Siglak eta akronimoak: idazketa-arauak (eta 2)

egilea: Urtzi Barrenetxea Iparragirre, 

Aurreko post batean siglen hainbat ezaugarri garatu genituen: definizioa, erabilera-irizpideak, etab. Akronimoen berezitasunez ere jardun genuen. Oraingoan, siglak eta akronimoak idazteko moduari erreparatuko diogu, hau da, ortografiari.

 

Siglen ortografia

Arau orokor gisa, hauek dira siglak idazteko jarraibideak:

  • Letra larriz idazten dira oso-osorik (akronimoak izan ezik). Bestalde, siglen adierazpen garatuak maiuskulaz edo minuskulaz idazten dira, adierazpidearen arabera; hau da, kontuan hartuta izen propioak edo arruntak diren:

- EAE (Euskal Autonomia Erkidegoa)

- IFK (identifikazio fiskaleko kode)

  • Letren artean ez da tarterik ezta punturik idazten.

  • Deklinatzean, kontuan izan behar da ordezkatzen duten izenaren izaera. Izen bereziak laburtzen dituztenak leku-izen bereziak bezala deklinatzen dira (EITBren egoitza). Erreferentea plurala denean, kontuan izan sigla deklinatzen dela, eta ez adierazpena. Hortaz: AEBra (*AEBetara). Bestalde, izen arruntak ordezkatzen dituztenen kasuan, artikulua hartzen dute: BEZaren, CDetan

  • Deklinabide-atzizkia marratxorik gabe lotzen zaio siglari:. NBEren aurrekontua[1]: Arau honek hiru salbuespen ditu:

- Testu osoa letra larriz dagoenean: SESB-REN HISTORIA.

- Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera bada: AEK-ko irakasleak.

- Letra larri eta xehez osatutako sigletan azken letra xehea izanez gero: BPGd-aren (barne-produktu gordina).

  • Letra arruntez idazten dira, baita ordezkatzen duten izena etzanez idaztekoa denean ere; esaterako, argitalpenak:

- Aingeru Zabala. RIEV aldizkariko zuzendaria.

- Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik.

Berdin jokatzen da beste hizkuntzetako adierazpenen siglekin:

- CIAren operazio berezi bati buruzko filma duzu DVD horretakoa.

 

  • Ez dira inoiz zatitu behar lerro baten amaieran.* IV-/AP. Salbuespen gisa, lexikoan hitz arrunt gisa txertatuta dauden akronimoak zatitu daitezke: ra-/dar.

 

 

Letra larrien eta xeheen erabilera konbinatua sigla eta akronimoetan

Duela gutxira arte salbuespenezko erabilera bazen ere, gero eta ohikoagoak dira letra larriak eta xeheak konbinatzen dituzten siglak. Horietan, larriz idazten dira osagai nagusien hasierako letrak, eta minuskulaz, aldiz, osagai horien gainontzeko letrak edo bestelako osagaien hasierakoak.

Joera horren oinarria, neurri handi batean, estetikoa da, eta irizpide bikoitz bati eman dio bide. Alde batetik, logotipo eta antzekoen kasua genuke (non eskritura hori onartzen den: AEMeT (Agencia Estatal de Meteorología). Letra xehez ere bai: ehige (Euskal Herriko ikasleen gurasoen konfederazioa); bestetik, lexiko orokorra genuke, non, testuen barruan, maiuskularen araua aplikatzen baita, sigla edo akronimoaren araberakoa:

- AEMETen helburua Estatuaren eskumeneko meteorologia-zerbitzuak garatzea, ezartzea eta ematea da.

- Euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzaile izango den eskola publiko euskalduna defendatzen du EHIGEk.

[1] Siglaren azken letra r gogorra denean, Euskaltzaindiak letra ez errepikatzea gomendatzen du: UNHCRen arabera, milioi bat iheslari helduko dira aurten Europara. Kasu horietan, marratxoa ere erabil daiteke: (UNHCR-en arabera), baina ez da zuzena r letra errepikatzea: *UNHCRRen arabera, *UNHCRren arabera.

 

 Siglak. Infografia Siglen ortografiari buruzko infografia (PDF, 1 MB) (leiho berri batean irekitzen da)