Siglak deklinatzeko jarraibideak

#

egilea: Ziortza Polin Lopez, 

Siglak ohikoak dira administrazio-testuetan. Erakundeen izenak, zergak, agiriak eta beste hainbat kontzeptu izendatzeko erabiltzen ditugu. Idazteko orduan, ordea, maiz zalantzak sortzen zaizkigu: IVAPek ala IVAP-ek?, PFEZaren ala PFEZen? edo DBHn ala DBHan?

Siglek hitzek bezala hartzen dituzte kasu-markak. Horregatik, kasu-marka siglari eransten zaio zuzenean, eta ez siglak adierazten duenari. Adibidez, EUDEL siglak Euskadiko Udalen Elkartea adierazten du. Hala ere, deklinatzeko orduan ez dugu oinarritzat izen osoa hartzen, sigla bera baizik:  ✅ EUDELek    ❌ EUDELk

 

Zer hartu behar da kontuan sigla deklinatzeko?

Sigla deklinatzeko honako hau hartu behar dugu aintzat: siglak izendapen arrunta edo berezia ordezkatzen duen, nola irakurtzen den eta ahoskeran nola amaitzen den.

Zer ordezkatzen du siglak?

Siglak izendapen berezi bat ala izendapen arrunt bat ordezkatzen duen jakin behar dugu.

Siglak izendapen berezi bat ordezkatzen badu, ez du mugatzailerik hartzen. Horrelakoak dira, adibidez, EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea) edo AEB (Ameriketako Estatu Batuak).

Siglak izendapen arrunt bat ordezkatzen badu, izen arruntak bezala deklinatzen da, eta mugatzailea har dezake. Adibidez, BEZa, NANa edo PFEZaren.

Nola irakurtzen da?

Sigla guztiak ez dira modu berean ahoskatzen. Batzuk letraz letra irakurtzen ditugu, eta, beste batzuk, berriz, silabaka.

Letraka irakurritako siglak bokalez amaitzen dira, ahoskatzerakoan letren izenak bokalez amaitu ohi direlako. Esate baterako, DBH letraka irakurtzen dugu: de-be-hatxe. Ahoskeran bokalez amaitzen denez, halaxe hartzen ditu kasu-markak.

Silabaka irakurtzen ditugun sigletan, azken silabari erreparatu behar diogu. Azken silaba bokalez amaitzen bada, bokalez amaitutako hitzen moduan deklinatzen dira (HABEk, HABEri…). Kontsonantez amaitzen bada, berriz, kontsonantez amaitutako hitzen moduan (IVAPek, IVAPi...). Gainera, kontsonantez amaitzen diren siglek e epentetikoa har dezakete, gainerako izenekin gertatzen den bezala.

 

-a letraz bukatzen diren siglak

Sigla bati kasu-markak eranstean, hitzekin erabiltzen diren juntura-arau berak aplikatzen dira, salbuespen batekin. A letraz amaitzen diren sigletan, a + e ez da e bihurtzen. Horregatik, siglaren idazkera gordetzen da, eta a + e elkarketa ae gisa idazten da:

✅ PDAen erabilera nabarmen murriztu da telefono adimendunak zabaldu zirenetik.

❌ PDen erabilera nabarmen murriztu da telefono adimendunak zabaldu zirenetik

Kontuan izan salbuespen hori a letraz amaitzen diren siglei bakarrik aplikatzen zaiela. Sigla J, K, X edo Z letraz amaitzen bada, azken letrak bokala izan arren (jota, ka, ixa, zeta), sigla ez da benetan a letraz amaitzen; letra horien izenak dira a letraz amaitzen direnak. Horregatik, sigla horiek gainerako siglen moduan jokatzen dute, eta artikulua nahiz kasu-markak normaltasunez hartzen dituzte.

✅ Erakundearen IFZa zenbakia eskatu zion.

 

Pluraleko adierazpen berezien siglak

Zenbait siglak pluralean dagoen izen bat ordezkatzen dute. Esaterako, AEB (Ameriketako Estatu Batuak) edo MGM (Mugarik Gabeko Medikuak).

Izen osoa plurala izan arren, siglak erakunde edo entitate bakarra izendatzen du. Horregatik, sigla bera singular gisa deklinatzen da.

Adibidez:

✅ AEBko ordezkariak...     ❌ AEBetako ordezkariak...

✅ MGMk aurkeztu du...     ❌ MGMek aurkeztu du...

 

Marratxoa noiz erabili

Arau orokor gisa, siglaren eta kasu-markaren artean ez da marratxorik jartzen. Izan ere, siglak letra larriz idazten dira eta gainerako hitzak, oro har, letra xehez; horregatik, erraz bereizten dira, eta ez da marratxorik behar. Bost letra edo gehiago dituzten sigla batzuk silabaka irakurtzen dira. Kasu horietan, lehen letra larriz eta gainerakoak xehez idatz daitezke. Hala ere, deklinatzean ez dute marratxorik behar, eta kasu-marka zuzenean eransten zaie.

Adibidez:

✅ Unicefen ekimena     ❌ Unicef-en ekimena

Hala ere, testu osoa letra larriz idatzita dagoenean, marratxoa erabil daiteke biak bereizteko. Adibidez, UZEI-REN GUNE BERRIA.

Praktikatu ikasitakoa! (leiho berri batean irekitzen da)

Artikulua osorik (PDF, 3 MB) (leiho berri batean irekitzen da). Informazio gehiago Euskaltzaindiaren 196.araua: EBO (I). Laburtzapenak: laburdurak eta siglak