Urtarrilean, "Administrazioa Euskaraz" aldizkariaren 127. zenbakian...
egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 127. zenbakia prestatzen ari gara. Urtarrilean hainbat gai interesgarri argitaratuko dira. Sarean irakur dezakezu; etxean jaso nahi baduzu, egizu harpidetza .
“Gozatzen segitzen dudan bitartean, lanean segituko dut”
Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, Literatura irakasle zen, eta, horrez gainera, haurrentzako irratsaio baten sorreran parte hartu zuen Donostiako Herri Irratian. Zoriak eraman zuen zinemara, Segoviako ihesa (1981) filmean interpretatzera eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Arte Dramatikoko Antzerti eskolara. Garaian erakutsi zizkigun bere dohainak Klara Badiola Zubillagak (Donostia, 1954), ordukoxea baita Albaniaren konkista, eta Badiolaren lan ederra. Ondotik etorri ziren Betiereko sua, Ehun metro, Karlistadaren kronika (1872–1876), Todo por la pasta eta, Badiolaren bidean mugarri, Behiak (1991). Iragan mendeko 90eko hamarkadan bata bestearen ondotik aktuatu zuen, gizendu zuen curriculuma. Offeko maitasuna, Urte ilunak, Todo está oscuro, Ione, igo zerura, Jaizkibel, Txokolate apur bat, Arriya, Nora... Alez ale, filmografia handia osatu du gure aktoreak, hala zineman nola telebistan, EITBn nahiz Espainiako telesaio zenbaitetan. Hortxe dira, batetik, Goenkale, Balbemendi, Bertan Zoro, Mugaldekoak eta Alardea, adibidez; eta bestetik, aldiz, Hospital Central eta El Comisario, esaterako.
Testua: Miel A. Elustondo
OSASUNA atalean, Alzheimer-en gaixotasunaren aurkako botika berriak. Osasun eta gizarte erronka
Herrialde aberatsenetan, Euskal Herria barne, geroz eta ugariagoak dira dementzia kasuak. Azken ikerketen arabera, honako hauek dira dementzia kasuen datuak adin tarte bakoitzean: 65-69, % 1; 70-74, % 3; 75-79, % 7 eta 80-84, % 12. Adinarekin lotzen bada ere, dementzia kasuen % 9 65 urtez azpikoetan gertatzen dela ikusi da. Adituek diote, biztanleria zahartu ahala, XXI. mendeko epidemia isila dela eta izango dela, eta arriskuan jarriko duela herrialde horietako osasun sistemaren eta gizarte-sistemen jasangarritasuna.
Alzheimer-en gaixotasuna da dementzia eragile nagusia, kasuen % 60-70 sortzen du. Bere garapen abiadura aldakorra bada ere, nahiko gaixotasun mantsoa da, urteetan okertuz joaten dena; eta okerragoa dena, ez dago bere garapena geldiarazteko modu ezagunik. Alzheimer-en gaixotasuna tratatzeko garatu diren medikamentuek nahiko emaitza kaxkarrak lortu dituzte, eta horri gehitu behar zaio azken 20 urteetan ez dela garatu gaitzari aurka egiteko botika berririk.
Egilea: Felix Zubia Olaskoaga. Zainketa Intentsiboen Zerbitzua. Donostialdeko ESIa.
Berba-lapiko: garapen metodologikoa testuinguru erdaldunetako ikasleen euskarazko ahozko hizkuntzan aurrera egiteko
Berba-lapiko ikasleen ahozko komunikazioan eragiteko eta hobekuntzak lortzeko ikerketa-proiektua da. Zehazki, testuinguru soziolinguistiko erdaldunetako Ikastetxeak dira arretagune nagusi eta, Lehen Hezkuntza osoan eragin nahi du ikasleen ahozko jardunean aurrerapenak lortzeko. Egitasmo hau Hezkuntza Sailak finantziatu du, eta Soziolinguistika Klusterra nahiz Huhezi garatzen ari dira elkarlanean. Olatz Bengoetxea Manterola Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea eta proiektuaren koordinatzailea da, eta Agurtzane Azpeitia Eizagirrek (Mondragon Unibertsitatea-Huhezi) zuzendaritza lanetan dihardu.
Egilea: Olatz Bengoetxea Manterola, Soziolinguistika Klusterra
Horiek eta beste hainbat gai urtarrileko Administrazioa Euskaraz aldizkariaren 127. zenbakian.