Gomendio pare bat sarerako esaldi egokiak osatzeko
egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Zein da pantailarako testuetarako esaldiak eratzeko modurik egokiena? Kontuan izanik esaldiko elementuak ordenatzeko malgutasun gramatikala, esan dezakegu zenbait aukera beste batzuk baino hobeto egokitzen direla web-testuak irakurtzeko modu estandarretara.
Irakurleek pazientzia gutxi dute nabigatzen dabiltzanean, pantailako testuak irakurtzeko moduei buruzko ikerketen arabera: azkar uzten dute orri bat, baldin eta ez badute segundo gutxitan aurkitzen ireki berri duten orrian jarraitzera animatzen dituen zerbait. Hori saihesteko, komenigarria da diseinu- eta idazketa-baliabide batzuk erabiltzea irakurleak gure testuak irakurtzera gonbidatzeko.
Testu elektronikoen idazketa-irizpide nagusienetakoa eduki esanguratsua aurreratzea da, testuaren dimentsio guztietan: lehen paragrafoan adierazi testuaren ideia nagusia, lehen esaldian kokatu paragrafo bakoitzeko ideia, etab.
Nola egokitu dezakegu informazioa antolatzeko eredu hori esaldien mailan? Neurri handi batean, hainbat faktoreren araberakoa izango da: esaldien luzera, elementu kopurua, duten funtzioa... Hala ere, bada irizpide pare bat zeinak beti funtzionatzen duen esaldiak egituratzeko, erabilgarritasuna hobetze aldera.
1. Perpaus nagusiarekin hasi
Komeni da perpaus nagusia menpekoen aurretik jartzea; hala, eduki nagusia lehengoratuko dugu.
Batez ere formatu ugarien, zabalkunde-politiken, teknologia jabeen eta informazio-bolumenaren ondorioz, beti izan da informazio geografikoa erabiltzeko zaila eta ekoizteko garestia.
Informazio geografikoa beti izan da erabiltzeko zaila eta ekoizteko garestia, batez ere, formatu ugarien, zabalkunde-politiken, teknologia jabeen eta informazio-bolumenaren ondorioz.
2. SAO, hurrenkerarik argiena
Elementu gramatikalak esaldian txertatzeko gramatika-malgutasuna dugu; ondorioz, esaldi bera modu askotara idatz dezakegu. Hala izanik, subjektua, aditza eta osagaiak hurrenkera izango da beti ulertzeko errazena.
Subjektu-objektu-aditza hurrenkerak ondo funtzionatzen duela esaldi laburretan, ez dago zalantzarik. Baina elementu askoko egiturak osatzeak suposatzen du aditza atzeratu egiten dela. Eta elementu esanguratsurik bada esaldian, aditza dugu hori. Hortaz, saiatu beharra dago ahalik eta aurreren jartzen aditza.
Hurrenkera argienak ezer baino lehen nori buruz ari den adierazten du, eta, ondoren, zer den, zer egin(go) duen edo egiten ari den... Ostean, ekintzaren xehetasunak azaltzen ditu.
Sailburuak lege-proiektuari legebiltzarrean egingo zaizkiola emendakinak iragarri du, eta aurrez ez dutela inorekin ezer adostu egiaztatu du.
Sailburuak iragarri du lege proiektuari legebiltzarrean egingo zaizkiola emendakinak, eta egiaztatu du aurrez ez dutela inorekin ezer adostu.
Aipatutako bi irizpideak oinarri bera dute: naturaltasuna. Azken finean, idazkera argiaz ari gara; alegia, ustezko formalitateak sortutako idazkera artifizialaren aurka..
Esaldi egokiak idazteko gomendio gehiago Komunikazio elektronikoa. IVAPen gomendioak web-orriak idazteko liburuan.