldu zergatik merezi duen paragrafoa irakurtzen jarraitzea. Adierazi irakurri daitekeenaren irudi orokorra.
  • Lehenago adierazitako ideia bat aipatu nahi baduzu, lotura argiagoa izango da paragrafo hartako hitz berak erabiltzen badituzu.

Gure asmoa da azpimarratzea aipatutako eskemarekin irakurleek argi ikusiko dutela nola moldatzen den edukia paragrafoaren egitura orokorrera. Ondorioz, hobeto jaso eta gogoratuko dute mezua.

Idazketa-irizpide honen garrantzia nabarmena da web-orri bateko lehen paragrafoan. Aipatzen ari garen ideia aplikatuta, testuko lehen esaldiarekin bakarrik orri osoaren ikuspegi orokorra jasoko dute irakurleek. Post honetakoak ondo betetzen du funtzio hori?

Esaldi egokiak idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan.

Euskadi, auzolana