Aditz-isiltzearen gorabeherak

#

egilea: Izaskun Zuntzunegi Legarreta, 

Perpausak elkartzean, aukerakoak dira maiz gertatzen diren aditz-isiltze edo elipsiak; gainera, isiltze horiek zenbait zalantza eragiten dizkigute:

  1. Bi esaldik subjektu bera badute, baina aditz erregimen ezberdinekoak badira, zeinekin komunztatu behar du subjektuak?
  2. Zein aditz laguntzaile isildu behar da, eta nola jokatu behar da aspektuarekin?
  3. Isiltzen dugun aditz laguntzailearen lekuan, noiz jarri behar dugu koma?

Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik eman gai honetaz; hala izanik, post honetan zalantza horiek argitzen saiatuko gara.

          ‘June azterketa egin eta etxera etorri da’ ala ‘Junek azterketa egin eta etxera etorri da’?

          ‘Irakaslea etorri eta berehala jarri gaitu lanean’ ala ‘Irakasleak etorri eta berehala jarri gaitu lanean’?

Ahozkoan intonazioarekin joka dezakegunez, aukera biak izan daitezke egoki. Idatzian, berriz, joera nagusia da subjektuak komunztatzea adizkia isildu gabe duen perpausaren aditzarekin:

          June, azterketa egin, eta etxera etorri da.
          Irakasleak
, etorri, eta berehala jarri gaitu lanean.

Aditza isiltzen dugun perpausaren kokalekuak esango digu koma behar duen ala ez. Hona hemen bi aukera:

  • Koma beharrezkoa da aditz laguntzailea lehenengo perpausean isiltzen denean, aurretiko aditz-isiltzeetan.

                 Lagunak aspertu, eta etxera joan dira.

                 Mikel ikaratu, eta oihuka hasi da.

          Hori gertatzen denean, partizipioaren forma hartzen du ia beti aditz nagusiak (aspertu, ikaratu…). Joera hau izan da nagusi mendebaldeko tradizioan.

  • Koma aukerakoa da aditz laguntzailea bigarren perpausean isiltzen dugunean, atzetiko aditz-isiltzeetan.

                 Aspertu dira(,) eta etxera joan.

                 Ikaratu zarete(,) eta oihuka hasi.

 
          Aspektuari dagokionez, ekialdeko tradizioan, joera nagusia aspektu-marka bi aditzetan errepikatzea da.

                 Badakit anitzek miretsiko duela eta edirenen arrotz eta estrainio(,) ni lan honi lotzea.

                 Zanpaturik dauden oro altxa bitez(,) eta etsituarekin junta.

          Mendebaldeko joera, berriz, aspektu-marka galtzea (partizipioaren forma hartzea) izan da:

                 Behar beste diru irabazten dut, nahi beste gastatu, eta gainerakoa gorde.


          Halakoetan, aspektua berdintzea gomendatzen da Hezkuntza Saileko EIMAren estilo-liburuaren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak liburukian:

                 Lasterketan izena emateko epea bihar hasiko da(,) eta uztailaren 30ean amaituko.

                 Hautaketa prozesu baterako deialdia egingo dute(,) eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuak beteko.

          Aditz laguntzailea isildutako perpausa esaldiaren barruan tartekaturik doanean, koma artean idatziko dugu:

                 Medikua, diagnostikoa egin, eta pazienteari argi azaltzen saiatuko da.

                 Medikuak, azterketa fisikoa egin eta proben emaitzak ikusi, eta diagnostikoa egingo du.

          Alabaina, ez du komarik behar aditza isildutako perpausa mendeko perpaus baten barruan doanean:

                 Medikuak azterketa fisikoa egin eta proben emaitzak ikusi ondoren, diagnostikoa egingo du.

 

 

Elkartutako perpausei aditz bera dagokienean, bigarrenean osorik isilduko dugu, komaz zein komarik gabe:

          Ikernek musika entzutea atsegin du(,) eta Mirenek jotzea.

          Batzuei kirola egitea komeni zaie; besteei(,) atseden hartzea.

 

Halakoetan, badago lokailu zein juntagailuak erabiltzeko aukera ere.

          Ikernek musika entzutea atsegin du(,) eta Mirenek, berriz, jotzea.

          Batzuei kirola egitea komeni zaie; besteei, ordea, atseden hartzea.

Lerroburu, atsotitz, esaera zahar eta antzeko esaldietan, aditza, dagoen aditz bakarra, isildu ohi da. Halakoetan, koma jarri ohi da elipsian:

          Bilboko tabernak, jendez gainezka.

          Sanferminetan, gutxieneko zerbitzuak.

          Ogi gogorrari, hagin zorrotz.

          Haizea nora, zapiak hara.