Azken urtean Euskaltzaindiak onartu eta moldatu dituen hitzak

#

egilea: Hostaitza Zubeldia Zumarraga, 

2016. urtetik aurrera, Euskaltzaindiak sei hilabetean behin berritzen du bere hiztegia. Urtarrilean eta ekainean argitaratzen ditu onartutako formak Euskararen Akademiak; horrez gain, beste hainbat forma ere berritzen ditu. Hortaz, artikulu honetan, Euskaltzaindiak azken hamabi hilabeteotan (2023ko ekainetik 2024 ekainera) egindako lanaren laburpena aurkeztuko dizuegu post honetan.

Moldatzen dituen formei dagokienez, hiru kategoria ezberdindu behar ditugu: sarrera, azpisarrera eta ohiko lexia. Nola ezberdindu, ordea, zer den bakoitza? Sarrera hitz bakoitzaren adiera eta gainerako informazioa jasotzen duen atala da. Azpisarrera, aldiz, sarrera horren barneko atala da, esapide edo hitz elkartu batek osatzen du eta azalpena behar izan ohi du. Azkenik, ohiko lexia dugu, eta hori figura berria da. Esanahi oso gardena du, beraz, ez du definizio-beharrik. Hala ere, hitz-elkarketak ongi erabiltzeko beharrezkoa da horiek ere sarean egotea, adibidez, saria banatu/eman/jaso... Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunaren hitzetan, ohiko lexiaren zerrenda luzatu nahi dute.

2023ko bigarren seihilekoan 843 forma berri gehitu zizkioten hiztegiari; horietatik 73 sarrera izan ziren, 389 azpisarrera eta 381 ohiko lexia. 2024ko lehen zatian, aldiz, hiztegiak 1.103 forma berri jaso ditu; hain zuzen ere, 386 sarrera, 434 azpisarrera eta 283 ohiko lexia. Beraz, guztira, urte betean 1.946 forma berri bildu ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak, eta egun, 50.535 forma jasotzen ditu.

Gauzak horrela, honako hitz berri hauek sartu dituzte hiztegian, besteak beste: tauromakia, alokatzaile, ofenditu, autoenplegu, azpikontratu, deportatu… Finean, Euskaltzaindiak garaietara egokitzea du helburu, eta horregatik sartu ditu hitz horiek. Adibidez, egungo sistema ekonomikoa aldatzen ari da, eta etengabe sortzen dira kontratu mota berriak; beraz, hori da autoenplegu eta azpikontratu hitzak sartzeko arrazoia.

Bestalde, corpusetik lortutako honako hitzak ere sartu ditu: greba egin, gaupasa egin, adimen artifizial, eskirol, desgobernu… Izan ere, Euskaltzaindiak erabilerari erreparatu nahi izan dio, eta hura arautu. Horretaz gain, azpimarratzekoa da azken sei hilabeteko berrikuntzetan Espainiako Erresumako eta Frantziako Errepublikako herritarrei eman beharreko izendapena zehaztu duela (Exonomastika Batzordeak berrikusitako arauetan oinarritu da). Adibidez: besançondar, bordeles, cadiztar, castelloar, lyondar, kaledoniaberritar…

Ohiko lexiari dagokionez, beste askoren artean, hauek jaso ditu: hauek dira jaso dituenak: bertsoa kantatu/moldatu, aztarnak aurkitu/topatu, errepasoa egin, manifestaziora deitu, kide egin/izan/bihurtu, aldapa piko, amodio itsu, txalo(-)zaparrada, komunztadura egin, zentzuz jokatu

Eta azpisarreretan hitz hauek, adibidez, moldatu dituzte: bultzada eman, arima deabruari saldu, gogora heldu, jakitun izan, arraio, kasketa, zurrunga, etab. Esan bezala, horiek azalpena behar dute, eta hori da Euskaltzaindiak berritu duena. Izan ere, Euskararen Akademiak azpimarratu du beharrezkoa dela, hitzak gehitzeaz gain, lehendik zegoena eguneratzea. Arestian esan bezala, Euskaltzaindia XXI. mendeko gizartera moldatzen ari da; hori dela eta, beharrezkoa da iraingarriak edo zaharkituak zeuden sarrerak moldatzea. Are gehiago, egun Euskaltzaindia Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) arautzen dabil, eta bertan argitaratutako arau berrien arabera ere moldatu ditu hiztegiko ekarpenak.

Azkenik, Euskaltzaindiak pasa den urtean lineako hiztegia (leiho berri batean irekitzen da) berritu zuen, eta orain funtzionalagoa da: bilatzaile berria garatzeaz gain, beste bilaketa-aukera batzuk ere eskaintzen ditu. Funtsean, askoz ere zehatzagoa da bilatzailea, beraz, errazagoa da hitzak bilatzea.  

 

Informazio gehiago:

2024ko urtarrileko eguneratzea  (leiho berri batean irekitzen da)

2024ko ekaineko eguneratzea (leiho berri batean irekitzen da)