Onomatopeiak: kontakizuna aberasteko eta bizitasuna emateko

Onomatopeiak: kontakizuna aberasteko eta bizitasuna emateko

egilea: Ander Gartzia Badiola, 

Nekez jar daiteke zalantzan onomatopeia batek daukan adierazkortasun maila. Esaten badigute norbait erori, eta, krak!, orkatila hautsi duela, kontakizunak bestelako indar bat hartzen du, mina sentitzerainokoa.

Onomatopeiek, komunikazioa aberasteaz gain, dinamismoa eta bizitasuna ematen diete testu narratiboei. Gainera, baliabide oso indartsua dira haurren komunikazio-trebetasunak estimulatzeko (hizkuntza garapena). Horregatik, asko erabiltzen dira umeen hizkuntzan, baina baita nagusien hizkuntzan ere: aitona-amonek abilezia berezia izan dute betidanik ahozko kontakizunetarako, sarri, onomatopeiak erabiltzen dituztelako ekintzak modu zehatzean bezain ederrean deskribatzeko.

Kantugintzan ere erabili izan dira sarri, daukaten soinuagatik. Adibide batzuk baino ez:

“Ezkilak jo egin dituzte
hamabiak eta hamar Oronozen
hileta horretara jende guti joan zen
tilin-talan, talan-tilin, lau egun omen dira eta bi lainoturik (…)”.

Tilin-talan (Olaia Intziarte)

“Ameriketara joan nintzan xentimorik gabe,
handik etorri nintzan, maitea, bost milioen jabe.
Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa,
haretxek ematen dit, maitea, bihotzean poza”.

Ameriketara joan nintzan (kantu herrikoia)

Dama polita zera, polita guztiz, ai!
Bainan halare zaude oraindik ezkongai.
Ezkon gaitezen biok! Esan zaidazu: bai!
-Ni zurekin ezkondu? Ni zurekin? Ja-jai!"

Behin batian Loiolan (Bilintx)

Dan-dan! Ate joka dan-dan!
Inpernuko atien noiz sartu itxeraten.
Dan-dan! Ate joka dan-dan!
Inpernuko atien zeure txandie itxeraten”.


Inpernuen ate joka (Gatibu)

 

Onomatopeiak objektu edo ekintza batetik datorren soinua irudikatzen duten hitzak dira, eta soinu hauek izaera ezberdinekoak izan daitezke:

  • Alde batetik, pertsonek eurek apropos edo nahi gabe sortutakoak: fiu (txistua), kar-kar (barrea), etab.
  • Animaliek sortzen dituztenak: txio-txio (txoriak), bee (ardiak), au-au (txakurrak), mu (behiak), etab.
  • Gauzek eta fenomeno naturalek sortzen dituztenak, edo bat-bateko edo indarkeriazko ekintzen ondorioz sortzen direnak: dinbi-danba (kolpe hotsa), firi-fara (haizea).

Lagunarteko hizkerarekin lotzen badira ere, hitz askoren sorburu dira. Euskarak ere baditu halako kasuak: danbatekoa, txio-txioa, marmarra

Bestalde, egia da, onomatopeien zerrenda oso luzea izan daitekeela, ia mugagabea, gehien erabiltzen diren onomatopeiez gain, mota askotarikoak sortu baitaitezke soinu ezberdinak nahastuta (jaja, jeje, jiji, jojo, juju, ban, bin, bon, bun…). Euskaltzaindiak, momentuz, ez du onomatopeien berariazko zerrendarik argitaratu. Nolanahi ere, hauek dira Euskaltzaindiaren Hiztegian aurki ditzakegun onomatopeiak, (onomat.) gisa adierazita. Egin klisk estekan zerrenda osoa deskargatzeko. (PDF, 930 KB) (leiho berri batean irekitzen da)