Hizkuntza Argiaren Nazioarteko Eguna: ulertzeko eskubidea ospatzea
egilea: Ziortza Polin Lopez,
Gaur, Hizkuntza Argiaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu: pertsonek jasotzen duten informazioa ulertzeko duten eskubidea aldarrikatzen duen eguna. Efemeride hori Plain Language Association International (PLAIN) erakundeak bultzatu zuen, pertsonengan oinarritutako komunikazio argi eta eraginkorrak duen garrantziaz kontzientziatzeko.
Egun horrek hizkera argiaren aldeko urrats garrantzitsu bat dakarkigu gogora: Barack Obama AEBetako orduko presidenteak Plain Writing Act legea sinatu zuen 2010eko urriaren 13an. Lege horrek herritarrei zuzendutako komunikazioetan hizkera argia erabiltzea bultzatu zuen. Harrezkero, hizkuntza argiaren aldeko mugimenduak hazten jarraitu du, eta, gaur egun, informazioa eskuragarriago eta ulergarriago egiteko lanean ari diren profesionalak, elkarteak eta ekimenak ditu herrialde askotan.
Informazioz gainezka dagoen eta gero eta konplexuagoa den mundu honetan, argitasuna funtsezko tresna bihurtu da. Hizkuntza argian idatzitako testu batek ahalbidetzen du pertsonek behar duten informazioa aurkitzea, ulertzea eta erraz erabiltzea.
Hizkera argian idazteak honako onura hauek ditu:
- Erabiltzaileen esperientzia hobetzen du.
- Akatsak, zalantzak eta gaizki-ulertuak murrizten ditu.
- Denbora eta baliabideak aurrezten ditu.
- Konfiantza eta gardentasuna sortzen ditu.
- Inklusioa eta irisgarritasuna sustatzen ditu.
Argitasuna ez da itxura kontu bat, ezta aldi baterako joera bat ere. Gure mezuak jasotzen dituztenekiko begirunea erakusteko modua da. Dokumentu, mezu elektroniko, prozedura edo aurkezpen bakoitza aukera bat da informazioa erabilgarriagoa, hurbilagoa eta ulerterrazagoa egiteko.
Hizkuntza Argiaren Nazioarteko Eguna dela-eta, hizkuntza argiari buruz dakizuna probatzera gonbidatzen zaitugu. Gai izango zara 10etik 10 asmatzeko?



