Nola idatzi behar dugu Interneterako?

Internetek orain arteko komunikazio motak eraldatu egin ditu

egilea: Administrazio Hizkeraren Atala, 

Internetek komunikazioaren paradigma hautsi eta komunikazio-eredu berria sortu du. Orain arte nagusi izan diren komunikazio motak –alegia, pertsona arteko komunikazioa eta masa-komunikazioa– eraldatu egin ditu. Ondorioz, espazio birtual berrian komunikazio mota guztien konbergentzia gertatzen da.
Komunikatzeko era aldatzearekin batera, irakurtzeko ohiturak ere aldatu dira. Pantailan ez dugu paperean bezala irakurtzen, ondorioz, Interneten jartzeko testu bat ezin da paperean irakurtzeko testu baten moduan atondu.

Pantailan honako hauek dira irakurketa ohiturak:

Irakurketa dinamikoa da

Irakurleak ez ditu web-orriak modu linealean irakurtzen, hark erabakitzen du zer eta zein hurrenkeratan irakurri.
Sareko testuak irakurtzen ohituta dagoenak berehala aurkitu nahi du bilatzen dabilena, hots, analisi azkar bat egin, eta behar duen informazioa berehala lortu nahi du. Web-orri batetik bestera mugitzen da, eta iturri askotatik datozen informazio-zatiak biltzen aritzen da.
Hori horrela izanik, pantailarako idazten dugunean, irakurketa ohitura horiek kontuan izanda egituratutako informazioa eskaini behar diogu irakurleari, eta informazio interesgarriena eskura jarri, bestela alde egingo du.

Ez da irakurtzen; eskaneatu egiten da

Irakurleak eskaneatu egiten du informazioa, eta albo batera uzten paperean ohikoa den irakurketa lineala. Informazioa arin batean jasotzeko lehentasuna ematen die zenbait elementuri:
        - Kokalekua: Irakurlearen begiek pantailan erdi-ezker-eskuin bidea egiten dute, eta ordena horretan begiztatzen du informazioa.
        - Diseinua: Efektu tipografikoen bidez nabarmendutako elementuetara joaten dira begiak: letra handia, letra lodia, koloreak, zerrendak eta abar. Aldiz, elementu keinukariak eta mugikorrak ez dira hain egokiak, sinesgarritasuna galtzen dute, eta ez dira irakurtzen.

Gainera, irakurleak esker onez hartuko du eskaneatzea errazten dion orri bat, zeinetan honako baliabideak erabili baitira: lotura argiak, izenburuak, laburpenak, esaldi motzak, paragrafo laburrak eta abar. Horiek guztiak elementu bisualak dira, eta informazioa bilatzen laguntzen dute, batez ere testu luzeetan.

Ondorioz, Interneten jarri nahi dugun informazioa mailakatu egingo dugu eman nahi diogun garrantziaren arabera, eta irakurleak egiten duen bideari jarraiki kokatuko dugu. Horrez gain, elementu tipografikoak erabiliko ditugu nabarmendu nahi dugun hori ikusgarriago egiteko.


Pantailan irakurtzea astuna da

Testu bat ordenagailuko monitorean motelago irakurtzen da inprimatutako testua baino. Beraz, esan daiteke euskarria bera (pantaila) dela desberdin irakurtzea eragiten duen faktoreetako bat.

Ohiturak aldatzen ari dira, eta gero eta ohituago gaude testuak pantailan irakurtzen; hala ere:
- Pantailen bereizmenaren eraginez, pantailan irakurtzea lan nekagarria da testuak luzeak direnean.
- Pantailak, formatuarengatik, beste modu batera ere baldintzatzen du irakurketa: irakurleek ez dute gustuko testu luzeak irakurtzeko pantailan gorantz eta beherantz mugitzea.
- Arreta oztopa dezaketen faktore teknikoak ere badira: denbora gutxi nabigatzeko, kalitate gutxiko konexioa, konexioaren kostua, deserosotasun fisikoa, mezu-gainkarga…

Beraz, saiatuko gara esan beharrekoa ahalik eta modu laburrenean eta argienean esaten, esate baterako, errepikapenak eta gehiegizko azalpenak saihesten.

Gure testuak idazten edo planifikatzen ditugunean, Internetek ekarri dizkigun aldaketak kontuan hartzen baditugu, arrakasta handiagoa izango dute gure testuek, eta irakurleak mezua jaso eta ulertzea lortuko dugu, hori baita testu orok bete beharreko gutxieneko baldintza.
Gai honen inguruan informazio gehiago nahi baduzu: KOMUNIKAZIO ELEKTRONIKOA. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko (PDF, 6MB), 2013