Laburdurak
egilea: Ziortza Polin Lopez,
Zer da laburdura bat?
Hitz edo esamolde baten idazkera laburtua da laburdura, testua arindu edo espazioa aurreztu nahi dugunean erabiltzen dena. Laburdurak testu-idatzietan bakarrik aurkituko ditugu, irakurtzerakoan ordezkatzen duen hitza osorik irakurriko baitugu. Horrela, adib. idatzita ere irakurleak beti adibidez irakurriko du. Ordezkatzen duten hitz kopuruaren arabera, laburdurak izan daitezke bakunak (or. → orrialdea, zk.→ zenbakia) edo konposatuak (h.e. → hutsik ezean, Kd. Zib. → Kode Zibila).
Nola idatzi behar dira laburdurak?
✔ Laburdura-puntua
Laburdura guztiek laburdura-puntua daramate; hau da, laburduraren bukaeran dagoen puntua. Salbuespen bakarra versus hitza da, haren laburdura vs baita. Laburdura batzuekin barra etzana erabili izan da, baina erabilera hori ez da zuzena.
✅ Iparragirre k., 16 ❌ Iparragirre k/ 16
✔ Plurala
Laburdurek ez dute pluraleko formarik; izan ere, agertzen diren testuinguruagatik, normalean, absolutiboan eta singularrean erabiltzen dira. Baina badaude esanahi plurala daukaten laburdurak (art. ed.→ arte ederrak), eta testuinguruaren arabera singular edo plural izan daitezkeenak (or.→ orrialdea zein orrialdeak). Singularrean eta pluralean ager daitezkeen laburdurek ez dute plural-markarik eramaten.
✅ ikus 3. kap. ✅ ikus 3. eta 4. kap.
✔ Letra larriak eta xeheak
Laburdurek laburtzen duten hitzaren arabera hartzen dute letra larria edo xehea: hitza bera larriz hasten bada, laburdura ere larriz; hitza xehez hasita idazten bada, laburdura xehez. Horrela, izen arrunten laburdurak letra xehez idazten dira (or.→orrialde), salbu eta puntuazio-arauengatik letra larriz hasita idatzi behar badira; adibidez, paragrafo hasieran dagoelako edo puntu baten ondoren.
Aldiz, izen berezien laburdurak letra larriz hasita idazten dira; adibidez, D. Ibarruri → Dolores Ibarruri; T.B. → Testamentu Berria; Ipar. → Iparraldea, etab.
✔ Letra etzana
Laburtzen den adierazpena letra etzanez idazten bada, laburdura ere letra etzanez idatziko da. Adibidez, beste hizkuntza batzuetako laburdurak letra etzanez idazten dira.
✅ et al. → et alii ✅ id. → idem ✅ v. → vide
Nola idazten dira laburdurak bestelako ortografia markaren bat daramatenean?
Laburdura‑puntua eta esaldiak bereizteko puntua itxuraz berdinak badira ere, funtzio desberdina dute testuan. Laburdura‑puntua ez da puntuazio‑marka bat, baizik eta laburduraren parte den elementua. Horregatik, laburdura baten ondoren datorren hitza letra xehez idazten da normalean, salbu eta izen berezia bada edo esaldiaren hasierakoa.
✔ Laburdura puntua + esaldi amaierako puntua
Laburdura bat esaldiaren amaieran jartzen denean, laburduraren puntuak eta esaldi‑amaierako puntuak bat egiten dute. Horrelakoetan, puntu bakarra idazten da, eta ez bi, laburdurak baduelako jada bere puntua. Adibidez:
✅ Nik ekarriko ditut hamaiketakoa egiteko gauza guztiak: edalontziak, platerak, urdaiazpikoa, patata-tortila, etab.
✔ Laburdura puntua + eten-puntuak
Etenpuntuak laburdura baten ondoren erabiltzen direnean, laburduraren puntua eta etena adierazten duten hiru puntuak metatu egiten dira, eta, ondorioz, lau puntu idazten dira segidan.
✅ Guk ohiko laburdurak bakarrik erabiltzen ditugu: adib., or., kap….
✔ Laburdura puntua + koma, puntu eta koma eta bi puntuak
Laburdura‑puntuaren ondoren beste puntuazio‑marka batzuk ere erabil daitezke; hala nola, koma, puntu eta koma edo bi puntuak. Laburdura‑puntuak ez du hurrengo puntuazioa kentzen edo ordezkatzen: gehitu egiten zaio.
✅ Hainbat egile aipatzen dira testuan, adib.: Azkue eta Mitxelena.
✅ Izpta.: Lore Urkiaga
✅ Denak hasi ziren korrika: Markel, Ainhoa, Nerea, etab.; inork ez zuen autobusa galdu nahi.
✔ Laburdura puntua + parentesiak, marrak eta komatxoak
Laburdura bat badago parentesi, marra luze edo komatxo baten aurretik, eta horien ondoren esaldia amaitzen bada, bi puntuak idatzi behar dira: bata, laburdurarena; bestea, esaldiarena.
✅ Amaiaren urtebetetze festara etorri ziren lankide guztiak (Edurne, Aitor, Josu, etab.).
✅ Amaiaren urtebetetze festara etorri ziren lankide guztiak —Edurne, Aitor, Josu, etab. —.
✅ Hauxe esan zion: «Inprimatu euskarri guztiak: txostena, gida, irudiak, etab.».
Nola jarri kasu-markak laburduretan?
Oro har, laburdurei ez zaie kasu-markarik eransten, eta, horregatik, komeni da laburdurak egoera zehatzetan bakarrik erabiltzea (helbideetan, formularioetan, ohiko formulatan edo testu laburretan), eta ahalik eta gutxien testu arruntetan. Testu arrunt batean laburdurak kasu-marka behar badu, egokiena hitz osoa idaztea da, eta ez laburdura.
Hala ere, zenbait egoeratan laburdurei kasu-markak jartzea onargarria edo beharrezkoa izan daiteke: espazio gutxiko testuetan (taulak, formularioak), testu teknikoetan edo hitz bera askotan errepikatzen den testu berezietan (adibidez, entziklopediak). Kasu horietan hauek hartuko ditugu kontuan:
⚠️Ez da marratxorik jarri behar laburdura eta kasu marka lotzeko. Kasu-marka laburdura-puntuari lotuta idatziko dugu hutsunerik utzi gabe.
✅ zuz.ari ❌ zuz.-ari
⚠️Kasu-marka jartzeko laburtu gabeko hitza hartu behar da kontuan, ez laburduraren azken letra.
✅ 2026ko urt.ean (urtarrilean) ❌ 2026ko urt.an
✅ XV. m.an (mendean) ❌ XV. m.ean
⚠️Kasu-marka eranstean, mugatzailea ere idatzi behar da.
✅ ar.an (asteartean) ❌ ar.n
⚠️Kasu-markarik ez dagoenean, laburdurak absolutibo singularrean irakurtzen dira. Esaterako, urt. ikusi eta urtarrila irakurtzen da (eta ez urtarril).
Informazio gehiago:
Euskaltzaindiaren 196.araua: EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak



