DUDANET: Ustea edo iritzia adierazten duten predikatuak

egilea: Administrazio Hizkera Atala,
Post honetan azalduko dugu ustea edo iritzia adierazten duten predikatuek nola jokatzen duten ezezko esaldietan, baiezkoetan eta galderetan.
Dudanet zerbitzuan erantzundako kontsulta honetan, zalantza horri erantzuten diogu.
Galdera
Beheko esaldian, egokia da nintzela, ala nintzenik behar du?
“Operatu ninduten medikuek ez zuten uste errekuperatuko nintzela”.
Erantzuna
Euskaltzaindiaren arabera, nintzenik da egokia zuk emandako adibidean.
Ustea edo iritzia adierazten duten predikatuek (uste izan, pentsatu, iritzi, iruditu, eman, gogoak eman...) honela jokatzen dute:
- Ezezkoetan -(e)nik erabiltzen dute. Ez dut uste etorriko denik.
- Galderetan, nahiz eta ezezka galdetu, -(e)la darabilte: Ez duzu uste polita dela?
- Baiezkoetan, -(e)la. Uste dut polita dela.
Horiek guztiak kontuan hartuta, zure adibidea ezezkoa denez, honela jarriko genuke:
“Operatu ninduten medikuek ez zuten uste errekuperatuko nintzenik”.
Informazio gehiago:
- Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuan: -(e)la/-(e)nik
Mota horretako zalantzaren bat sortu zaizu esku artean duzun testuan? Bidali egiguzu Dudanet zerbitzura, 24 orduko epean erantzungo dizugu.