Administrazio hizkera argia

Administrazioa Euskaraz aldizkaria

egilea: Administrazio Hizkera Atala, 

Dagoeneko ikusgai daude IVAPeko webgunean Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 100. zenbakia eta Solasaldiak gehigarria.
Bertan, besteak beste, euskara, euskal kultura, teknologia berriak eta administrazioko hainbat kontu jorratzen ditugu. Ale honetan…

Nekane Balluerka Lasa (Ordizia, 1966) elkarrizketatu dugu, UPV/EHUko errektorea. Psikologia ikasketak egina da orain zuzentzen duen unibertsitatean, bertako doktore genuen 1993an, katedraduna 2009an, eta errektore iazko urtarrilaren 9az gero. 38 urteko ibilian, estreinakoz du errektore andrea Euskal Herriko Unibertsitateak, eta Balluerkaren esanetan, “Gizartean den botere harremanen egituraren isla dugu unibertsitatea. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean, ibili handia egin behar du oraindik. Hala ere, nire izendapena aurrerapauso bezala ikusten dut; hau da, pixkanaka bada ere, gauzak normaltzen ari diren seinale da”.

Osasunaren atalean, Obesitatea… zergatik? Nola egin aurre?” dugu hizpide. Nutrizionista eta EHUko irakasle diren Itziar Eseberri eta Idoia Larretxik idatzi dute gai horren inguruan. Obesitateaz ari garela, arazo larri baten aurrean gaudela esan dezakegu: Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) 2016. urtean eginiko estimazioek diotenez, 18 urte baino gehiagoko populazioaren %  39k gainpisua edo obesitatea du, eta 5 eta 19 urte bitarteko haur eta nerabeen kasuan, 340 milioi lagunek. Arazo honen iturria zein den eta nola aurre egin diezaiokegun azaldu digute bi adituek.

Erreportajearen atalean, berriz, gurekin urteetan aritu diren kolaboratzaileak omendu nahi izan ditugu. Besteak beste, Kaxildo Alkorta, Concetta Probanza, Nerea Pikabea eta Karmele Jaio. Horiei eta gainerako guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu urteetan hartutako konpromisoarengatik, haiek egiten baitute posible Administrazioa Euskaraz aldizkaria.

Solasaldiak gehigarrian Pello Zabala Arantzazuko fraide frantziskotarra elkarrizketatu dugu. Fraideak Euskadi Irratiko “Klasikoak gaur” programari esker hartu zuen ospea, milaka programa emititu baititu. Horrez gain, eguraldia iragartzen duelako ere ezagutzen dugu askok, eta bere esanetan eguneko parte handi bat betetzen dion lan neketsua da. Elkarrizketan arlo guzti horietan egindako ibilbidea azaldu digu.

Horiek eta beste asko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 100. zenbakian eta Solasaldiak gehigarrian.

 


 

 

 


 

 

 


 

Lege oharra © 2009 · Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Euskadi, auzolana