Joan edukira

Itzultzaile juridiko-administratiboa

IVAPek itzultzaile automatiko neuronala egokitu du testu juridiko-administratiboak itzultzeko. Horretarako, IZOk urte askoan euskaraz-gaztelaniaz bildutako segmentu-pareak erabili dira, tresnari irakasteko. Itzultzaileen artean probaldia egin ondoren, iruditu zaigu onuragarri izan litekeela Administrazioko testugintzan laguntzeko, batez ere testu elebidunak sortu behar izaten direnean. Ez da inoiz ahaztu behar tresna hau lanean laguntzeko besterik ez dela, eta bere emaitzak beti berrikusi eta zuzendu behar dituela euskaraz eta gaztelaniaz hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. IVAPek ez du erantzukizunik izango tresna hau erabilita sortutako testu akastunek ekar litzaketen ondorio juridikoetan.

 Kontuan izan beti OHAR GARRANTZITSU hau:

  • Tresna hau lanean laguntzeko besterik ez da, eta bere emaitzak beti berrikusi eta zuzendu behar ditu euskaraz eta gaztelaniaz testuak sortzen eta itzultzen hizkuntza-gaitasun nahikoa duen pertsona batek. IVAPek ez du erantzukizunik izango tresna hau modu desegokian erabilita sortutako testu akastunek ekar litzaketen ondorio juridikoetan.

IZOn hainbat testurekin erabili dugu itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboa. Administrazioan erabilgarri dauden gainerako itzultzaile automatiko neuronalekin konparatuta (“itzuli” eta “batua”), esan behar da, antzeko oinarria izan arren, itzultzaile automatiko neuronal juridiko-administratiboarekin Administrazioan erabiltzen diren testuetan espezializazio handiagoa duela. IZOk probak egin ditu eguneroko laneko itzulgaiekin. Norabide bietan probatu ditugu itzultzaile automatikoak, hau da, eu>es eta es>eu. Emaitzak aztertu ondoren, kontuan hartzeko oinarrizko ohar hauek prestatu ditugu.

Kalitatea dela-eta, aitortu behar da, jauzi kualitatibo handia egin da lehendik zeuden garai bateko itzultzaile automatikoekin alderatuta. Baina, esan bezala, aintzakotzat hartu behar dira puntu hauek:

  • Itzultzaile automatikoa lagungarria da itzultzaileon lanerako. Baina arreta handiz erabiltzekoa.
  • Lehenengo irakurraldian liluratu egin gaitzake, baina sakon aztertu behar dira esaldi guztiak.
  • Batzuetan esaldiak guztiz gramatikalak eta logikoak dira, baina esanahia ez da jatorrizkoaren berdin-berdina.
  • Giza itzultzailearen eta erabiltzaileen osagarri eta lagungarri da, bai. Baina ez da oraingoz gizakiaren ordezko izango, emaitzen kalitatea bermatzeko orduan.

 

    • Lehen urratsa jatorrizko testua ondo egokitzea eta moldatzea izango da beti.
    • Jatorrizko testua traketsa denean, itzulpena ere traketsa da.
    • Kontuan izan puntuazioa (puntuak, komak…) egokia izatea ezinbestekoa dela, eta, bestela, aldatu egin liteke erabat itzulpena.
    • Makinak (ere) ulertzeko eta itzultzeko zailtasunak ditu jatorrizko testua egokia ez denean; itzultzaile batek denbora eta modua izan ditzake zalantzak argitzeko, baina makinak emaitza bat eman behar du unean bertan.
    • Jatorrizko testuan esaldi luzeegiak direnean, tresnak eskertzen du egitura argitzea eta sinpletzea, esaterako, bi esalditan bereiziz edo bi puntu erabiliz.
    • Zenbaitetan akatsak eta erratak (tekleatzean sortutako hitz ezezagunak) zuzentzeko gai da tresna hau. Baina, beste batzuetan, saiatu arren, ez dute lortzen.
    • Izen propioekin asko nahasten da tresna hau. Posible da ez idaztea, edo beste izen batekin ordeztea. Izen berezia izen arrunt batetik hartutakoa denean, makina nahastu egin liteke (Ibai izen berezia VS ibai, erreka).

  • Jatorrizko testu bera erabili arren, posible da behin era batera itzultzea, eta bigarren aldiz beste era batera itzultzea.
  • Batzuetan, itzuli gabe gera daitezke jatorrizko testuan dauden esaldi batzuk, edo hitz batzuk. Adibidez:

EHAA - ES bertsioa

IAN j.a.k itzulia

Orden TMA/424/2020, de 20 de mayo, por la que se modifican la Orden TMA/384/2020, de 3 de mayo, por la que se dictan instrucciones sobre la utilización de mascarillas en los distintos medios de transporte y se fijan requisitos para garantizar una movilidad segura de conformidad con el plan para la transición hacia una nueva normalidad; y la Orden TMA/419/2020, de 18 de mayo, por la que se actualizan las medidas en materia de ordenación general de la navegación marítima adoptadas durante el estado de alarma para la gestión de la crisis sanitaria ocasionada por el COVID-19 al proceso de desescalada.

TMA/424/2020 Agindua, maiatzaren 20koa, honako agindu hauek aldatzen dituena: TMA/384/2020 Agindua, maiatzaren 3koa, garraiobideetan maskarak erabiltzeko jarraibideak ematen dituena eta mugikortasun segurua bermatzeko baldintzak ezartzen dituena, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren arabera; eta TMA/419/2020 Agindua, maiatzaren 18koa, Alarma-egoeran hartutakoak COVID-19k

BUKATU GABE UTZI DU

 

  • Esaldiak luzeegiak direnean, arazoak izan ditzake zenbaitetan, esanahiaren interpretatzeko orduan. Hobe da jatorrizkoa argitzea.
  • Gaztelaniazko gerundio faltsuak edo erlatibo esplikatzaileak batzuetan ondo interpretatzen ditu, baina, beste batzuetan, esaldia oso konplikatua denean, galdu egin daiteke itzultzaile automatikoa.
  • Sintagma anbiguoak desanbiguatzean, batzuetan ondo dabil tresna, baina, beste batzuetan ez [Compartición de información y confidencialidad > Informazioa partekatzea eta konfidentzialtasuna]
  • Batzuetan, arazoak dituzte subjektua eta objektua bereizteko. Inoiz, objektua izan behar lukeenari ergatiboa jar diezaioke.
  • Galdegaia identifikatzeko arazoak ditu. Itzultzaile automatikoak esaldi neutroak egin ohi ditu; oro har ez du esaldiko elementu jakin batean ipintzen indarra.
  • Atzerakargarako joera du.
  • Batzuetan, harritzekoa da esaldi bat zein ondo itzuli duen, baina, adi ibili behar da, inoiz, kontrakoa egin dezakeelako.
  • Kasuren batean, jatorrizkoak esaten duenaren kontrakoa itzultzen du.
  • Gerta liteke letra larriak eta xeheak ez errespetatzea.
  • Baliteke inoiz itzultzaile automatikoak ez ondo ipintzea ehunekoaren ikurra (aurreko hitzari lotuta, eta zuriune arrunta ondoren) [Biztanleriaren% 80]
  • Batzuetan literalegi itzultzen du, euskaraz modu naturalagoan esan daitekeenean gauza bera.
  • Terminologiari dagokionez, aipatzekoa da oro har tresnak ez duela koherentzia zaintzen.
  • Termino bera ezberdin eman dezake elkarren segidako bi esalditan.
  • Azken erabakiak eguneratu gabe daude memorietan [diru-laguntza, sostenibilidad…]
  • Saihesteko modukoak diren errepikapenak egiten ditu [“eskatutakoa eskatu ondoren”, “sustapen-ekintzak sustatzea”].
  • Hitz edo aditz batek adiera bat baino gehiago duenean, ohikoa da okerreko sinonimoa erabiltzea.
  • Ortografiari buruz hartutako azken erabakiak ez dira gaur egun itzultzaile automatikoan eguneratzen, eta, beraz, eredu zaharragoak erabiltzen ditu. Adibide honetan, EHAAn argitaratutako testu literala ez errespetatzeaz gainera, ez du kontuan izan Euskaltzaindiaren azken araua: dirulaguntza.

EHAA - ES bertsioa

EHAA -EU bertsioa

IAN j.a.k itzulia

ORDEN de 4 de noviembre de 2019, del Consejero de Cultura y Política Lingüística, por la que se resuelven las solicitudes de subvención presentadas al amparo de la Orden de 5 de junio de 2019, del Consejero de Cultura y Política Lingüística, en la que se establecen las normas que regulan la concesión de subvenciones para la organización de competiciones deportivas de alto nivel.

AGINDUA, 2019ko azaroaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko ekainaren 5eko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Aipatu aginduak goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen ditu.

Agindua, 2019ko azaroaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baitira Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko ekainaren 5eko Aginduaren babesean aurkeztutako diru-laguntzak. Agindu horren bidez, goi-mailako kirol-lehiaketak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dira.

  • Testu juridiko-administratiboetan askotan aipatu behar dira argitaratuta dauden xedapenen izenburuak, eta, jakina denez, hitzez hitz errespetatu behar dira. Itzultzaile automatikoak itzuli egiten ditu, baina argitaratutako izenburuak erabat kontuan izan gabe.

EHAA - ES bertsioa

EHAA -EU bertsioa

IAN j.a.k itzulia

Real Decreto 481/2020, de 7 de abril, por el que se establece el Curso de especialización en fabricación inteligente y se fijan los aspectos básicos del currículo, y se modifican el Real Decreto 93/2019, de 1 de marzo, y el Real Decreto 94/2019, de 1 de marzo, por los que se establecen dos cursos de especialización y los aspectos básicos del currículo.

 

481/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, Fabrikazio Adimendunean Espezializatzeko Ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena eta martxoaren 1eko 93/2019 Errege Dekretua eta martxoaren 1eko 94/2019 Errege Dekretua aldatzen dituena, zeinez bi espezializazio-ikastaro ezartzen baitira eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen.

481/2020 Errege Dekretua, apirilaren 7koa, fabrikazio adimenduneko espezializazio-ikastaroa ezarri eta curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzen dituena, eta martxoaren 1eko 93/2019 Errege Dekretua eta martxoaren 1eko 94/2019 Errege Dekretua - Bi espezializazio-ikastaro eta curriculumaren oinarrizko alderdiak ezartzen dituena - Aldatzen dituena.

 

  • Kontuz ibili behar dugu hitzez hitzeko aipamenekin. Itzultzaile automatikoak itzuli egiten ditu, baina argitaratu ziren bezala ipini beharko genituzke lege eta antzekoen hitzez hitzeko aipamenak.
    • EHAA - ES bertsioa

      EHAA -EU bertsioa

      IAN j.a.k itzulia

      RESOLUCIÓN 9/2020, de 15 de enero, del Director de la Secretaría del Gobierno y de Relaciones con el Parlamento, por la que se dispone la publicación del convenio de colaboración suscrito entre Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer con la Diputación Foral de Bizkaia para el desarrollo y cofinanciación de la campaña interinstitucional «Beldur Barik» de prevención de la violencia contra las mujeres.

      9/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatu eta batera finantzatzeko.

      9/2020 ebazpena, urtarrilaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko "beldur Barik" erakunde arteko kanpaina garatzeko eta batera finantzatzeko.

    • Kontuz ibili behar da Eusko Jaurlaritzako Sail, zuzendaritza eta erakundeen izen ofizialekin. Itzultzaile automatikoak itzuli egin ditzake, baina EHAAn argitaratutako izen ofizialak kontuan izan gabe. Egoera hori areagotu egin daiteke Gobernu berria osatutakoan, memorian dauden erreferentziak aurreko Gobernukoak izanik, eguneratu gabe egon litezkeelako hasiera batean.
    • Oro har, esan liteke euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan kalitate handiagoa lortzen dela.
    • Izan ere, itzulpen-memorietan oinarritzen dira itzulpenak egiteko, eta memoria horietan, gaztelaniazko testua izaten da gehienetan jatorrizkoa.
    • Nabaritzen da gaztelaniak euskarak baino ibilbide luzeagoa duela testu administratiboetan, eta landuagoa dagoela.
    • Zuzenketak egin behar dira, baina euskarazkoetan baino gutxiago.
    • Batzuetan bai aldatu behar izaten da esaldiaren ordena, baina salbuespenetan.
    • Kontuz ibili behar dugu hizkera ez-sexistarekin. Batzuetan maskulinoz izendatzen dituzte pertsona guztiak, baina ez beti, memorietan dagoenaren arabera [interesado, persona interesada…].
    • Salbuespena izango lirateke hizkuntza-politika, euskara-planak, soziolinguistika eta antzeko gaiak lantzen dituzten testuak. Ez ditu hain ondo itzultzen. Arrazoiak:
      • Oro har, euskaraz idatzi izan dira gai horretako jatorrizko testuak.
      • Batzuetan, testuok ez dituzte idatzi testugintzan esperientzia daukaten pertsonek (akatsak egon litezke, testu ez oso landua…).
      • Horrelako testuak gaztelaniara itzuli ditugunean, emaitza ez da beti erabatekoa izan.
      • Hizkuntza-politikako terminologia oso landuta dago euskaraz, baina gaztelaniaz beti zalantza gehiago izaten da [euskaldunberri, Euskararen Normalizaziorako Plana…].

    Azken aldaketako data:

    Euskadi, auzolana